Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Segurtasun Kontseiluak giza laguntzaren korridorea "lehenbailehen" zabaltzeko eskatu eta ordu gutxira itxi du Uzbekistanek Kirgizistanekin duen muga, "iheslariak hartzeko leku gehiagorik ez" dutela eta, Abdula Aripov Uzbekistango lehen ministroordeak azaldutakoaren arabera. 75.000 lagunek egin dute ihes Kirgizistandik, NBEk gaur esan duenez. Beste 200.000 lagunek etxea utzi behar izan dute Kirgizistanden.
Uzbekistanek nazioarteko erakundeei laguntza eskatu die iheslariak hartzeko, asko eta asko zaurituak iristen baitira. Errefuxiatu gehienak zaharrak, emakumeak eta haurrak dira. Kirgizistanen bertan ere batetik bestera dabilen jende asko dago. Euren etxeetatik atera behar izan dute 200.000 pertsona inguruk, NBEk emandako datuen arabera.
Gauzak horrela, borroketan dagoeneko 171 dira joan den ostegunetik hildakoak, eta 1.700 baino zauritu gehiago. Etnien arteko liskarrak direla esan zuten hasieran, baina ez dago argi zerk eragin duen egoera hori. Bakiev presidente ohiaren jarraitzaileei leporatzen diete hainbat adituk liskarrak piztu izana. Duela bi hilabete bota zuten gobernutik Bakiev, eta hegoaldean du babes handiena, uzbeko gehienak pilatzen diren eremuan.
mundua
Uzbekistanek muga itxi die Kirgizistandik doazen errefuxiatuei
75.000 lagunek ihes egin dute, baina "haiek hartzeko leku gehiagorik ez" dutela-eta itxi dute muga. Joan den ostegunetik 171 dira borroketan hildakoak, eta 1.700 baino zauritu gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu