Xiita erlijiosoak garaile bozetan, baina gehiengo osoa lortu gabe

Irakeko Aliantza Batuak 128 diputatu lortu ditu, kurduek 53, bi alderdi sunitak guztira 55 eta xiita laikoek 25

Erredakzioa
2006ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Alderdi xiita erlijiosoek osatutako Irakeko Aliantza Batuak abenduaren 15ean egin ziren Legebiltzarrerako bozak irabazi dituela baieztatu zuen atzo Hauteskunde Batzordeak. Aliantzak, honezkero, 128 biltzarkide izango ditu 275 diputatuz osatua den Irakeko Legebiltzarrean eta beraz 10 hautetsi falta zitzaizkion gehiengo osorako. Kurduen aliantzak, berriz, 53 diputatu lortu ditu, bi alderdi sunitek eskuratutako emaitzak bateratuz 55 biltzarkidera iristen dira eta xiita laikoek, aldiz, 25 ordezkari izango dituzte. Emaitza hauekiragarpenaren aitzakian indarkeriak eragozteko, segurtasun neurri handiak hartu ziren atzo.

Aurreko Legebiltzarrean baino 18 biltzarkide gutxiago izango ditu Irakeko Aliantza Batuak, baina hala ere Irakeko indar politiko nagusi geratzen da. Orain dela urte bat egin ziren hauteskundeen emaitzei alderatuta, aldaketa handiena da, ordea, indar politiko suniten ordezkaritza maila nabarmen hazi egin dela. Iazko abenduaren 15eko bozetan parte hartzea erabakitzearen ondorioz, hiru bider gehiago diputatu izango dute. Aurreko Legebiltzarrean, 17 sunita bakarrik zeudelarik, Adiskidetasunaren Frontearen eta Elkarrizketa Nazionalerako Frontearen emaitzak soilik batuta, 55 diputatu izango dira, lehenak 44 hautetsi lortu dituelarik eta bigarrenak 11. Gainera, beste zerrenda batzuetan sartutako sunitak ere hautatuak izan dira.Haatik, emaitza hauekin sunitak eta Iad Alaui lehen ministro ohiaren xiita laikoak konforme egongo diren ez da batere seguru. Iruzurrez Jositako Hauteskundeei Uko egiteko Batasunean (Maram) elkartutako indar politiko hauek aurrez iragarritako bozen emaitzak arbuiatu zituzten eta nazioarte komunitatearen ikerketa bat eskatu zuten.Eskari honekin bat eginda, eta Bagdadeko gobernuaren baimenarekin, Nazio Batuen Erakundeak Irakeko hauteskundeen nazioarte misioa eratu zuen. Ikerketa lan bat egin ondoren, misio honek ondorioztatu zuen, iruzur egite kasu mugatu batzuk egon arren, bozak «oro har, nazioarteko irizpideen arau» igaro zirela. Bere aldetik, Irakeko Hauteskunde Batzordeak iragarri zuen, joan den astelehenean, Irak osoan jarritako 31.500 boto-ontzietatik 277ren emaitzak soilik zirela baliogabetu, hots, %1 bakarrik.

Eskualde sunitak itxi dituzte

Hauteskundeen behin-betiko emaitzen iragarpenaren aitzakian indarkeria oldea gertatzea galarazteko xedez, Irakeko gobernu agintariek segurtasun neurri zorrotzak indarrean jarri dituzte. Hala, sunitak gehiengoan diren Al-Anbar eta Dialako probintziekiko mugak itxi dira 48 ordurako, erresistentzia indarren gotorleku izan ohi den Falujako sar-irteerak itxi dira ostegunetik gaur arte, eta Bagdaden segurtasun ekitaldi berezi bat indarrean jarria dago.

Indarkeriak egon dira, haatik, Bagdaden eta Diuanian, besteak beste. Hiriburuko Mashal Meshen auzunean, bi zibilek bizia galdu zuten eta beste hiru zauritu ziren, AEBetako Armadako patruila bat gertuan igarotzearekin kale bazterrean ezkutatutako bonba bat lehertu zelarik.Nahia al-Rashid auzoan, aldiz, AEBetako Armadako tanke bat suntsituta geratu zen, bere alboan bonba batek eztanda eginda. Palestina kalean, berriz, Irakeko Poliziako patruila bat zen leherketa baten jomuga izan eta hiru agente kolpatu ziren. Diuanian, Saddam Hussein agintean zelarik, Aire Armadako ofiziari zegoen bat tiroz hil zuten. Bagdadeko jatetxe batetik irteten zirelarik, aldiz, bost lagun, hauen artean Poliziako koronel bat, bahitu zituzten, herenegun gauean.Bahiketa kontu, hain zuzen, joan den urtarrilaren 7an Bagdaden gatibu hartu zuten Jill Carroll 28 urteko kazetari estatubatuarra ez hiltzeko eta, aitzitik ere, aske uzteko deiak eta mobilizazioak areagotu ziren atzo. Hala, suniten indar politiko nagusi Irakeko Alderdi Islamikoak Jill Carroll askatzearen alde herenegun egindako deiaren ondoren, Adnane Al Duleimi Irakeko Herriaren Konferentzia Nagusia batasuneko burua zen zuzendu atzo bahitzaileei. 'Mendekuaren Brigadek' exijitu dute AEBetako Armadaren esku dauden zortzi emakume irakiar askatu daitezen. Horrelakorik ez gertatzean, Jill Carroll hiltzeko mehatxua egin zuten bahitzaileek, atzo iluntzean amaitzen zen ultimatum bat jarrita. «Mundu zabalari gure egoeraren berri ematera etorri da kazetari hau eta gerrari arbuio egin zion» esan zuen al Duleimik. Parisen, Muga Gabeko Erreportariak elkarteak eta musulman erlijio buruek exijitu zuten Carrollen aske jartzea.

 

 



 

ALEMANIA



 

Zerbitzu sekretuak eta gerra





Alemaniako BND zerbitzu sekretuek Iraki eraso egitean eta herrialdearen okupazioan parte hartzerik izan zutelako ustez, parlamentariek ikerketa talde bat eratzeko eskatu du oposizioak. Berdeei, Ezkerreko Alderdiari eta Liberalei ez zaie nahikoa iruditu BNDko bi agentek Bundestageko entzuketa talde baten aurrean herenegun eginiko ukazioa. Hedabideen arabera, BNDko kideek AEBetako Armadarekin parte hartu zuten, 2003ko martxoan eta apirilean Iraken gertatutako ekitaldi militar batzuetan. Alta bada, Gerhard Schroederkantzilerra zelarik, Alemaniak gerra honi arbuio egin zion. Prentsan agertutako datuetan zegoen, esaterako, BNDk laguntza zerbait eman izana, 2003ko apirilaren 7an Mosul hirian gertatu zen aire eraso batean. Era berean, BNDkoen esku-hartzea ere egon omen zen Alemaniako herritartasuna zuten hiru lagunen bahiketetarako, hauek zirela jatorri siriarreko Jaled el-Masri eta Mohamed Haida Zamar eta jatorri turkiarreko Murat Kurnaz. Lehena Mazedonian bahitu zuten eta Afganistanen preso atxiki bost hilabetez, Haida Zamar Damaskon giltzapetuta dagoeta Kurnaz, Guantanamon dago. Bundestageko entzuketa taldeak BNDko bi agenteak sei orduz itaundu ondoren, Atzerri ministro Frank-Walter Steinmeierrek ondorioztatu zuen: «Argi dago ez dela arrazoirik ikerketa bat abian jartzeko; zabaldu diren albisteek ez dute oinarririk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.