Yemengo Gobernua: «Kanpaina motz eta zehatz bat da esku hartzea»

Atzerri ministroak dio «datozen egunetan edo orduetan» buka litekeela matxinoen aurkako erasoa.«Helburuak lortu arte» jarraituko du Riadek

Ibilgailu bat sutan, hegoaldeko kostako Aden hirian, huthien eta Hadiren aldekoen borroken ondoren. STRINGER / EFE.
mikel rodriguez
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Bigarren eguna bete du herrialde arabiarren koalizio batek Yemenen matxino xiiten aurka hasitako erasoaldiak. «Uste dut haien helburua betetzen badute datozen egunetan edo orduetan buka litekeela», adierazi dio Riad Yasin Yemengo Atzerri ministroak BBC kateari. «Kanpaina motz eta zehatz bat da, eta hura eskatzera behartuta ikusi dugu geure burua». Ahmed Aseri Saudi Arabiako jeneralak ez du zehaztu esku hartzeak zenbat iraungo duen. «Operazioek helburu guztiak lortu arte jarraituko dute», adierazi dio Arab News egunkariari.

«Lehenbiziko fasearen helburu nagusia da matxinoen gerra hegazkinak suntsitzea», adierazi du Aserik. «Azken helburua Yemengo gobernu legitimoa berrezartzea da». Abd Rabu Mansur Hadi presidenteak eskaera egin ondoren hasi zen erasoaldia, asteazken arratsean. Yasinen adierazpenengatik, ordea, badirudi esku hartzearen inguruko azken erabakia atzerriko indarrek daukatela. Izan ere, epeari buruz zehatz ez mintzatzeaz gain, adierazi du ez dakiela koalizioko herrialdeek Yemen inbadituko ote duten. Saudi Arabiak jakinarazia du 150.000 soldadu prest dauzkala. Aseri jeneralak adierazi du «beharrezkoa bada» sartuko direla.

Saudi Arabiako Al-Riad egunkariaren arabera, esku hartzea sei fasetan prestatu dute. Lehenbiziko biak beteta leudeke —huthien (matxino xiiten) egoitza politiko eta militarrak identifikatzea, eta «etsaiaren gaitasun elektronikoa suntsitzea»—. Orain, hirugarrena ariko lirateke gauzatzen: aire erasoena, huthiak aireko gaitasunik gabe utzi arte. Laugarrena inbasio bat litzateke, eta, hori gauzatuz gero, erretiratzea hasiko litzateke, tropa batzuk Yemenen utzita. Azkenik, Yemengo Estatua berreginen lukete.

Pakistanek atzo jakinarazi zuen Saudi Arabia babesten duen arren ez duela erabaki koalizioan sartzea. Beraz, Arabiar Emirerri Batuak, Bahrain, Egipto, Jordania, Kuwait, Maroko, Qatar eta Sudan dira gainerakoak. Eskala handiko operazio bat da antolatu dutena. Neurri bat hartzeko: Sudan eta Kuwait izan ezik, gainerako zazpiak Sirian eta Iraken parte hartzen ari dira Estatu Islamikoaren aurkako koalizioan, eta denen artean 40 hegazkin inguru mobilizatu dituzte. Yemenerako, soilik Saudi Arabiak, 100.

Riadek esku hartzea justifikatu du gobernu legitimo baten babeserako ekintza gisa, eta erran du huthiak nazioartearen segurtasunerako mehatxu bat direla.Mendebaldeko ordezkariek, esku hartzea babestu arren, ez dute halako larritasunik agertu huthiengatik. Philip Hammond Erresuma Batuko Atzerri ministroak bertzelako interpretazio bat egin du. «Saudi Arabiak ezin du onartu Iranek babestutako erregimen batek Yemenen agintea hartzea, eta horregatik esku hartu du hartu duen bezala», adierazi zien atzo kazetariei, Washingtonen.

Aden, inguratuta

Borrokei dagokienez, koalizioaren bonbardaketek atzo ere huthien eta alde dituzten militarren baliabideak izan zituzten jomugan, Sana hiriburuan, mendebaldeko kostako Al-Hudaidah hirian eta iparraldeko Saada probintzian. Huthien jatorrizko eremua da Saada, eta, berri agentzien arabera, Qutaf al-Boqa herriko merkatu batean zazpi zibil hil zituzten bonbardaketetan. Sanan, hegazkinek presidentearen jauregiari eraso zioten berriz ere. Hegoaldeko kostako Aden hirian, berriz, Hadi presidentearen aldeko indarrek gutxienez 21 matxino hil zituzten segada batean —urtarriletik, Hadik Adenen ezarri du hiriburua—. Hala ere, Reutersen arabera, huthiek garaipen garrantzitsu bat lortu zuten atzo: lehenbiziko aldiz, hegoaldeko kostako hiri bat hartu dute (Xukra), eta inguratuta utzi dute Aden. Ali Abdullah Saleh presidente ohiaren alderdiak, berriz, su-eten bat ezartzeko eskatu die nazioarteko koalizioari eta Yemengo fakzio guztiei, eta Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzapean elkarrizketa berrabiarazteko eskatu die —gobernuak dio Saleh eta huthiak elkarlanean ari direla—.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.