Yemengo oposizioaren protestek boteretik urrun dezakete 32 urtez agintean izan den Ali Abdala Sale presidentea. Gobernuan eta armadan galtzen ari den sostenguak bultzatu du, batez ere, erabakia hartzera. Urte amaieran kargua utziko duela iragarri du, 2012ko urtarrilean egingo diren bozak antolatu ostean. Boterea, ordea, ez du hain erraz lagako, Ahmed al Sufi bere prentsa idazkariak azaldu duenez. «Ez du agintean jarraitzeko asmorik, baina ez du boterea utzi nahi lekukoa nork hartuko duen jakin barik».
Datorren urteko bozetan «erakundeen eskualdatzea bermatu» nahi du presidenteak. Oposizioko alderdien koalizio nagusiak, ordea, ez du onartu Salek kargua uzteko proposamena. «Baztertu egiten dugu eskaintza, ondorengo orduak erabakigarriak izango direlako», dio Mohammed al Sarbi koalizioko bozeramaileak.
Iragan urtarrilaren 27an hasi ziren Saleren erregimenaren kontrako protestak Yemenen, eta ugarituz joan dira otsailaren erdialdetik aurrera. Errepresio bortitzarekin erantzun du gobernuak, eta joan den ostiralean larrialdi egoera ezarri zuten herrialde osoan. Egun berean, Yemengo Poliziak 45 lagun hil eta 270 zauritu zituen Sanako Unibertsitate inguruan.
«Gazte iraultzaileak indar politiko zaharren biktimak dira. Boterea lortzea dute helburu, baina gero uko egingo diote herriari», dio Salek. Oposizioak estatu kolpea eman nahi duelakoan dago, eta horrek «gerra zibil odoltsua» ekarriko lukeela ohartarazi du.Yemengo Indar Armatuen Kontseilu Nagusiaren biltzarrean egin ditu adierazpenok. Herrialdeko erakunde militarra «egonkorra» dela nabarmendu du behin eta berriz, eta militarrei legeak eta Konstituzioa betetzea eskatu die. Izan ere, Mohamed Ali Mohsen armadako bigarrenak manifestariekin bat egin du aste honetan. Eta jeneralaren dimisioaren ostean, armadaren zati handi batek gauza bera egin du.
Egun 68 urte ditu Salek, eta 1978an heldu zen Ipar Yemen zenaren presidente izatera, ofizial gaztea zenean. Horrela, bi hamarkada iraun zuen gerra zibila amaitutzat eman zuen. Sobiet Batasunaren desagerpena baliatuz, Yemengo hegoaldea eta iparraldea batzea lortu zuen 1990ean. Azken hiru hamarkadetan herrialdearen batasunaren bermatzaile bakartzat agertu du bere burua, eta egungo protesten aurrean ere ideia bera ari da saltzen. «Oraingoan herrialdea hirutan zatitu nahi dute batasunaren desertoreek», esan zuen atzo.
Hamalau lagun, hilik
«Yemengo Gobernuari gogorarazi nahi diogu oinarrizko eskubideak, tartean bizitzarena, ezin direla urratu ezta larrialdi egoeran ere». NBEko Goi Komisariotzarenak dira hitzak. «Deitoratu egiten ditugu joan den asteko hamarnaka manifestari baketsuen hilketak. Teilatuetan zeuden frankotiratzaileek hil zituzten batzuk», dio Rupert Colville NBEko Goi Komisariotzaren bozeramaileak.
Yemengo errepresioaren aurrean «asaldatuta» daudela aitortu du Colvillek eta, hortaz, mekanismo independenteek giza eskubideen urraketa guzti horiek ikertu behar dituztela nabarmendu du.
Atzo, Al Kaedako ustezko hamabi kide eta bi polizia hil ziren Yemen hegoaldeko Abian probintzian izandako tiroketan.
Protestak herrialde arabiarretan
Yemengo presidenteak urte amaieran kargua utziko duela iragarri du
Oposizioak ez du onartu Abdala Saleren proposamena, eta hilketak ikertzeko eskatu du NBEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu