Adierazpen askatasuna

Vicent Partal 'Vilaweb.cat'-eko zuzendaria epaituko dute hilaren 29an, Bartzelonako udaltzainburuaren bertsio ofiziala zalantzan jartzeagatik

2008. urtean izan zen gertaera baten gaineko auzia da, eta Bartzelonako Udalak jarri zuen salaketa. Kataluniako atari digitalak adierazpen askatasunaren aldeko sinadura bilketa kanpaina hasi du.

2011ko martxoaren 22a
14:24
Entzun

Vilaweb.cat Kataluniako atari digitalak kanpaina bat abiatu du adierazpen askatasunaren alde. Udaltzain bat nahastuta dagoen auzi batean bertsio ofiziala auzitan jartzeagatik Bartzelonako Udalak salaketa jarri zion Vilaweb-i, eta Udalak informaziorako askatasuna urratzen ari delakoan jarri dute abian kanpaina. BERRIAk bihar Vincent Partal Vilaweb.cat atariko zuzendariari egindako elkarrizketa argitaratuko du.

Hilaren 29an epaiketa izango dute, Kataluniako hiriburuan. 2008. urteko gertakari baten inguruko auzia da. Espainiako futbol selekzioak Europako Txapelketa irabazi zuen egunean Bartzelonako udaltzainburua ospitaleratu egin zuten. Bartzelonako Udalak hasiera batean kolpe baten ondorioz izan zela esan zuen, eta ondoren, partidaren ondoren Bartzelonako kaleetan izan ziren istiluetan 'mosso'-ek bota zituen gomazko pilotetako batek jo zuela.

Gertatutakoa ikertzen hasi, eta Vilaweb-ek beste bertsio bat argitaratu zuen bertsio ofizialaren inguruan zalantza serioak piztuz, eta udaltzainburua borroka batean zauritu zutela argitaratu zuen. Ospitalaren, Espainiako Poliziaren eta Udaltzaingoaren dokumentazioan oinarritzen du bere tesia atari digitalak. Egun horretan bertan iragarri zuen Bartzelonako Udalak salaketa, Vilaweb-en aurka eta bertsio ofiziala auzitan jarri zuten beste bi hedabideren aurka. Ustezko pilotakada jaso ondorengo argaki batzuk ere argitaratu zituen, eta udaltzainburuak inolako zauririk ez duela ikusten da.

PP, CiU, ERC eta ICV alderdiek salaketa kentzeko eskatu diote Bartzelonako Udalari. Auziaren inguruko informazioa gehiago Vilaweb.cat atarian irakur daiteke, katalanez. Bihar Kataluniako Kazetarien Kolegioak agerraldia egingo du atari digitalaria babesa emateko, Bartzelonan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.