Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek pandemia betean egin du Europako Batasunaren egoerari buruzko bere lehen hitzaldia. COVID-19ak goitik behera aldatu du EBko egoera, eta agerian utzi ditu estatu kideen gabeziak. Horiek asebetetzeko hainbat egitasmo iragarri ditu Von der Leyenek, betiere nabarmenduz batasunak bere bideari jarraituko diola, eta «hondamendiek eta kanpoko presioek» ez dituztela haren erabakiak aldatuko. Hona hemen iragarritako hainbat neurri:
Osasuna
Ehunka mila kutsatu eta milaka hildako ditu EBk orain, eta osasuna da estatu kideen lehentasuna; zehazki pandemiaren aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea. Horri dagokionez, osasun arloko eskumenak Bruselaren esku uztearen alde egin du Von der Leyenek: «Osasunean indartsuagoa den Europako Batasun bat eraiki behar dugu, eta horretarako krisi honetatik ikasi behar dugu. Eskumenen inguruan hitz egiten hasi behar dugu, eta finantzaketa handitu», adierazi du batzordeko buruak. Alde horretatik, Gaitzak Aurreikusi eta Kontrolatzeko Zentroaren ardurak handitu eta atzerriarekiko menpekotasuna gutxitzeko beharra nabarmendu du Von der Leyenek. Hala, hainbat egitasmo ere iragarri ditu: besteak beste, ikerketa klinikorako agentzia baten sorrera eta datorren urtean egingo duten osasunari buruzko goi bilera.
Schenghen
Von der Leyenek merkatu bakarraren abantailak ere goraipatu ditu, eta nabarmendu du hura «oinarrizkoa» izan dela krisia kudeatzeko eta «indarra berreskuratzeko». Hala, egun dituen oztopoak gainditzearen alde egin du, eta hura bultzatzera deitu ditu estatu kideak, baita askatasunak berreskuratzearen alde ere: zehazki, herritarren, kapitalen, ondasunen eta zerbitzuen zirkulazio askea. Hala, iragarri du Schengen eremua eraberritzeko proposamen bat jarriko dutela mahai gainean, baina xehetasun gehiago eman gabe.
Kritikak
Nazioarteari ere mintzatu zaio Europako Batzordeko burua, eta, besteak beste, Errusiaren eta Turkiaren jarrerak gaitzetsi ditu, eta babesa helarazi die Greziari eta Zipreri, Mediterraneo ekialdeko gatazkari erreferentzia eginez. Kritikak egin ditu AEBetako presidente Donald Trumpen aurka ere, baina aldi berean harekiko nazioarteko harremanak defendatuz. Poloniak LGTBI komunitatearekiko agerturako jarrera ere salatu du Von der Leyenek, eta ohartarazi «LGTBIrik gabeko eremuek» ez dutela tokirik batasunean: «Norbera izatea ez da ideologia bat, nortasun bat da. Inork ezin dizu hori kendu. Ez dut atsedenik hartuko berdintasunean oinarritutako batasun bat lortu arte». Hala iragarri du, gorroto delitutzat jo daitezkeenen zerrenda zabalduko duela arrazan, sexuan, generoan eta erlijioan oinarritutakoak ere hor sailka daitezen.
Horrez gain, Von der Leyenek iragarri du Bruselak migrazio politika berri bat aurkeztuko duela datorren astean, nabarmenduz «bizitzak salbatzea obligazio bat» dela.
Gas isuriak
«Gure inpaktu azterketek argi erakusten dute: gure ekonomiak eta industriak kudeatu dezakete hau». 2030. urterako EBk bere negutegi gasak 1990eko mailetatik %55 murrizteko helburua izatea defenditu du gaur Von der Leyenek, 2050. urtean klima neutraltasuna lortzeko gauzak «bizkorrago» egin behar direla esanez.
Une honetan, %40koa da murrizketa helburua, eta, %55erainoko igoera handia bada ere, askok uste dute are gehiago lor daitekeela, eta batzordea motz gelditu dela. Europako Parlamentuak berak %60ko helburua hobetsi berri du bere ingurumen batzordean, eta emisioen gutxitzeak %65ekoa izan behar dutela diote, esaterako, Alemaniako berdeek. Beste aldetik, ordea, Von der Leyenek Europa ekialdeko herrialdeak ditu, nagusiki Polonia, Itun Berdearekin kritiko, eta trantsiziorako funts berezien eske.
Neutraltasun klimatikorako aldaketa eta pandemiak eragindako krisitik suspertzeko bidea batera doazela uste du Bruselak. Horregatik, Europako Batzordeak Suspertzerako Next Generationeko diruaren herena baino gehiago bideratu nahi du trantsizio energetikora, Itun Berdearekin lotutako politika eta proiektuetara, 750.000 milioiko funtsaren %37.
Bonu berdeak
Trantsizio energetikorako diru horietatik 225.000 milioi euro bonu berdeen jaulkipenarekin lortzeko asmoa du Europako Batzordeak, eta Batasunaren zorpetzearen zati handi bat Itun Berdeari lotuta geldituko da horrela.
Bonu berdeak edo bonu jasangarriak ugaritu egin dira azken urteetan zor merkatuetan. Alemaniak, Herbehereak, Frantziak, Suediak eta Poloniak halako bonuak jaulki dituzte, eskaera arrakasta handiarekin. Europako Batzordeak babestutako bonu berdeei eroslerik ez zaie faltako.
Karbono muga-zergak
Von der Leyenek karbono muga zergak defenditu ditu gaur berriz ere, trantsizio energetikoa bultzatzeko ezinbesteko tresna gisa. Hots, ekoizpenean emisioak eragin dituzten gaien inportazioei muga-zerga ezarri nahi die, beste herrialdeak garbiago izatera bultzatzeko, eta aldi berean garbiago jarduten duten Europako ekoizleak babesteko.
«Karbonoak prezioa izan behar du, naturak ezin duelako gehiago pagatu prezio hau» esan du batzordeko presidenteak. «Karbono isurientzako mugako doikuntza mekanismoak atzerriko ekoizleak eta EBko inportatzaileak bultzatu behar ditu emisioak murriztera, eta bateragarriak izan behar dute Munduko Merkataritza Erakundeak ezarritako joko zelaiarekin».
Google tasa
Beste zerga batzuei buruz ere aritu da Europako Batzordeko presidentea, erraldoi digitalei ezarri beharko zergei buruz. Von der Leyenen ustez, zerga digital mugatu bat maila globalean adostu beharko litzateke, baina negoziazioak eteten badira edo akordioarekin ados ez badago, esan duenez, Batzordeak ez du beldurrik izango bakarrik joateko. Era batera edo bestera, Batasunak gai horri konponbidea eman behar dio datorren urte hasieran, presidentearen arabera.
Gutxieneko soldata
«Gutxieneko soldatek funtzionatzen dute, eta lan egiteak merezi izateko garaia da». Von der Leyenek negoziazio kolektiboaren aldeko defentsa sutsua egin du gaurko hitzaldian, soldata jaitsieren kontra agertu da, eta Europan gutxieneko soldatadun erregimenak behar direla azpimarratu du.
Horretarako plan bat prestatzen ari da Europako Batzordea, baina jada kontra agertu zaizkio Europako herrialde batzuk. Horregatik, ziurrenez, Von der Leyenek esan du EBren egitasmo orok herrialdeen eskumenak errespetatuko dituela.