Gutxienez 53 pertsona hil dira Monterrey hirian (Mexiko) Royal Kasino barruan, ustezko sikario batzuek granadekin egindako erasoan.
Nuevo Leon estatuko gobernadore Rodrigo Medinak esan du hildakoen kopurua hazi egin daitekeela gertakaria jazo den lekuan beste 15 edo 20 gorpu inguru daudelako; salbamendu lanetan jarraitzen dute.
Erasoaren inguruko hainbat bertsio daude. Hainbat lekukoren arabera, sikario batzuk granadak eta tiroak bota zituzten. Nuevo Leon estatuko gobernadoreak esan duenez, ordea, erasotzaileak gasolina izan litekeen "likido sukoi bat" bota zuten kasinoan.
Erasoa 15:50etan gertatu zen (Euskal Herrian 20:50 zirenean) eta droga trafikoaren kontrola lortzeko gerran antolatuta dauden talde kriminalek egina dela uste dute.
Nuevo Leon estatuan Babes Zibileko zuzendari den Jorge Camacho Rinconek, azaldu duenaren arabera, erasotzaileek tiroak bota dituztenean jendea komunetara joan da babesa hartzera Sikarioek, ordea, su eman diote kasinoari eta pertsona asko intoxikatuta hil dira.
Suhiltzaile eta sorosleek makina hondeatzaile batekin hormak hautsi behar izan dituzte harrapatuta zeuden pertsonak salbatzeko eta gorpuak ateratzeko.
24 ordu lehenago granadekin egindako beste eraso bat izan zen beste kasino batean, Coahuila estatuko Saltillo hirian.