Ezezagun batzuek Victor Jara kantari txiletarraren hilobia apurtu dute bart, Santiagon. 89 urte bete ziren atzo, hain zuzen, Jara jaio zela. Kantariaren izena daraman fundazioak sare sozialetan eman du erasoaren berri. Hilobi gaineko harlauzan zulo bat ikus daiteke. «Ez da kasualitatea horrelako eraso bat artistaren jaiotza ospatzen dugun egunean eta etorbide bati haren izena jarri diogun egunean gertatzea», azaldu du fundazioak ohar batean.
Azken bi urteetan Jararen hilobiaren aurka izan den hirugarren erasoa da. Daniel Jadue Txileko Alderdi Komunistaren presidentetzarako hautagai zenak Twitterren adierazi du horrelako gorroto ekintzak soilik «atzo eta gaur» giza eskubideen urraketak ukatzen dituztenak egin ditzaketela.
Desde hoy, hay una nueva avenida en la Región Metropolitana: la Av. Víctor Jara pic.twitter.com/eRhgDbYmr4
— Universidad de Santiago de Chile (@usach) September 28, 2021
Victor Jara 1932. urteko irailaren 28an jaio zen, laborari familia batean, eta, kutsu soziala duten abestiekin, Txileko kantagintza berriaren ikur nagusietako bat izan zen, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan. Salvador Allenderen Herri Batasunaren Gobernuarekin engaiatu zen. Te recuerdo Amanda, El Arado eta El Derecho a vivir en paz abestiak belaunaldi bat baino gehiagoren ereserki izan dira.
1973an Augusto Pinochet eta Txileko beste militar batzuek Allenderen aurka estatu kolpea eman zutenean, Jara ere atxilotu zuten. Hainbat egunez torturatu zuten Txile estadioan, eta, eskuak moztu ondoren, hil egin zuten. Estadio horrek haren izena darama gaur egun.
«Erasoa urteurrenaren kontrako erantzun burubero bat da, herriak Victor Jarari eta askatasunari dion maitasuna erakusten duen edozer suntsitzeko faxisten jazarpen bat», zehaztu du Victor Jara fundazioak. Kezka agertu du, gainera, eraso «onartezin, bortitz eta xenofoboak inpunitate osoz» izaten ari direla adierazita.