Venezuelako oposizioak primarioak egingo ditu krisian dagoen honetan

Urriaren 21ean egingo dituzte bozak, Plataforma Unitarioak deituta. Marina Corina Machado da primarioak irabazteko faboritoa

Maria Corina Machado, 2020ko urtarrilaren 17an. RAYNER PEÑA / EFE.
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Datorren urtean egingo dituzte Venezuelan presidentetzarako hauteskundeak 2025-2030eko aldirako, eta bi bloke antagoniko lehiatuko dira: gobernuan dagoen GPPSB Simon Bolivar Polo Patriotiko Handia ezkertiarra eta oposizioko lider gehienak biltzen dituen Plataforma Unitario, chavismoaren aurkakoa. Venezuelako oposizioa, ordea, krisi larrian dago, nagusiki alderdien artean dauden desadostasunengatik. Bestalde, oraindik ofizialki baieztatu ez badu ere, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuko Nicolas Maduro izango da seguruenik GPPSBren hautagaia.

Juan Guaidoren irteerak are eta gehiago ireki ditu oposizioko alderdien arteko arrakalak. 2019an bere burua Venezuelako presidente izendatu zuen Guaidok, eta 60 herrialdek baino gehiagok babestu zuten ordu hartan. Iazko abenduan oposizioko alderdien babesa galdu zuen, behin-behineko gobernua deseginez eta bere agintaldia bertan bera utziz. Apirilaren amaieran Miamira (AEB) erbesteratu zen.

Hamalau hautagai

Maduro boteretik kentzeko asmoarekin jarraitzen du Plataforma Unitarioak. Hala, urriaren 22ko bozetan erabakiko dute haren aurka nor lehiatuko den. Hamalau hautagai aurkeztuko dira: lau emakume, eta hamar gizon. Oraingoz, behintzat, inkestetan babesik handiena jaso duena Maria Corina Machado da, Zatoz Venezuela alderdi antikomunistaren sortzailea.

Venezuelako oligarkiaren, goi mailako klaseen eta erbesteratuen artean babes sutsua du Machadok, eta bere muturreko jarrerengatik nabarmendu da. Alde batetik, Venezuelako presidente ohi Hugo Chavezen eta Maduroren aurkari porrokatua izan da; bestetik, oposizioak Maduro boteretik kentzeko egin dituen saiakeretan erabili dituen estrategiekin ere oso kritikoa izan da. Zehazki, Guaido bera eta oposizioko kide «moderatuak» bere kritiken jomugan egon dira. Bere jarrera garbi islatzen du 2019an BBC kateari eskainitako elkarrizketa batean. Horretan, presidentea indarkeriaren bidez kentzearen eta atzerriko esku hartzearen alde agertu zen Machado. Azken urteetan oposizioko indarrek hauteskundeetan parte hartzearen aurka agertu da, Maduro «legitimatzen» zutela argudiatuz. Aurten, baina, iritzia aldatu du, eta oposizioaren primarioetara aurkeztea erabaki du. 2012an antzeko prozesu batean lehiatu zen, baina Henrique Caprilesek garaitu zuen.

Ekainaren 30ean, Venezuelako Errepublikako Kontu Ikuskaritzak hamabost urtez inhabilitatu zuen Machado. Gogor kritikatu dute erabakia Caprilesek eta Lepoldo Lopez oposizioko kideek, Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak. Kontu Ikuskaritzak leporatzen dizkio «etika publikoaren, moral administratiboaren, zuzenbide estatuaren, bakearen eta Venezuelako Bolivartar Errepublikarensubiranotasunaren aurkako ekintzak». Ustez Guaidok antolatutako ustelkeria sarearekin ere lotzen du. Machadok ezingo du erregistratu 2024ko presidentetzarako hauteskundeetarako bere hautagaitza Hauteskunde Kontseilu Nazionalean, baina litekeena da hauteskunde primarioak oposizioko lider gisa balioztatzeko erabiltzea.

Inkestetan Caprilesek babes txikia jaso duen arren, primarioetako profilik goreneko hautagaietako bat da. 2017an kargudun publiko izateko hamabost urteko inhabilitazioa ezarri zioten. Capriles da Justizia Lehenik alderdi eskuindarreko buruzagia eta oposizioko kide esanguratsuenetakoa. Bi aldiz aurkeztu da presidentetzarako hauteskundeetara, 2012an eta 2013an, hurrenez hurren.

Chavezen eta Maduroren aurkako jardunak ezaugarritzen du bereziki Caprilesen ekintza politikoa. 2002ko apirilaren 12an, Chavezen aurkako estatu kolpe saiakeraren testuinguruan, Kubak Venezuelan duen enbaxadaren aurkako erasoa «gidatzea» leporatzen dio Maduroren alderdiak. 2004an epaitu zuten, enbaxadan sartu izana egotzita, baina 2006an absolbitu egin zuten. Hala ere, 2008ko azaroan, kasua berriro ireki zuten. Bestetik, Caprilesek ez zituen onartu 2013ko apirilaren 14an egin zituzten presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak, eta hurrengo egunetan gutxienez bederatzi hildako utzi zituzten protesta bortitzak bultzatzea leporatu zion Madurok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.