Guillermo Willy Toledo aktoreak (Espainia, 1970) berriz ere hautsak harrotu ditu Espainian. Izan ere, Tenerifen emandako hitzaldi batean gogor astindu du hango monarkia. Razones para la rebeldía bere liburuaren aurkezpenean esan du Espainiako "monarkia faxista" dela iruditzen zaiola, eta erregimen hori Juan Carlos Borboikoa erregea hiltzen denean bukatzea espero duela. "Laster gertatuko da", iragarri du Toledok, erregea hiltzear dagoelakoan.
Nabarmendu du Francisco Franco espainiar diktadore "kriminal eta faxistak" jarri zuela errege Juan Carlos Borboikoa, eta herritarrei "ziria" sartu zietela 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpe saioaren ondotik, "erregeak demokrazia salbatu zuela esanda".
Toledok uste du egungo estatuburua hiltzen denean "argudiorik" ez dela izango haren seme Felipek monarkiari segida emateko.
Azken urteetan Toledo Egunkaria-ren alde edota euskal presoen eskubideen alde azaldu izan da jendaurrean.