TXILEKO HAUTESKUNDEAK

Zalantzan daudenen bozek erabakiko dituzte gaurko hauteskundeen emaitzak

Bachelet sozialistak bost puntuko aldea ateratzen dio eskuineko hautagai Piñerari

Kristina Berasain Tristan.
2006ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Igandean bide berri bati ekingo diogu. Jendearentzako eta jendearengatik izango da nire gobernua, eta pentsatzen dudana esango dut eta esaten dudana egingo dut. Emakume baten hitza da». Michelle Bachelet hautagai sozialistak hauteskunde kanpainaren amaierako ekitaldian egindako adierazpenak dira. Santiago hiriburuan milaka eta milaka pertsonaren sostengua jaso zuen gaurko bozak irabazi eta herrialdeko aurreneko emakume presidentea izatea espero duen Bacheletek.

Iragan ostegunean argitara emandako azken inkestan bost puntuko aldea ateratzen zion sozialistak eskuinaren hautagaiari. Sebastian Piñera enpresaburak aberats okitua da amaiera jarri nahi dio demokrazia ezarri zenetik agintean egon diren zentro-ezkerreko gobernuen garaiari: «Gobernu bat ez bada gai osasun duina eta kalitatezko hezkuntza eskaintzeko eta edadetuak errespetuz tratatzeko, ez du merezi agintean denbora gehiagoz egotea. Boterean txandakatzea komeni da, haize freskoa sartu eta eguzkiaren izpiek herrialdea argitu dezaten».Valparaison egin zuen hauteskunde kanpainako azken ekitaldia bost mila eta hamar mila pertsona artean bildu zituen, eta eskuinaren garaia dela aldarrikatu zuen.

Augusto Pinocheten diktaduraren ostean (1973-1989) demokrazia ezarri zenetik laugarren bozak egingo dira gaur Txilen zentro-ezkerreko gobernuak egon dira agintean azken hamasei urteotan. Orotara, 8,2 milioi txiletar daude deituta gaur egingo diren bozen bigarren txandan botoa ematera. Ricardo Lagos presidentea datorren martxoaren 11n ordezkatzeko aukera duten bi hautagaien artean erabaki beharko dute egungo presidentearen agintaldiak herritarren %75en sostengua du. Inkestek hautagai sozialista garailetzat jotzen badute ere, zalantzan daudenen botoek erabakiko dituzte emaitzak. Milioi bat pertsona omen daude oraino botoa nori eman erabaki gabe. La Monedaren hurrengo maizterra zein izango den haien esku dago.

Bacheletek bozen %45,95 jaso zituen hauteskundeen aurreneko txandan. Piñera eskuindarrak, berriz, botoen %25,41.

Lavinen sostengua

Abenduaren 11n egin ziren hauteskundeen aurreneko txandan aurrera egin ezinean gelditu ziren alderdiek, baina, hautagai bati edo besteari eman diote sostengua oraingoan. Joaquin Lavin hiriburuko alkate ohi ultrakontserbadoreak, ildo horretan, babesa erakutsi dio azken egunotan diskurtso moderatuagoa agertu duen eskuineko hautagaiari Lavinek botoen %23 eskuratu zituen aurreneko txandan.

Piñerari, hartara, anbiguoa izatea leporatu diote. Diktadura ahaztu nahi duten zentro-eskuinekoen eta hura babestu zutenen ultrakontserbadoreen botoak jasotzeko asmoak kalte egiten ahal diola ohartarazi dute hainbat informazio iturrik. Txileko Alderdi Komunistak, berriz, hautagai sozialistaren aldeko botoa eskatu zuen atzo. Bacheletek irabaziz gero, alta, ez dutela garaipena ospatuko eta oposizioa egiten jarraituko dutela zehaztu zuten. Ofizialismoaren ordezkariak neoliberalismoa sostengatzen duela eta euren jarrera eskuinaren porrota eragiteko baino ez dela gaineratu zuten. Bacheletek, halaber, ofizialismoaren eta herrialdeko kultur ordezkarien babesa jaso du. Jorge Edwards eta Antonio Skarmeta idazleek, Juan Guzman epaileak eta Humberto Maturana biologoak eta filosofoak haren aldeko boza emateko eskatu dute. Diktadurako biktima da Bachelet. Salvador Allenderi babesa eman zion Alberto Bachelet jeneralaren alaba da. «Txileko bekatu nagusiak biltzen ditut nire baitan: emakumea naiz, sozialista, agnostikoa eta dibortziatua». Konstituzioa aldatzeko aukera izango luke diktadurako ituna dago oraindik indarrean bozak irabaziz gero.

 

 



 

INDIGENAK



 

Botoak jasotzeko baliatzea salatu dute maputxeek





Presidentetzarako bozetarako bi hautagaiek kanpainan zehar egin dituzten promesa politikoen helburu bakarra botoak jasotzea izan dela eta indigenak helburu horretarako baliatu dituztela salatu dute maputxeek. Lur Guztien Kontseilua erakunde maputxeko buruzagi Aucan Huilcamanen arabera, hautagaiek ez dute esandakoa betearazteko inolako asmorik.

Kanpainan zehar aurkeztutako lege proposamena aurrera ateraz gero, maputxeei herri izaera onartuko diete. Legea egun dagoen moduan onartuz gero, alta, matxinatu egingo direla jakinarazi zion buruzagi maputxeak Berriari: «Testuak herri indigenen eskubideak mugatzen ditu eta, esaterako, ez ditu bermatzen lurrak izateko edo autodeterminaziorako eskubideak». Huilcaman bozetara aurkeztu zen aurreneko maputxea izan zen, baina bere hautagaitza atzera bota zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.