Yemengo Gobernuak inbasioa nahi du «ahal den azkarren»

Erredakzioa
2015eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Yemengo Gobernuak ez du gehiago itxaron nahi atzerriko indarrek herrialdea inbadi dezaten. «Bai, hori eskatzen ari gara, eta ahal den azkarren, gure azpiegiturak eta hirietan setiatuta dauden herritarrak salbatzeko», adierazi dio Riad Yasin Atzerri ministroak Al-Arabiya kateari. Ez dirudi, ordea, nazioarteko koalizioak oraingoz eskakizuna beteko duenik, Ahmed Asiri Saudi Arabiako jeneral eta koalizioaren bozeramaileak esan baitu «orain» ez duela «beharrik ikusten» lurretik esku hartzeko. Gaur astebete hasi zituen Saudi Arabiak zuzendutako koalizioak Yemengo matxino xiiten aurkako aire erasoak. Abd Rabu Mansur Hadi presidentearen aldeko indarrek adierazi dute lortu dutela huthiak (matxino xiitak) Aden hiritik bidaltzea, baina matxinoek gogor eusten diote erasoaldiari.

Izan ere, Reuters agentziaren arabera, Ta'izz hiritik gertu base militar estrategiko bat hartu dute huthiek. Iturri horren arabera, militarrek ateak ireki zizkieten matxinoei. Bab el-Mandebeko itsasartean dago basea, Itsaso Gorriko kostan. Agentzia horren arabera, halaber, huthiek aurre egin diote Saudi Arabiari herrialde horrek Yemenekin duen mugan, ipar-mendebaldeko barrutietan —huthien jatorrizko eremua da hori—. Elkarri artilleriarekin eta koheteekin eraso diotela dio Reutersek. Eb probintziako Yaba hirian, berriz, koalizioak gutxienez 11 zibil hil ditu etxebizitza batzuk bonbardatuta, Yemengo Saba agentziaren arabera.

Huhtiek amore eman arte

Qabus bin Said al-Said Omango sultanak huthiei eta Hadiri eskatu die elkarrizketara bueltatzeko. Huthien aurkako erasoaldian parte hartzen ari ez den Persiar golkoko monarkia bakarra da Oman. Saud al-Faisal Saudi Arabiako ministroak, ordea, argi utzi du huthiek amore eman arte jarraituko dutela erasoan, SPA agentziaren arabera. Esan du Riadek «ahalegin diplomatiko handiak» egin dituela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.