Utopia amiltzeko lurreratzea

Ameriketako Estatu Batuek Grenada indarrez hartu zuten, Karibe itsasoan, duela mende laurden, gaurko egunez; hango egoera ezegonkorra baliatu zuten, eredu sozialista eraginkorra hautsi eta euren apetako agintea ezartzeko.

2008ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Grenadako militarren oldarraldia amestutako egokiera suertatu zen AEB Ameriketako Estatu Batuentzat 1983. urteko udazkenean, gaurko egunez duela mende laurden. Aspaldi zeukaten begiz jota Karibe itsasoko eredu sozialista jausarazteko egitasmoa, eta muturreko marxista eta leninistek sustatutako militarren estatu kolpeak aitzakia ezin hobea eman zien uhartea menderatu eta sozialismoaren zabalkundea zapuzteko. Gerra Hotzaren azken txanpan, Kuba eta Sobietar Batasuna uhartean AEBak mehatxatzeko moduko gune militar bat eraikitzen ari zirela argudiatu zuten. Areago, Grenadan une hartan zeuden 800 ikasle estatubatuarren bizitza bermatzea zio hunkigarria izan zen iritzi publikoarentzat. Beiruten (Libano) urriaren 25aren bezperako egunetan atentatuan AEBetako 242 soldadu hil izanak osagai denak atondu zituen erasoa egiteko.

Premiazko amorru bizia izena eman zion armadak nazioarteko legedia urratzen zuen esku-hartze militarrari, eta hain zuzen ere, denbora gutxi behar izan zuten soldaduek lau urtean herrialdearen garapena ahalbidetu zuen sistema sozialista amiltzeko. Inbasioa 1.200 soldaduk egin zuten -Karibe itsasoko hainbat herrialdek lagundu zuten-, baina uhartean zehar hedatu ziren borrokak apaltzeko 7.000 soldadu erabili zituzten hurrengo egunetan, orotara. Grenadaren zati handiena aise erori zen atzerritarren esku, eta bertakoen defentsa sutsuak bakarrik atzeratu zuen abendua bitartean AEBen behin betiko garaipena. Ordutik aurrera Washingtonen aldeko gobernuak hartu zuen botere makila. Hala, lau urteko bizikidetza eraginkorra eredu kapitalistaren atzaparretan aldatu zen berehala.

Ronald Reagan orduko AEBetako presidenteak Kongresuaren oniritziaz hartu zuen inbasioaren erabakia, eta Vietnamgo gerraren osteko lurreratzerik handienak aktore ohiaren irudia hobetu zuen AEBetako herritarren begietara. Washington Post kazetaren arabera, ezkerreko gobernuapolitikoki eta ekonomikoki ito nahian aritu zen CIA aurretik ere. Lurreratzea ere prestatu zuten 1981eko abuztuan. Dena den, bi urte geroago iraultzaren barne zatiketa odoltsuak eman zion Etxe Zuriari premiazko heldulekuaasmoa egia bihurtzeko.

Muturreko ezkertiarren estatu kolpea Kubak sostengatu zuela esan zuen Reaganek inbasioa zilegitzeko, baina Fidel Castrok ekintza gaitzetsi egin zuen berehala, eta uhartean ziren Kubako ehun bat soldaduei herrialdeko barne auzietan ez nahasteko agindu zien. Eurei eraso egiten ez bazieten AEBen lurreratzeari ez erantzuteko eskatu zien. Borroken ondorioz, Etxe Zuriak hemeretzi soldaduren heriotza onartu zuen, Grenadako 49 herritar hil zituzten gutxienez-tartean ospitale psikiatriko batean zeuden hamazazpi gaixo eta langile bat bonbardaketa batean-, eta baita Kubako 29 soldadu ere. Iraultzaileak gatibu hartu zituzten soldaduek, eta AEBetako medikuntzako 800 ikasleak sorterrira itzultzea irudi kitzigarria izan zen gizartea limurtzeko.

Nazioartearen gaitzespena

Behinolako Grenadaren aginte kolonialak, hau da, Erresuma Batuak-1974. urtean lortu zuen independentzia uharteak- salatu egin zuen inbasioa, eta era berean Txinak eta Kanadak, besteren artean. Nazio Batuen Erakundeko gehien-gehienek gaitzetsi zuten inbasioa, nazioarteko legedia urratu zela eta, eta Segurtasun Kontseiluaren gaitzespen ebazpena AEBen beto eskubideak ekidin zuen. Mende batez britainiar inperioari lotutakoa izaki, Commonwealth izeneko erakundearen kidea da Grenada, eta Margaret Thatcher Downing Streeteko agintari kontserbadoreak gutuna helarazi zion Reagani haren erabakia deitoratzeko: «Aberri independente batean Mendebaldeko estatu batek egin duen esku-sartzea izan da inbasioa, erregimena erakargarriena ez izanda ere».

Maurice Bishopen agintaldia

Barne zatiketak lehenik, eta batik bat AEBen inbasioak, Maurice Bishop lehen ministroak gidatutako lau urteko aro baikorra ezereztu zuen. Jewel Mugimendu Berriaren matxinadak eraman zuen boterera 1979an, Eric Gairy lehen ministroa kanpoan zela baliatuta. Hala, independentzia eskuratu eta bost urtera, Afrikako esklaboen ondorengoen gizartea sozialismorantz alderatu zen. Gairyren aginte iluna baztertu, eta Karibeko herrialde gehienek 1980ko hamarkadaren aitzinean jasan zuten atzeraldia irauli zuen Bishopek uhartean. Lau urtean %9ko hazkundea izan zuen, eta langabezia %49tik %14ra jaitsi zen. Doako osasun zerbitzua eta bigarren hezkuntza sistema ezarri zituen. Iraultza irekia zen, nazioartean Sobietar Batasunaren eta Kubaren joerakoa, baina ingeles mintzairako ezkerreko ideien ildokoa. Zerumuga zabaleko aldartearen lekuko da Europarekin, Kanadarekin, Mexikorekin eta Venezuelarekin ere harreman oparoa indartu zuela Gobernuak.

Gizartearen ongizatea sustatzeko turismoaren etekinak areagotzen saiatu zen Bishopen kabinetea. Hala, uharteko aireportu zaharkituaren ordez gune turistikoaren inguruan berria eraikitzen hasi ziren. Nahiz eta langile gehienak Kubakoak izan, Erresuma Batuko, Kanadako, Finlandiako eta Grenadako herritarrak ere ari ziren lanean egitasmoan. Washingtonen hitzetan, ordea, Sobietar Batasunarentzat eta Kubarentzat gune militarra bihurtuko zen bere lurraldetik gertu. Inbasioaren ostean, eurek lagundu zuten aireportu arriskutsua bukatzen.

Historian sarri gertatu denez, iraultza mikaztu egin zen azkenerako. Bernard Coard lehen ministrordeak zuzendutako matxinadak Bishop eta Gobernuko beste hainbat kide hil zituen, jendetzak lehen ministroa babestu arren. AEBetan inbasioaren aurkako ahotsa gerora azaleratu zen medikuntza ikasleak arriskuan jarri zituena inbasioa zela argitu zenean. Gezurrezko irudi kitzigarriak, ordea, uzta emana zuen, alboko herriak ere sozialismoaren bidetik urrutiratu baitzituen erasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.