IRAKEKO OKUPAZIOA

Xiiten zerrenda beste taldeetako buruekin negoziatzen hasi da

Alderdiek bi eguneko epea dute salaketak aurkezteko; bozak «aurrerapauso handia» direla esan du Bushek

Erredakzioa
2005eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Beste alderdiren batekin koalizioa osatu beharko du Ali al Sistanik bultzatutako Irakeko Aliantza Batuak, Legebiltzarrerako bozak irabazi zituen arren. Botoen %48 lortu zituen. Baina Legebiltzarraren kontrola izateko, botoen bi heren lortu behar zituen. «Beste zerrendaren batekin koalizioa osatu behar dugu. Ez dugu gehiengoa lortzeko beste biderik», esan zuen Abdul Karim al Enezi zerrenda osatzen duten alderdietako bateko buruak. Abdel Aziz al Hakim zerrendaburua beste alderdie-tako buruekin biltzekoa zen atzo.

Xiitak Kurdistango Aliantzaren Zerrendarekin batuko direla uste dute askok. Koalizio horrek eskuratu du xiiten ondoren eserleku gehien botoen %26 eta 75 eserleku. «Irakiarrentzako garaipen handia izan da. Herritarrek hautatutako Legebiltzarra dugu, azkenik», nabarmendu zuen atzo Ahmed Txalabi buruzagi xiitak. Txalabi da lehen ministro kargua eskuratzeko hautagai nagusietako bat. Hautagai xiita guztiak, ordea, ez ziren harekin bat etorri. Irakeko Iraultza Islamikoaren Kontseilu Gorenak (Sciri), esaterako, zalantzan jarri zituen hauteskundeen emaitzak, datuak «berandu» zabaldu zituztela-ko.

Aldiz, bozei esker herrialdeak «demokraziaren eta askatasunaren bidean» aurrerapauso bat eman zuela esan zuen George Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. «Gu eta gure aliatuak harro senti gaitezke, egun handi hori posible izan zedin lan egin genuelako», gaineratu zuen. Estatu Departamentuak, berriz, prozesu politikoan parte hartzera deitu zituen bozak irabazi ez zituztenak. Europako Batasuneko eta Liga Arabiarreko buruzagiak ere pozik agertu ziren hauteskundeen emaitzekin. «Legebiltzarrak eta Konstituzioak Irakeko etnia guztiak islatuko dituzte. Ziur nago hortaz», esan zuen Benita Ferrero-Waldner EBko Atzerri gaietarako komisarioak.Hala ere, Turkia ez zen emaitzekin bat etorri. Atzerri Ministerioak zabaldutako komunikatuaren arabera, bozen emaitzak aldatzen saiatu ziren zenbait talde eta horrek eragina izan zuen azkenean. Ondorioz, emaitzak ez zirela zuzenak salatu zuen Ankarak. Turkiak lehendik ere salatu izan zuen kurduak Kirkukera joan zirela bizitzera, han euren aldeko boto gehiago lortu ahal izateko.Sunitak ere kexu agertu ziren herenegun. Mohammed Basharrek, Amerikarren aurkako Aditu Musulmanen Elkarteko buruak, bozen legezkotasuna zalantza jarri eta parte-hartzea esandakoa baino txikiagoa izan zela salatu zuen.Alderdiek beste bi eguneko epea dute salaketak aurkezteko eta emaitzak iker ditzatela eskatzeko. Horiek atzera botaz gero, presidentea eta haren bi ordezkoak aukeratzeko lanean hasiko litzateke Legebiltzarra. Ondoren, horiek lehen ministroa hautatuko lukete.

Eroskeriaren frogak

AEBetako Senatuak Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Elikagaiak Petrolioaren Truke programan izandako eroskeriaren frogak aurkitu ditu, The New York Times egunkariaren arabera. Itxuraz, NBEk programa gainbegiratzeko kontratatu zuen arduradunak 100.000 dolar onartu zituen Irakeko Gobernuari laguntzearen truke. Horri esker, programan zehaztutakoa baino petrolio gehiago esportatu ahal izan zuen Saddam Hussein presidente ohiak. Era horretan bederatzi milioi dolar irabazi zituen.

Bestalde, Irakeko Guardia Nazionaleko hiru kide hil zituzten atzo ekintzaileek Bakuban, Bagdadetik 35 kilometro ingurura. Konboia igarotzen ari zen unean leherrarazi zuten lehergailua. Erasoan beste hiru soldadu zauritu zituzten. Samarran emakume bat eta bi urteko haur bat hil ziren, ekintzaileek hiriari morteroekin erasota. Samarran bertan, baina herenegun gauean, AEBetako soldadu bat hil eta beste bat zauritu zuten morteroekin. Aldiz, Bagdaden bi polizia hil zituzten tiroz eta beste hiru zauritu zituzten herenegun. Atzo, berriz, oliobide bati eraso zioten Kirkuken.Horretaz gain, Italiako Armadako itzultzaile bat hil zuten tiroz Nasirian herenegun. Ansar al Sunnaren Armadak bere gain hartu zuen AEBetako base militarrean lan egiten zuen itzultzailearen bahiketa. Era berean, Al Aksako Martirien Brigadek bahi-saria eskatu zioten Suediako Gobernuari Iraken bahitutako suediarra askatzearen truke. Gaur arte 180 atzerritar bahitu dituzte Iraken.

-

Urtebeteko prozesua



 

Gobernuaren osaketa





Urtarrilaren 30a: Behin-behineko Legebiltzarra aukeratzeko bozak egin zituzten. Legebiltzarrak hautatuko ditu presidentea eta bi presidenteordeak. Ondoren, lehen ministroa eta haren kabinetea aukeratuko dituzte.

Abuztuaren 15a: Legebiltzarrak behin betiko Konstituzioa idatziko du.

Urriaren 15a: Konstituzioari buruzko erreferenduma egingo dute. Onartzen ez badute, Legebiltzarra bertan behera geratuko da.

Abenduaren 15a: Konstituzioa onartuz gero, Gobernurako hauteskundeak egingo dira. Legebiltzarra deseginez gero, aldiz, Legebiltzarrerako bozetara deituko dute eta prozesua berriz hasiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.