Pedro Sanchezen inbestidurarako eguna finkatu du Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidenteak. Uztailaren 22an hasiko da eztabaida, eta hurrengo egunean amaituko da, bozketarekin. Sanchezek gehiengo osoaren babesa beharko du bozketa horretan presidente hautatua izateko. Lortu ezean, hilaren 25ean egingo da bigarren bozketa, eta orduan nahikoa izango du gehiengo soila —aldeko boto gehiago aurkakoak baino—, Espainiako presidente kargua berritzeko.
Espainiako jarduneko presidenteak ez du ziurtatu presidente izendatzeko behar duen babesa, eta uztailaren 22ra arte izango du negoziazioetarako tartea. Bigarren bozketan ere aldeko nahikoa boto jasoko ez balitu, bi hilabeteko epea izango luke babes nahikoa lortzeko. Bestela, Gorteak desegingo lirateke, eta berriro hauteskundeetara deituko litzateke. Kasu horretan, azaroaren 10ean egingo lirateke bozak.
Sanchez Bruselan da gaur, Europako Batasunaren goi bileran, batasuneko erakundeetarako agintariak adosteko negoziazioetan. Bruselatik adierazi du Espainiak "lehenbailehen" behar duela gobernu bat, "berdintasunerantz, trantsizio ekologiko bidezko baterantz, digitalizaziorantz eta proiektu europarraren indartzerantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko".
Uztailaren 22an presidente hautatua izateko babesa ziurtatu ez badu ere, Sanchezek adierazia du egun horretan inbestidurara aurkeztuko dela, aldeko boto nahikoa bermatuta izan ala ez. Hala, "arduraz" jokatzera deitu ditu oposizioko alderdiak, PSOEri gobernua eratzeko aukera eragotz ez diezaioten. Sanchezek PPri eta Ciudadanosi eskatu die abstentzioarekin bide emateko bere inbestidurari, baino bi alderdiek ezetz erantzun diote.
Unidas Podemosi, berriz, akordio bat lortzeko jarrera ager dezala galdegin dio PSOEk. Hain justu, negoziazioak azkartzeko eskatu dio ezkerreko koalizioak alderdi sozialistari, gobernu itun bat lortze aldera. Pablo Iglesias buru duen indarrak behin eta berriz adierazi dio Sanchezi koalizio gobernu bat osatu nahi duela harekin, baina PSOE ez da prest agertu eskari hori onartzeko. Koalizio gobernuaren ordez, eskaini dio Unidas Podemoseko hainbat kide administrazioaren tarteko postuetan txertatzea. Proposamena ez da nahikoa Unidas Podemosen iritziz, eta aurreratu du Sanchezen aurka bozkatuko duela lehen inbestidura saioan ordurako akordiorik ez bada.
Iglesiasen esanetan, irailean egingarriagoa izan daiteke koalizio gobernurako ituna, inbestidurarako lehen ahaleginak porrot egin ostean. Sanchezek ez ditu negoziazioak ordura arte luzatu nahi, baina. Unidas Podemosi ohartarazi dio inbestidura uztailean izango dela, edo hauteskundeak egin beharko direla berriro.