Puerto Rico. Estatusari buruzko galdeketa

Washingtonen esanetara

Puerto Ricoko Gobernuak plebiszitu ez-lotesle batera deitu du gaurko. Gobernadorearen alderdiak AEBetako beste estatu bat bihurtzearen alde bozkatuko du. Oposizioak boikota hauspotu du

Washingtonen esanetara.
Igor Susaeta.
2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Uhartearen estatus politikoari buruzko galdeketa gauzatzeko asmoarekin, Ricardo Rossello Puerto Ricoko Gobernadoreak lege proiektu bat aurkeztu zuen joan den urtarrilean. Lege horrek bi aukera ahalbidetzen zituen plebisziturako: Puerto Rico AEBetako 51. estatua bihurtzea, edo independente /(AEBen) errepublika elkartua bilakatzea. Uhartea AEBetako Estatu Libre Elkartua da 1952tik —1898tik dago haren menpe—, estatus hori du, eta, hortaz, legea aurkeztu ondoren, Justizia Departamentu Federalak eskatu zion gobernadoreari egin zezala zuzenketa bat legean, bozka aukeren artean estatu libre elkartuarena egon zedin. Eta onartu zuen Rossellok, finean Washingtonen esanetara baitago. «Kolonia ordezkatzen duen aukera sartu dugu galdeketan; koloniak harrapatuta gauzka», adierazi dio BERRIAri Rafael Rivera June-k (San Juan, 1969), boterean dagoen PNP Alderdi Progresista Berriko idazkari nagusiak.

Puertorricoarrak plebiszitura deitu dituzte gaurko, eta hiru aukeren artean hautatu beharko dute: AEBetako estatu bat gehiago izatea, estatu independentea / errepublika elkartua, edo orain arte bezala jarraitzea. Bigarrena nagusituko balitz, beste galdeketa bat antolatuko lukete urrian.

«Galdeketa estrategia bat da», Riveraren esanetan; AEBetako 51. estatua bihurtzeko ahaleginean maniobra bat gehiago. Oposizioak, halere, galdeketa boikoteatu du. PPD Alderdi Popular Demokratikoa da uharteko bigarren indar politikoa, oraingo estatusaren aldekoa, eta haren ordezkarien ustez, prozesu guztia «iruzur hutsa» da. PIP Alderdi Independentista Puertorricoarrak ordezkari bakarra dauka Puerto Ricoko Parlamentuan, baina Hugo Rodriguez PIPko Programa Idazkariak jakinarazi dio egunkari honi eztabaida publikoan «eragin handia» daukatela. Haiek ere boikoterako deia egin dute. «Lehen lege proiektua bermatzen genuen, baina zuzenketarekin ez gaude ados. Atzerapausoa da». Izan ere, 2012ko plebiszitu ez-loteslean egungo estatusarekin ez jarraitzeko bozkatu zuen hauteslegoak (%54). «Bost urte geroago zertarako eman aukera hori?».

Estatusari buruzko laugarren galdeketa zen duela bost urtekoa —1967an, 1993an eta 1998an egin ziren besteak—, eta, aurrenekoz, PNPk bultzatutako estadidad (estatutasuna) deitutako aukera nagusitu zen (ia %60); AEBetan guztiz integratzea, 51. estatua bilakatzea, alegia. Independentziaren aldeko hustuak botoen %5 besterik ez zuen bildu.

Puerto Ricok, Rossellok maiatzean iragarri zuenez, kiebra jo du. 70.000 milioi dolarreko zor publikoa dauka eta AI Amnesty Internationalen datuen arabera, biztanleen%45 pobrezia mailatik behera bizi dira.

Horregatik guztiagatik, Rivera estatu izate-aren aldekoa da, uhartean garapen ekonomikoa sustatuko lukeela iruditzen baitzaio. «Puerto Ricon inbertituko litzateke, eta AEBetako gainontzeko hiritarren eskubide berak edukiko genituzke». Izan ere, puertorricoarrek estatubatuar herritartasuna dute, Washingtonen erabakiak bete behar dituzte, baina ez daukate bozkatzerik presidentea edo Kongresua hautatzeko.

Rodriguez ez dago, inondik ere, bere kontrario politikoarekin ados. «Estatutasunarena ez da garapen ekonomikorako proiektu bat; proiektu horrekin, mendekotasuna handitzen da». Eta adibide bat jarri du: «Oroitzen dudanetik, Mississippi da AEBetako estatu pobreena. Eta zer egin du estatutasunak estatu hori txirotasunetik ateratzeko? Ezer ez». Haren irudiko, «subiranotasunak eskaintzen dituen tresnek» soilik ahalbidetuko lukete garapen ekonomikoa.

PNPko kidearen aburuz, oposizioa «koldarki» jokatzen ari da: «Koloniak ez du funtzionatzen eta eskaintzen ari gatzaizkie hainbat aukera horretarako propio egindako lege batekin». Rodriguezen iritziz, PNPkoak izan dira koldarki jokatu dutenak, AEBetako Justizia Departamentuaren aurrean «belaunikatu» direlako. «Kontsultarekin pentsatu bezala jarraituko zutela esatea zeukaten. 2,5 milioi dolarrengatik salduko dugu geure burua? Ez, mesedez».

2,5 milioi dolar

Barack Obamak, 2013an, artean AEBetako presidentea zenean, lege aurrekontuetan diru kopuru hori apartatu zuen plebiszitu kasu batean, Rodriguezen hitzetan, «hezkuntzarako» erabil zedin. «Dirua jasotzeko baldintza zen galdeketa AEBetako Zuzenbide Konstituzioaren arabera egitea. Justizia Departamentuak esan du ikusi duela Rossellok legea aldatu duela, baina ez du kontsulta bermatu, eta noski, Puerto Ricoko Gobernuak ez du diru hori jaso». Bien bitartean, PNP Washingtonen esanetara dago eta hala jarraitu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.