Arabiar penintsulako Al Kaedak bere gain hartu du iragan ostiraleko atentatu saioa. Amsterdam eta Detroit arteko hegaldian bonba bat zartarazten ahalegindu zen Umar Faruk Abdulmutalab Nigeriako ustezko ekintzailea. Poliziaren galdeketei erantzunez, aste honetan bertan aitortu du Abdumutalabek Yemenen prestatu zutela ekintzaile izateko. Horrek herrialde arabiarrera begira jarri ditu AEBak; adituen ustez, gerrarako beste fronte bat zabaltzeko prestatzen ari da, horregatik, Obamaren gobernua.
CNN telebista kateak jakinarazi duenez, Yemengo eta AEBetako zerbitzu sekretuek informazioa biltzeari ekin diote. Obamak Al Kaedari eraso egiteko baimena ematen duenerako prest egon nahi dute, antza, bi herrialdeetako armadek. Halaber, bi horien arteko hitzarmenak dio Washingtonek Sanako gobernuari laguntza emango diola; informazioa ez ezik, armak ere jasoko dituzte AEBetatik.
Trukean, erasoak egiteko aski datu eskuratuko ditu armada estatubatuarrak. Eta horiek guztiak AEBetako herritarrei azalpenik eman gabe egingo direla dio akordioak.
Bestalde, terrorismoaren aurkako borrokan AEBekin hartutako konpromisoetan irmo jarraitzen duela erakutsi du Yemengo Gobernuak. Al Hadida probintzian, hala, Al Kaedako ustezko kide «arriskutsu bat» atxilotu duela jakinarazi zuten atzo Sanako agintariek. Abd Sala al Hudli da preso hartutako ustezko ekintzailea.
Nazioartea Yemenera begira jartzea lortu du Al Kaedak; AEBek han beste fronte bat zabalduko duten beldur da Mendebaldea,baina herrialde arabiar hartan aspalditik daude gerra fronteak zabalik. Nazioartean inor gutxi kezkatu du horrek orain arte.
Mendebaldeak begiratzen duenean
I.Z.Isilean. Gerrak ez dira sekula hala egiten. Afganistanen egiten duten soinu bera darie bonbei Yemenen lehertzean ere. Tiroak tiro hots dira han eta hemen. Haiek entzungo dituenik bada, bederen. Mendebaldeak Yemenen pausatu du begirada, eta gatazkaren bortitzaz ohartzeko zein dimentsio hartu behar duten galdetuko zuen batek edo bestek. Dozenaka milaka biktima ez direla aski erakutsi du Yemenek.
Duela bost urtetik herrialde arabiar horrek gerra sufritu du. Isilean egin behar izan du -gerra ez bezala, hori isilean egin daiteke-. Nazioarteak, izan ere, ez du Yemenen esku hartzeko asmorik izan; ezta iragan abuztuan Sanako gobernuaren eta huthis errebeldeen arteko borrokak berriro indartu zirenean ere. Gerran dago Yemen. Baina ez Al Kaedak herrialde hartako ezegonkortasuna baliatu duelako. AEB Ameriketako Estatu Batuek jomugan hartu dituen haiek gehiegi luzatu den gatazkaren bizkar lortu dute ezagun egitea; baina gatazka bera, lehenagotik zen Yemenen. Inor gutxi ohartu bazen ere horretaz.
2004ko ekainetik, Saudi Arabiako mugatik gertu dagoen Saada eskualdean borroka gogorrak izan dira huthisen eta soldaduen artean. 2008ko uztailean su-etena hitzartu zuten; aurtengo udatik, baina, de facto, gerrak agintzen du berriro Yemengo ipar-ekialdeko eskualde hartan.
Eta hegoaldean ez dute egoera hoberik. 1990ean Hego Yemen etaIpar Yemen bat egin zituztenetik, hegoaldean bizi direnek maiz leporatu diote Sanako gobernuari eurak baztertzea. Behinola izandako independentziaren alde egingo duten beldur, baina, agintariek jazarpena areagotu dute. Eta horrek, aldi berean, erresistentziari kutsu sezesionista handiagoa eman dio.
Ali Abdala Salek, Yemengo presidenteak, nola-hala lortu du azken urteetan herrialdea zutik, osorik mantentzea. Baina haren ondorengotzaren auziak, baita iparraldean nahiz hegoaldean dituzten krisiek ere kolokan jarri dute kostata eta indarrez mantendutako hori ere. Al Kaedaren mehatxuak, haatik, Mendebaldean hori agerian uztea besterik ez du lortu.
Saudi Arabiaren esku-hartzea
Zaidiak dira Saadako errebeldeak, Yemengo goi ordokietan nagusi den islam xiitaren adar batekoak. Euren jurisprudentzia eta dogmagatik moderatu gisa hartu izan dira zaiditak; baina, «terrorismoaren aurka borrokatzeko» jaso duten laguntza zuritzearren, muturreko islamista gisa agertzeko ahalegin franko egindakoa da Sanako gobernua.
Iranen laguntzarekin, Salek imanerri zaidia ezarri nahi izatea leporatzen die huthisei -xiitak nagusi diren herrialde bakanetakoa da Iran, Irakekin batera; gainontzeko herrialde musulmanetan sunitak dira gehiengo-. Teherango gobernuaren esku- hartzea agerian utzita, baina, Saudi Arabiaren laguntza militarra justifikatu nahi du Yemengo Gobernuak. Errebeldeek euren nortasun erlijiosoari eusteko borrokatzen dute, izan ere; islam sunitaren bertsio gogorrenetako bati, salafismoari aurre egiteko, batez ere. Zaidiak gutxiengo dira Yemenen; eta herrialdean nagusi den korronte salafistaren mesedetan, euren eskubide erlijiosoak ukatu zaizkiela salatzen dute.