EB Europako Batasuneko liderren esanetan, badute klubaren zabalkunde bat hauspotzeko intentzioa, eta, horretarako, Mendebaldeko Balkanetara begira ari dira aspalditik. 27 estatu kideetako agintari gorenek eta klubeko buruzagiek goi bilera bat egin zuten atzo, Kranjen (Eslovenia), Serbiako, Montenegroko, Ipar Mazedoniako, Albaniako, Kosovoko eta Bosnia eta Herzegovinako gobernuetako ordezkariekin, eta gogorarazi zieten batasunean nahi dituztela. «Europako Batasuna ez dago osorik, Mendebaldeko Balkanak ez badaude. Europako Batasunean nahi ditugu Mendebaldeko Balkanak; zalantzarik ez izan», adierazi zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, bileraren ondoren Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin eta Janez Jansa Esloveniako lehen ministroarekin egindako agerraldian. Hori bai, ez zuten zehaztu bat-egite prozesuekin aurrera jarraitu ahal izateko egutegirik.
Baina Bruselak zabalkundean interesa baduela argi utzi nahian, Von der Leyenek nabarmendu zuen, batetik, plan ekonomiko bat onartu dutela, inbertsio eta laguntzen bidez Mendebaldeko Balkanetako estatuetara 3,3 bilioi euro bideratzeko; bestetik,COVID-19aren aurkako txertoaren 3,3 milioi dosi eman dizkietela herrialde horiei; baita Balkanen eta EBren arteko telefono deietako roamingaren kostua murrizteko asmoa dutela ere.
Klubeko kide bihurtzeko, baldintza batzuk bete behar dira, eta horiek zerikusia dute, besteak beste, zuzenbide estatuarekin, giza eskubideen errespetuarekin, prentsa askatasunarekin eta neurri ekonomikoekin. EBn sartzeko arlo horietan erreformak egin behar dituztela oroitarazi zien Von der Leyenek sei estatuetako ordezkariei.
Kroazia izan zen kide bihurtu zen azkeneko estatua, 2013an; batasunak 2004an egin zuen azkeneko zabalkunde handia, Txekiar Errepublika, Zipre, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Malta eta Polonia batera sartu zirenean.
Mendebaldeko Balkanetako estatuei dagokienez —Jugoslavia ohiaren parte izandako lurraldeak dira, Albania izan ezik—, bat egiteko prozesuan emandako pausoak aintzat hartuz gero, bada alderik haien artean. Montenegrok eta Serbiak, esaterako, estatu hautagaiaren estatusa dute, eta sarrera negoziatzen ari dira aspalditik. Albaniak eta Ipar Mazedoniak ere estatus hori bera dute, baina oraindik ez dituzte negoziazioak hasi Bruselarekin. «EBk bere konpromisoak bete nahi ditu; bereziki, Ipar Mazedoniarekin eta Albaniarekin hasi ez diren negoziazioei dagokienez», azaldu zuen Von der Leyenek. Ipar Mazedoniaren kasuan, Bulgaria estatu kidea prozesua blokeatzen ari da, biek historikoki izandako arazo diplomatikoengatik. Bosnia eta Herzegovinak hautagai estatusa ere ez du, eta EBko bost bazkidek ez dute aitortzen Kosovoren independentzia, 2008an lortutakoa; Espainia da horietako bat.
Eta, bien bitartean, Txina eta Errusia Mendebaldeko Balkanetan duten eragina eta presentzia handitzen ari dira, batez ere inbertsio handiak eginez.
Kritikak zabalkunde buruari
Politico egunkari digitalak Europako Batzordearen iturri eta dokumentu ofizialak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, hautagaiak baloratzean Oliver Varhelyi batzordeko zabalkunde komisarioak garrantzia kendu nahi die zuzenbide estatuaren eta giza eskubideen auziei. Informazioak dio, gainera, bereziki Serbiaren hautagaitza hauspotu nahi duela. Hungariak proposatuta da komisario Varhelyi.
Von der Leyen: «Europako Batasunean nahi ditugu Mendebaldeko Balkanak»
EBk ez du datarik zehaztu. 3,3 bilioi euro bideratuko ditu Serbiara, Kosovora, Montenegrora, Ipar Mazedoniara, Albaniara eta Bosnia eta Herzegovinara

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu