Azken bi mendeetan 11 aita santu eseri dira Done Petriren aulkian. Vatikanoko buruzagi eta Eliza katolikoaren irudi izan dira guztiak, baina batzuek besteek baino denbora gehiago eman dute karguan; badira progresistatzat jo izan direnak, eta Elizako alderdirik kontserbadoreena defendatu dutenak; mundu osoan maitatuak izan direnak, eta kritika ugari jaso dituztenak:
1
Leon XIII.a (1878-1903)
21 urtez izan zen aita santua; hain justu, langile mugimenduaren gorakadaren testuinguruan. Mugimendu horren alde egin zuen lan, eta «langile klasearen aita santua» ezizenez da ezaguna. Eliza katolikoaren zabalkundea bultzatu zuen Ameriketako Estatu Batuetan.
2
Pio X.a (1903-1914)
Eukaristiaren balioa lehenetsi zuen Pio X.ak, eta zorrotz agindu zuen Done Petri aulkian eserita egon zen 11 urteetan. XX. mendearen hasieran gora egin zuen laikotasunak, eta horren aurka egiten ahalegindu zen.
3
Benedikto XV.a (1914-1922)
Lehen Mundu Gerra hasia zela hautatu zuten Benedikto XV.a, eta hark Vatikanoaren «neutraltasuna» nabarmendu zuen gatazkak iraun zuen artean. Halere, lortu zuen Egoitza Santuak Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin harreman diplomatikoak berriro ezartzea; XVII. mendean hautsi zituzten.
4
Pio XI.a (1922-1939)
«Akordioen aita santua» ezizenez ezaguna, Pio XI.ak 23 hitzarmen sinatu zituen bere agintaldian, besteak beste Adolf Hitlerrekin eta Benito Mussolinirekin. Antikomunista sutsua zen.
5
Pio XII.a (1939-1958)
Iritzi kontrajarriak daude Pio XII.aren inguruan: batzuen arabera, holokaustoaren «aliatu» izan zen, eta Bigarren Mundu Gerrako zenbait krimen estali zituen; beste batzuek diotenez, ordea, judu askori laguntzen ahalegindu zen. Francisco Francoren erregimena aitortu zuen, eta, aita santuaren jarrera antikomunista tarteko, estutu egin zen AEBen eta Vatikanoaren arteko harremana.
6
Joan XXIII.a (1958-1963)
Aurreko mendeko aita santu maitatuenetako bat izan zen. Bitartekari gisa aritu zen Sobietar Batasunaren eta AEBen artean, eta Eliza katolikoaren neurri eta doktrina zorrotzenen inguruko erreformak abiarazi zituen. «Aita santu zintzoa» ezizenez da ezaguna.
7
Paulo VI.a (1963-1978)
Juan XXIII.ak hasitako bideari ekin zion, eta segida eman zien haren asmo erreformatzaileei; halere, abortuaren eta jaiotzaren inguruan zuen jarrera kontserbadoreak kritika ugari eragin zituen Mendebaldean. Gerora aita santu izan ziren hiru elizgizon izendatu zituen kardinal.
8
Joan Paulo I.a (1978)
Hilabete eskas egon zen aita santu karguan; dokumentu ofizialen arabera, bihotzeko baten ondorioz hil zen izendapena jaso eta 33 egunetara. Hil baino lehen, ordea, Eliza katolikoa erreformatzeko asmoa adierazi zuen.
9
Joan Paulo II.a (1978-2005)
Historiako hirugarren agintaldi luzeena izan zuen: 27 urte. «Aita santu bidaiaria» ezizenez da ezaguna, Vatikanoko buruzagi izan zen garaian 129 herrialde bisitatu zituelako; horren harira, Eliza katolikoaren eta beste erlijio batzuen arteko harremanak hobetu zituen. Oso kontserbadorea zen sexu harremanekin lotutako aferetan; kasurako, erabat gaitzesten zuen preserbatiboaren erabilera.
10
Benedikto XVI.a (2005-2013)
XXI. mendean hautatutako aurreneko aita santua izan zen: kontserbadorea eta Eliza katolikoaren tradizioari jarraipena ematearen aldekoa. Aita santua zela homosexualitateari, islamari eta abortuari buruz egindako adierazpenek kritika ugari piztu zituzten. Hil aurretik utzi zuen kargua, «nekatuta eta etsita» zegoela argudiatuta.
11
Frantzisko (2013-2025)
Hego amerikar jatorriko eta Jesuiten ordenako aurreneko aita santua izan zen. Progresista zen klimaren, migratzaileen eta pobreen inguruko aferetan, eta Eliza katolikoetako kideek haurrei egindako sexu erasoen inguruko ikerketak abiarazi zituen. Abortuaren eta eutanasiaren aurkakoa zen.