Hugo Chavez Venezuelako presidenteak Twitter sare sozialaren bidez jakinarazi duenez, Cuba utzi eta Venezuelara itzuli da. Minbiziaren aurkako tratamendua bertan jasoko du aurrerantzean. Chavez zeraman hegazkina Euskal Herrian 08:00ak zirela lurreratu da Venezuelan.
"Aberri venezuelarrera iritsi gara berriz. Eskerrik asko, Jainkoa!! Eskerrik asko, herri maitatua!! Hemen jarraituko dugu tratamendua", idatzi du Chavezek. Gainera, Kubarekiko eta Castro anaiekiko esker hitzak izan ditu Venezuelako presidenteak: "Eskerrik asko Fideli, Rauli eta Kuba osoari!! Eskerrik asko Venezuelari hainbesteko maitasunarengatik!!!". Carlos Arevalo erietxe militarrean dute Chavez, eta harekin dira senide eta Venezuelako goi kargu ugari.
Hemos llegado de nuevo a la Patria venezolana. Gracias Dios mío!! Gracias Pueblo amado!! Aquí continuaremos el tratamiento.
— Hugo Chávez Frías (@chavezcandanga) February 18, 2013
Iazko abenduaren 10ean joan zen Chavez Habanara, minbiziari aurre egiteko laugarren ebakuntza egitera. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteordea hainbat aldiz joan zaio bisitan, eta hark eman du asteotan Chavezen osasun egoeraren berri. Bi hilabetean ez da Chavezen argazkirik argitaratu, atzo arte. Atzo kaleratutako irudian, Chavez bera ageri da alabekin, egunkaria irakurtzen.