Julian Assange Wikileaksen sortzailea hiltzeko «plan zirriborroak» eskatu eta «aukerak» aztertu zituzten CIAko buruek 2017. urtean, Donald Trumpen agintaldian, Yahoo News atariak berriki argitaraturiko lekukotasunen arabera.
AEBetako espioitza agentziako kide ohien adierazpenak aipatu ditu atariak. Horien arabera, Assange bahitzeko eta hiltzeko planek eztabaida sutsua eragin zuten agentzian, besteak beste halako ekintza baten legezkotasunaz eta praktikotasunaz. Asange Londresen zegoen garai hartan. Bost urte zeramatzan Ekuadorrek han duen enbaxadan babestuta.
CIAko kide ohi baten arabera, Trumpen gobernuaren «maila gorenetan» eztabaidatu zuten ekintzailea bahitzeaz edo hiltzeaz.
AEBetako Gobernua eta CIA bera oso haserre zeuden Assangerekin orduan. Izan ere, Wikileaksek informazioa argitaratu zuen CIAk espioitzarako erabiltzen zituen tresnen inguruan. Filtrazioak erakutsi zuen zelako programa informatikoak zituen agentziak herritarrak zelatatzeko, besteak beste biktimen Applen telefonoak, Android eta Windows sistema eragileak eta telebista adimendunak erabilita.
CIAko kide ohien arabera, Etxe Zuria eta agentzia bera sutan zeuden filtrazioarekin, eta Trumpek CIAn buru jarri zuen Mike Pompeok «mendekua» nahi zuen. «Agentziako buruak errealitatetik at zeuden, lotsaturik zeudelako» filtrazioarengatik, lekukook adierazi dutenez.
Kanpaina bat martxan jarri zuten orduan Wikileaksen eta Assangeren aurka, eta horien mugimenduak eta komunikazioak zelatatzeko operazio handia egin zuten. Pompeok «estaturik gabeko zerbitzu sekretu etsai» gisa definitu zuen orduan plataforma hura.
AEBetako 30 funtzionario baino gehiago elkarrizketatu dituzte erreportajea egiteko. Horietako zortzik kontatu dute CIAk proposatu zuela Assange bahitzea.
Adierazi dutenez, proposamenok hautsak harrotu zituzten agentzian bertan, eta hainbat buruk argudiatu zuten halakorik egitea legez kanpokoa litzatekeela, nazioartean eskandalua sortuko lukeela eta, gainera, zaildu egingo lukeela Assange AEBetara estraditatzea lortzea.
Londresko Belmarsheko segurtasun handiko espetxean daukate orain Assange. Espioitza leporatuta, estradizioa eskatua du Washingtonek. Baina aurtengo urtarrilaren 4an, ekintzailea ez estraditatzea erabaki zuen Vanessa Baraitser epaileak, AEBetara eramateak kazetariaren buru-osasun arazoak okerragotuko lituzkeelako.
Assangeren abokatuek eskatu zuten hura behin-behinean aske uzteko, baina Baraitserrek atzera bota zuen eskaria.
Duela hamar urte pasa Assangek sortutako Wikileaks atariak Iraken eta Afganistanen egindako sarraskiei buruzko informazioa zabaldu zuen. Washingtonen arabera, Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen kazetariak hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan ondoren bere atarian argitaratzeko.
2017an Erresuma Batuko Poliziak Ekuadorren enbaxadan atxilotu zuen, eta kartzelara eraman. Haren gertukoek salatu zuten enbaxadan eta espetxean igaro duen denborak buruko arazoak eragin dizkiola. Haren estradizioari buruzko auzi saioan, medikuek esan zuten Assangek Aspergerren sindromearen sintomak zituela eta espetxean jarraitzeak bere buruaz beste egitera bultza zezakeela.