Xake taularen erdian

Persiako Golkoko herrialderik txikiena da Bahraingo Erresuma, baina garrantzi estrategiko handia du Saudi Arabiarentzat, Iranentzat eta AEBentzat.

mikel rodriguez
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Persiako Golkoko herrialderik txikiena da Bahraingo Erresuma, Saudi Arabiako eta Qatarko kosten artean kokatutako artxipelagoa. Milioi inguru biztanle bizi dira han, eta horietako laurdenak inguru atzerritarrak dira. Petrolioa eta gasa dira ekonomiaren oinarri nagusia, baina haren esportazioak ez dira inolaz ere inguruko erraldoien mailaraino ailegatzen; hortaz, nazioarteko ekonomian, eta batez ere Mendebaldekoan, ez du halako pisurik. Herrialde txiki horren egoera ezegonkorrak, ordea, golkoko bi erraldoiak, Saudi Arabia eta Iran, aztoratu ditu, eta AEB Ameriketako Estatu Batuak ere erne paratu dira. Kokaguneak eta gizartearen ezaugarri bereziek paratu dute Bahrain handienen xake taularen erdian.

Persiako Golkoa eta Arabiako Itsasoa bereizten dituen Ormuzko itsasartetik munduko petrolio trafikoaren %20 inguru pasatzen da urtero —itsasoko trafikoaren %40 inguru—. Munduko petrolio kontsumitzaile nagusiak, AEBek, trafiko hori kontrolatu eta segurtasuna bermatzeko Bortzgarren Gerra Ontzidia dute Bahrainen kokatuta, 1995etik. Golkoko Gerran (1990-1991) Washingtonek ondorioztatu zuen gerra operazioak itsasoz egiteko nahikoa indar ez zuela eremuan, eta golkoan ontzidi finko bat ezartzea erabaki zuen. Bahrain, artxipelagoa izaki, hagitz toki egokia da ontzidiarentzat, eta, bide batez, Iran kontrolatzeko kokagune militar ezin egokiagoa da.

Riad, al khalifatarren babesle

Bahraingo errege familiaren erabateko konplizitatea dute AEBek, hein handi batean, Washingtonek eskualdean duen aliatu handienaren, Saudi Arabiaren eraginpean baitaude Manamako agintariak. Al Khalifa errege familia 1783tik dago boterean. 1971n Erresuma Batuarekiko independentzia lortu zuen Bahrainek, eta, orduz geroztik, Saudi Arabiako errege familia izan da al khalifatarren babesle nagusia. Errege familia sunita da, eta Bahraingo populazioaren gehiengoa, berriz, xiita (%70 inguru). Botere esparru gehienak, ordea, historikoki suniten eskuetan paratu ditu Al Khalifa sendiak; herrialdean bizi diren atzerritarren gehiengoa, gainera, gobernuak erakarritako etorkin sunitak dira, Saudi Arabiakoak gehienak.

Xiitak behin baino gehiagotan matxinatu dira bazterketaren aurka. Riadek, ordea, beti sostengatu du Manama, xiiten matxinadek arrakasta lortuz gero Saudi Arabiakoak ere altxatuko diren beldur baita. Saudi Arabian populazioaren %15 dira xiitak, eta gehienak ekialdeko kostaldean bizi dira. Azkenekoz, 1996ko matxinadan sartu ziren Saudi Arabiako tropak Bahrainen.

Iranentzat, berriz, Bahraingo gehiengo xiita akuilu bikainada golkoko arerio nagusiak ziztatzeko. Al Khalifa sendiak, Riadek eta Washingtonek Teheranen itzala ikusi dute xiiten matxinada orotan. Hiru aliatuen posizioa 1981ean egon zen larrien, Bahraingo Askapenerako Fronte Islamikoa talde xiita estatu kolpea ematen saiatu baitzen estatuislamikoa ezartzeko —Iranen 1979an gertatu bezala—. Ahaleginak porrot egin zuen, eta gobernuak 73 lagun atxilotu zituen. Manamak Irani egotzi dio beti kolpea prestatu izana, baina Teheranek ukatu egin du. Azken atxilotuak 2001ean askatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.