Kubako Meteorologia Institutuaren arabera, itsasoko urak ehunka metro egin ditu hiriburuan barrena eta herritarrek ezin dituzte autoak erabili, soilik ontziak. Hiriak argirik gabe segitzen du eta marea berrien eraginez erabat geldirik jarraituko du. Habanan 20.000 pertsona baino gehiago atera dituzte edo joan behar izan dute beren etxeetatik, eta beste probintzia batzuetan orotara 200.000 bizilagunek lekuak hustu behar izan dituzte. Floridan, aldiz, Jeb Bush gobernadoreak (AEBetako presidentearen anaia da) herritarrei eskatu zien ibilgailuak ez erabiltzeko, urakanak indarra galdu arren oraindik «arriskutsua» dela argudiatuta. Irrati eta telebista kate batzuek esan zuten Miami hiriko erdigunean «arpilatze saioak» egon zirela. Bitartean kaleak blokeatuta zeuden, eroritako zuhaitz zein argindar mastekin eta zirimolak eragindako hondakinekin. Agintariek jakinarazi dutenez, 1992an Andrew urakanak eragindako kalteen adinakoak eragin ditu orain Wilma-k Floridan. AEBetako suntsitzaileenetako bat izan da Andrew. Bien bitartean, Miami-Dade eta Broward konderrietan agintariek ezarritako etxeratze aginduak indarrean zirauen bart.Kuban, Wilma urakana eta Alpha ekaitz tropikala handik jada paseak izan arren, alerta egoeran jarraitzen zuten. Alpha ekaitz tropikal izan ondotik depresio tropikal bilakatu zen, indarra galdu ahala, eta Kubako ekialdetik igaro ondoren Dominikar Errepublika astindu zuen. «Urakanek inguratuta gaude», nabarmendu zuen herenegun Kubako presidente Fidel Castrok. Halako fenomeno naturalen aurrean neurri sendoak hartzeko beharraz ohartarazi zuen, uholdeen arriskuak oraindik zirauela nabarmentzeaz gain. Castrok esan zuen Kubak baliabide urriak izan arren AEBek duela 40 bat urte ezarritako bahimenduak zerikusi handia du horretan, nazioartean eredu bihurtu dela, «urakanetan herritarren biziak salbatzen» dituela nabarmenduta. Nazio Batuen Erakundeak eredutzat hartu ditu Kubako Gobernuak urakanen aurrean abian jartzen dituen defentsa zibilerako planak.Uhartean 620.000 pertsona baino gehiago atera dituzte mendebaldeko probintzietako kosta eremuetatik zein mehatxatutako beste gune batzuetatik. Ekialdean, aldiz, 2.000 pertsona atera dituzte beren etxeetatik. Uholderik larrienak Habanako hegoaldeko kostaldean gertatu dira, hala nola Surgidero de Batabano eta Guanimar hirietan. Pinar del Rio ere joa izan zen, eta dozenaka etxebizitza eta tabakoa idortzeko eraikin batzuek kalteak izan zituzten.
Salaketak Yucatanen
Bestalde, Mexikoko Yucatan penintsulako Cancun hirian hainbat denda eta supermerkatu arpilatu zituzten herritar batzuek herenegun. Batzuek goseari zein egarriari aurre egiteko elikagaiak hartzen zituztelarik, beste batzuek etxetresna elektrikoak ebatsi zituzten. Poliziek hainbat tiro egin zituzten denda batetik gauzak eramaten ari zirenak uxatzeko. Hauek, ordea, harriak eta porlan puskak botaz erantzun zieten. Erdigunean, uholdeek ur maila belaunetaraino igoarazi arren, denda oso bat hustu zuten.
«Urakana iritsi bezain laster, jendea ebasten hasi zen. Tristea da, Cancun leku lasaia baita. Jende ona gara. Hau ez da normalean gertatzen», kexu zen Eva Bernabe izeneko herritarra.
Euri erauntsiak bukatzen ari zirela, hainbat herritar eta turista elikagaiak erosteko zain zeuden ilaretan; beste batzuek, ostera, dendak eta hoteletako logeletako hozkailuak arpilatzea erabaki zuten. Poliziak eta Armadak dozenaka pertsona atxilotu zituen arpilatzaileen kontra jarritako kontroletan. Mexikon, agintariek esan zutenez, gutxienez hiru pertsona hil dira Wilma-ren ondorioz. Iragan astean, aldiz, 13 pertsona hil ziren Jamaikan eta Haitin.
La Jornada egunkariak salatu duenez, Yucatanen «bi kaltetu mota» izan dira, «bost izarretakoak eta baztertuak». «Quintana Roo hiritik aterarazitako mila turista atzerritar eta mexikar Mayabeko eta San Agustingo unibertsitateetako egoitzetan egokitu zituzten bitartean bost izarretako hoteletakoa bezalako arreta jasotzen dute, hiriburu horren inguruko komunitateetako populazio maia egoki duten aterpeetan ez da gauza bera gertatzen».
Egunkariari jarraiki, ostiralean turista bakoitzari egunean hiru otordu bero, ura eta Internet eskaini zizkioten baina herritar maia bakoitzari soilik bi botila ur eta gaileta poltsa bat; denentzako koltxonetarik ez zen izan.
Datua
21
Urakanak izendatzeko sei izen zerrenda prestatuta uzten ditu urtero, aldez aurretik, WMO Meteorologiaren Munduko Erakundeak, eta sei urteko zikloa amaituta berriz erabiltzen ditu. Alfabetoko letra guztiak (q, u, x, y eta z izan ezik) erabili eta emakumezko eta gizonezkoen izenak txandakatzen ditu. Hala, urakanen sasoi batean 21 izen erabiltzen ditu gehienez. Oraingoan, ordea, kopurua 22ra igo da, eta alfabeto greziarrera jo behar izan du WMOk. Hala, larunbatean sortutako ekaitz tropikalari Alpha jarri dio.