Protestak herrialde arabiarretan

Yemengo oposizioak Golkoko herrialdeen bitartekaritza baztertu du

NBEk salatu du aste honetan Taiz hirian Poliziak hildako manifestariak 50tik goiti direla

mikel rodriguez
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Yemengo oposizioko talde nagusiak biltzen dituen Bilgune Komuna plataformak Persiako Golkoko herrialdeen bitartekaritzari uko egin dio. GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluak apirilean hasi zuten oposizioaren eta Ali Abdala Saleren erregimenaren arteko bitartekaritza, gatazkari amaiera negoziatua emateko. GCCk plan bat proposatu zuen; bertan jasotakoaren arabera, alde biek plana sinatu, eta hilabete baten buruan Salek boterea utzi beharko zukeen, bi hilabeteren buruan hauteskundeak egiteko. Hasieran, presidenteak erran zuen plana onartuko zuela, baina iragan maiatzaren 22an ezezkoa eman zion. GCCk orduan erabaki zuen bitartekaritza behin-behinean bertan behera uztea. Bilgune Komuneko ordezkari Mohamed Salem Basenduak salatu du GCCren erabakiak aukera eman diola Saleri «indarkeria eta odol isurketa gehiago egiteko».

Oposizioaren erabaki hori indarkeria giroa orain arteko puntu gorenera ailegatu denean iritsi da. Azken egunetan borroka eta hildako ugari izan dira herrialdeko hainbat tokitan. Gertakari bortitzenetakoen artean dago iragan igandetik Taiz hiriak jasandako errepresioa. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, igandetik astelehenerako goizaldeko istiluetan hildako manifestariak 50tik goiti dira. Giza Eskubideetarako goi mandatari Navi Pillayk erran duenez, Askatasunaren plazan protestan ari zirenen aurkako erasoa armadak, Poliziak eta «gobernuaren aldeko elementuek» egin zuten. Atzoko protestetan gutxienez bertze hiru lagun hil zituzten Taizen.

Su-etena «bukatu» da Sanan

Sana hiriburuko egoeragatik ere kezka agertu du Pillayk. Oraindik estatuko indarrek manifestariak indarrez sakabanatzen dituztela salatu du goi mandatariak. Iragan astean borroka gogorrak izan ziren Sanan erregimeneko indarren eta hashid tribuko miliziaren artean. Iragan ortzegunean su-etena sinatu zuten bi aldeek, baina hasieran ez zuten errespetatu. Joan den larunbatean distentsiorako hainbat neurri hartu zituzten —milizianoak gobernuaren zenbait egoitzetatik erretiratu ziren, adibidez—, baina egoerak berriz ere okerrera egin du. Gobernuko bozeramaile batek Al Jazeerari adierazi dioenez, su-eten akordioa «bukatu» egin da. Sanako kazetari batek Al Jazeerari adierazi dio borrokaldiak berriro hasi direla eta hiriburuan «aspaldian egondako gogorrenak» izan direla. «Jendea ospa egiten ari da, hainbat etxe erre dira, eta tribuko miliziak gobernuaren hainbat eraikin eta polizia etxe hartu ditu».

Hegoaldean, berriz, miliziano islamistak dira Saleren buruhauste nagusia. Erregimenak Al Kaedakotzat ditu horiek denak. Zinjibar hirian milizianoen eta armadaren arteko borrokek jarraitzen dute. Ekintzaileek sei soldadu hil dituzte hirira zihoan konboi militar bati bonba-autoz eraso eginda. Herenegungo borroketan 21 soldadu hil zirela jakinarazi du armadak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.