Venezuela

Venezuelako gobernuak eten egin ditu oposizioarekin egitekoak zituen elkarrizketak

Gobernuak elkarrizketetarako ordezkaritzarik ez bidaltzea erabaki du, AEBen "eraso larri eta basatiarengatik". Joan den astelehenean, Venezuelako Gobernuak AEBetan dituen ondasun guztiak blokeatzeko agindu zuen Trumpek. Gobernua eta oposizioa gaur eta bihar biltzekoak ziren.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, atzo, gobernuaren ekitaldi batean. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abuztuaren 8a
18:38
Entzun

Venezuelako Gobernuaren ordezkaritza bat eta oposizioaren beste bat elkarrizketa saio bat egitekoak ziren, gaur eta bihar, Barbadosen, Norvegiaren bitartekaritzarekin. Elkarrizketa horiek bertan behera gelditu dira, ordea, Nicolas Maduroren gobernuaren erabakiz. Haren iritziz, ez dira gutxieneko baldintzak betetzen elkarrizketen hirugarren saioa litzatekeena egiteko. AEBek Venezuelaren kontra hartutako azken neurria jo du elkarrizketetarako eragozpen nagusitzat. Astelehenean, Donald Trump AEBetako presidenteak zera erabaki zuen: blokeatzea Venezuelako Gobernuak AEBetan dituen ondasunak. "Venezuelarrek suminduta ikusi dugu Juan Guaidok, oposizioko ordezkaritzaren buruak, neurri kaltegarri horiek ospatu, sustatu eta babesten dituela", adierazi du Maduroren gobernuak, ohar baten bidez.

Gobernuak, dena den, ez ditu elkarrizketak behin betiko baztertu. Azaldu duenez, prest dago oposizioarekin harremanetan jarraitzeko, baina, elkarrizketa "egiazki eraginkorra" izan dadin, mekanismoak berriz aztertzera deitu du.

Maduroren esanetan, gobernuak "elkarrizketa jarraitua" du "hainbat sektorerekin", eta Barbadoseko elkarrizketetan "oposizioko muturreko sektorea" dute mintzaide; hau da, Guaidok izendatutako ordezkaritza. "Jende askok galdetzen dit zergatik ari naizen hil nahi izan nautenekin hizketan, eta nik erantzuten dut bakea lortzeko hitz egin beharra dagoela".

Venezuelako Gobernuak bere erabakia jakinarazi aurretik, Guaidok esana zuen elkarrizketa prozesuarekin jarraitzeko prest zegoela, nahiz eta, nazioarteko bere aliatuek bezala, "zalantzak" zituen. Bileren aurretik, John Bolton AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkularia ezkor agertu zen Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketekin. Haren esanetan, Maduro ez da prozesu horrekin benetan konprometitu, eta "elkarrizketa gutxiago eta ekintza gehiago" behar dira Venezuelako egoerari irtenbidea emateko. Guaidok adierazi du Maduro boteretik kanporatzeko estrategia "venezuelarrek proposatu" dutela, eta "munduaren babesa" duela.

Venezuelako Gobernuak eta Guaidok elkarrizketak abian jartzeko kontaktuak hasi zituzten maiatzean, Oslon. Ordutik, bi aldiz bildu dira alde bakoitzeko ordezkaritzak, Barbadosen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.