Yemengo trantsiziorako ituna zapuztu egin da azken unean

Akordioaren arabera, 30 egun izango zituen Ali Abdala Salek boterea uzteko eta bi hilabete geroago bozetara deituko zuenPersiako Golkoko herrialdeak, AEBak eta Europako Batasunak izan dira bitartekariak

Jon Fernandez.
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Yemengo Gobernua eta oposizioa akordioa lortzeko zorian egon dira, baina azken unean atzera egin dute. Ali Abdala Sale presidentearen kontrako protestak hasi zirenetik ia lau hilabete pasa ostean, trantsiziorako ituna atzo bertan izenpetzekotan zirela baieztatu zuten goizean bai Gobernuak eta bai oposizioak. Akordioaren arabera, 30 eguneko epea izango zuen Salek boterea modu baketsuan utzi eta bi hilabetera legebiltzarrerako eta presidentetzarako bozetara deitzeko. Testua sinatzea baino ez zen falta, baina Abdelatif al Ziani bitartekariak Yemendik alde egin zuen atzo iluntzean, inork akordioa sinatu gabe.

Negoziazioa luzea eta zaila izan da, eta bi aldeek amore eman behar izan dute hainbat puntutan, bereziki oposizioak. Izan ere, testuaren arabera, Salek immunitatea lortuko zuen beretzat eta familiarentzat, matxinoen kontrako errepresioan gutxienez 170 lagun hil diren arren. GCC Persiako Golkoko Lankidetza Kontseiluko sei herrialdeek —Bahrain, Kuwait, Oman, Qatar, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak— egin dute bitartekari lana, eta beraiek proposatu dute trantsiziorako itunaren testua.

Alabaina, ezerezean geratu da ahalegin guztia. Apirilaren amaierarako onartu zuten ituna bi aldeek, baina Salek atzera egin zuen segituan Herriaren Biltzar Orokorra alderdiko buru gisa soilik sinatu nahi zuelako, ez presidente gisa. Bestalde, oposizioak ere ez zuen begi onez ikusten Salek immunitatea izatea.

Ez atzera ez aurrera zegoen egoera, eta Al Ziani GCCko idazkari nagusia Sana hiriburuan egon da joan den igandeaz geroztik bi aldeekin lanean. AEBetako eta Europako Batasuneko diplomazialariak ere tartean izan dira, eta testuan aldaketa txiki batzuk egin ostean bi aldeek onartu zuten atzo akordioa. Oposizioak Saleren kontrako protestak geratzea hitzeman zuen, eta Salek bere alderdiko buru gisa ez eze, Yemengo presidente gisa sinatzea onartu zuen, oposizioak eskatu bezala.

Baina azken unean dena zapuztu zen. Oposizioaren izenean, Iasin Said Noman koalizio burua zen sinatzekoa. Azken unean, ordea, Mohamed Salem Basandua Elkarrizketa Nazionalerako Batzordeko presidenteak sinatzea eskatu zuen oposizioak, eta Salek ez zuen onartu. Gainera, protestak zuzentzen dituzten gazte erakundeen idatzizko baimena ere eskatu zion Salek oposizioari.

Azken unean elkarri jarritako baldintzek zapuztu dute lortzear zen akordioa. Etxe Zuritik ere telefono deia egin zioten Saleri, ituna sina zezala eskatzeko. Alferrik, ordea. Dena dela, ez da Yemenen antzeko zerbait gertatu den lehen aldia. Maiatzaren 1ean ere ituna sinatzekotan zirela esan zuten, baina ez zuten hala egin.

Joan den urtarrilaren 27an hasi zituzten yemendarrek Saleren kontrako protestak, lehenago Tunisian eta Egipton sortutako iraultzak eredutzat hartuta. Aldaketa demokratikoak eskatu zituzten lehenengo, eta Saleren erregimena amaitzea gero. Gobernuak errepresio gogorra eginez erantzun zien hasieratik, eta ia lau hilabeteko liskarren ostean gutxienez 170 lagun hil ditu, azken zenbaketen arabera.

Botereari lotutako gizona

Krisi politiko eta humanitarioaz gain, ordea, Gobernuren eta oposizioaren arteko liskarrek krisi ekonomiko larria ere eragin dute herrialde arabiar txiroenean. Saleren kontrako iraultzak 5.000 milioi dolarreko galera ekarri dio Yemeni, 2009an izan zuen barne produktu gordinaren %17.

Zailtasunak zailtasun, botereari eusten jakin duen agintaria dela erakutsi du Salek azken 33 urteetan, eta bereziki azken lau hilabeteetan. Sinatu ez duentrantsiziorako itunean ere beretzat eta familiarentzat immunitatea bermatzea lortu du.

1978an iritsi zen Sale Ipar Yemenen presidentetzara –Yemen bi estatutan banatuta zegoen orduan: kapitalista iparraldean eta sozialista hegoaldean–, ofizial gaztea zenean. Horrela, bi hamarkada iraun zuen gerra zibila amaitutzat eman zuen, eta 1990ean, Sobiet Batasunaren desagerpena baliatuz, Yemengo hegoaldea eta iparraldea batzea lortu zuen. Harrezkero, agintean jarraitu du, eta herrialdearen batasunaren bermatzaile bakartzat agertu du bere burua behin eta berriz. Bere kontrako protesten aurrean ere ideia bera saltzen ahalegindu da, matxinoek herrialdearen banaketa baino ez dutela bilatzen argudiatuz.

Azkenekoz, 2006an aukeratu zuten Yemengo presidente, botoen %77 eskuratuta, baina iragan abenduan Konstituzioa aldatuko zuela iragarri zuen, hurrengo legealdian ere karguari eusteko. Erabakiak haserrarazi egin zuen oposizioa, eta Tunisia eta Egiptoko iraultzen ostean, haserrea kaleetan erakutsi zuten aldaketa demokratikoak eskatuaz. Protestak baretze aldera, 2013ko presidentetzarako bozetan ez zuela hautagaitzarik aurkeztuko eta bere semea oinordetzan ez zuela jarriko zin egin zuen. Baina oposizioak ez zion sinetsi, eta protestek jarraitu egin zuten. Urtea amaitu aurretik kargua lagako zuela zin egin zuen gero, baina erabaki horrek ere ez zuen protestak gelditzerik lortu.

Azkenean, halabeharrak bultzatuta, boterea uzteko ituna sinatzear dago. Baina oraindik ere, tarte batez botereari helduta jarraitzea erabaki du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.