Ali Abdullah Salehek boterea utzi ondoren, gaur eginen dituzte Yemenen presidentetzarako bozak. Tentsioa, ordea, handia da, eta segurtasun neurri handiak iragarri dituzte aurko. Atzo bertan, ekintzaile talde batek lehergailu batekin eraso zion hautesleku bati Aden hirian, eta ondoren izandako tiroketan, soldadu bat hil zuten. Agintariek Hegoaldeko Mugimendua talde independentistari egotzi diote erasoa.
Hegoaldeko Mugimenduak boikoterako deia egin du gaurko. Poliziako iturriek AFP agentziari jakinarazi diotenez, azken egunetan «armen aldekoen» aurkako sarekadak egin dituzte Yemengo hegoaldean, ustezko ekintzaile horiek herritarrei boza ematea debekatu nahi zietelakoan. «Elementu horiek herritarren artean izua hedatu nahi dute, otsailaren 21ean [gaur] indarkeria ekintzak egonen direla erranez». 1990. arte Yemen bi estatutan banatuta egon zen, eta 1994an gerra zibila hasi zen iparraldearen eta hegoaldearen artean. Azken urteetan independentismoa anitz hazi da hegoaldean.
Hautagai bakarra
Abd Rabbou Mansour al-Hadi izanen da gaur presidentetzarako hautagai bakarra. Jarduneko presidentea da, eta Ali Abdullah Salehen agintepean presidenteordea izan zen hark boterea utzi arte. GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak erregimenarekin eta oposizioko plataformanagusiarekin hauspotutako akordio baten bidez da hautagai bakarra.
Yemenen hautesleku bati eraso diote hauteskundeen bezperan
Soldadu bat hil dute, ustez hegoaldeko ekintzaile independentistek; gaur boikotera deitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu