Zakurrak besterik ez gara Libia berrian, eta denek jakitea nahi dugu», dio Hamuda Bubakarrek Tripoliko Martirien Plazan. Haserre eta etsita dago. Tarik Matarko errefuxiatu guneetatik iritsi da 23 urteko neska, oinez. Berrehun bat laguneko taldea osatzen dute, eta denak beltzak dira. «Dagoeneko bi hilabete baino gehiago eman ditugu barrakoi haietan», gaineratu du Aishak. Ez du bere abizena jasotzea nahi, eta ulertzekoa da. «Astearte gauean, Misratako gerlariek gure kanpalekuan sartu eta zazpi gazte eraman zituzten. Ez dakigu ezer haietaz», dio 40 urteko emakumeak. Azken asteotan euretako hainbat bortxatu dituztela baieztatu du.
«Altxa ezazu burua, libiar askea zara eta!», hasi dira kantatzen manifestariak. Huraxe izan da, hain justu, Libiako iraultzaileen leloetako bat joan den otsailean Muammar Gaddafiren kontrako matxinada piztu zenetik. Manifestariek Tripoliko zirkulazio astuna erabat geldiaraztea lortu dute azkenean. Gero, plazako gerlari armatuek hartu dute hitza : «Hementxe bertan akabatzea merezi duzue Misratan egin zenutenagatik», bota die kamuflajez jantzitako soldadu batek protestan ari direnei, taldekideek isilarazi eta baztertu baino lehen.
Tauargakoak dira manifestari guztiak. Bertatik egin zen, hain zuzen ere, Misrataren gaineko setio bortitza, ia bi hilabete iraun zuen amesgaiztoa. Surtekin batera, Misrata izango da, zalantzarik gabe, gerrako indarkeria saiorik bortitzena bizi izandako herria Libian. Ordubete geroago manifestaldia desegin egin da. Milizianoen presioak batetik, eta plaza zabalean geratutako ehunka autok bestetik, ia haserre ahots guztiak isilarazi dituzte azkenean. «Gaddafistatzat hartzen gaituzte, baina, gure kasuan, are okerragoa da, beltzak garelako. Libiako beltz guztiok asko sufritzen ari gara gaur egun», dio Rahman Abdulkarim. Bueltako txango luzeari ekin dio segidan.
Hutsune handiak
Bi orduren ostean, gaztea Tripoli hegoaldeko auzoetan bueltan da berriro. Hango porlanezko «habien» eraikuntza gerrak eten zuen; horrela, langile ohien barrakoiak dira gaur egun milaka desplazaturen etxe. Gehienak Bani Ualid edo Tauarga hirietatik datoz, Gaddafiren jarraitzaileen gotorlekuetatik eta, gutxi batzuk, Abu Salimdik. Huraxe izan zen erreboltarien eskuetan erori zen azken auzoa Tripolin.
«1.187 etxebizitza eraikitzeko bidean», dio, oraindik ere, Fallako kanpalekuko sarrerako kartel izugarrik batek. Oraingoz, erosoagoak dirudite uralitazko barrakoiek, atzeko porlanezko egitura erraldoi eta biluziek baino. «Berrehun familia bizi dira kanpaleku honetan, denak Tauargakoak», azaldu dio BERRIAri Abdurrahman Abudeer langile boluntarioak. Zorionez, desplazatuen kopuruarekin bat igo da haiei laguntzera inguratzen diren tripoliarrena.
Joan den irailean, Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak Tauargako errefuxiatuen kontrako «indarkeria eta gehiegikeria kasu ugari» salatu zituen. Txosten berean, erakundeak zioen milaka errefuxiatu horrelako kanpalekuetan bizi direla, bai eta egoera okerragoan ere.
«Orain hemen dauden batzuek hondartzan eman zituzten egun asko hona etorrik aurretik. Gehienak ez dira kalean ibiltzen ere ausartzen», azaldu du Abudheerrek. Tauargako errefuxiatuak 27.000 direla dio, baina baliteke gehiago izatea ere, Tauarga hiri mamua baita gaur. Tarik Matarko errefuxiatu gunean irudi bera dago. Inguruko hesietan eskegitako arropek apenas ezkutatzen duten barruko familien drama. Bertako azken erroldak Tauargako 325 familia jaso ditu, eta Abu Salimgo zazpi.
Azmaren gela xumean zortzi senide bizi dira. Bertan, galdutako azken senidearen erretratua erakusten du. Abdulla anaia autotik aterarazi zuten, eta betiko desagertu zen Tripoli kanpoaldeko kontrolgune batean. Haren hiru seme-alabek eta Azma arrebak orduan ikusi zuten azkeneko aldiz. Autopsia ere eskuetan darabilte: «Buruan eta bularrean jasotako kolpeez hil da». Horrelakoak entzunda, iragan asteartean desagertutako zazpi gazteen senideak oso kezkatuta daude. «Gure semeak Misratan aurkitutako bideo grabaketa batean ikusi zituztela zioten gerlariek. Aurpegiak egiaztatu behar zituztela esan ziguten».
Mabruk Muhamed errefuxiatuak janari eta bestelako horniketen sarrera kudeatzen du gaur egun kanpalekuan. Gobernutik ez, ekimen pribatuetatik iristen omen da gehiena bertara. «Kanpamentuko segurtasuna dugu lehentasuna orain. Aurrerantzean, Misratakoek etxera bueltatzen uztea nahi dugu denok hemen», azaldu du Muhamedek, supermerkatu-barrakoiko sarreran.
Tauargara bueltatzea, baina, gehienek baztertutako ametsa da dagoeneko. Nola biziko dira lasai han euren bizitza bertan ere arriskuan dagoela? Abdulla Fakirrek, Tripoliko Kontseilu Militarreko arduradun nagusiak, kanpamentuetan segurtasuna indartuko zuela esan zion BERRIAri. Muhamedek ez du zalantzan jartzen buruzagi militarraren borondate ona. Edonola ere, errefuxiatuak nekez sinets dezake arriskua gutxituko denik epe laburrean. «Misratakoek oso delitu larriak leporatzen dizkigute tauargatarroi, salbuespenik egin gabe. Iragan asteartean, Misratako sei milizietako ehundik gora etorri ziren kanpalekura», azaldu du Muhamedek. «Misratakoak oso indartsuak dira gaur egun Tripoliko kaleetan. Zintangoek, Zauijakoek… eta gainontzeko gerlariek ere beldur handia diete».
Libia. Gaddafiren ondorena
«Zakurrak besterik ez»
Mendeku gosea dago Libia berrian, eta errefuxiatuen kanpalekuetan egoera txarrean eta beldurrez bizi dira 'gaddafistatzat' jotzen dituzten libiarrak, batez ere beltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu