Martxoaren 8ari begira. Burkaren erabilera Europan

Zapiaz harago

Aste honetan Martxoaren 8ari begirakoak izango dira erdiz-erdikoak. Burkaren erabilerari buruzkoarekin hasiko da erreportai sorta. Arautu behar da haren erabilera?

Samara Velte.
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Frantzia izan zen lehena. Europako Batasunean komunitate musulman handiena daukan herrialdeak 2011n debekatu zuen toki publikoetan aurpegia estaltzen duen edozein jantzi eramatea, tartean burka deitu ohi zaion zapia. Ordutik, 150 euroko isuna jar diezaiekete araua hausten dutenei. Parisek neurria indarrean jarri eta gutxira, Belgikak gauza bera egin zuen, eta eztabaida piztu zen Mendebaldeko ia herrialde guztietan: tradizio kristauko Europan, arautu behar dira emakume musulmanen jantziak?

Auzi gatazkatsua da, goitik behera nahasten dituelako Mendebaldeko ezkerraren eta eskuinaren ohiko kontzepzioak; kontserbadoreen argudio paternalistak, kultura arrotzekiko aurreiritziak eta ezkerreko sektoreen konplexuak korapilatzen dira, ustez arrazoi berberaren izenean: emakumeen eskubideen defentsa. «Gorputz osoa eta aurpegia estaltzen dituen beloak emakumea norbanako gisa ezabatzen du espazio publikoan», argudiatu du Emakumeen Eskubideen aldeko Nazioarteko Ligako Annie Sugierrek: «Nolatan ez gara ohartzen beloa janztea beste emakumeekiko indarkeria sinbolikoa ere badela? Janzten ez dutenak irainduta sentitzen dira hura ikustean, iraganeko zapalketak gogorarazten dizkielako». Wassyla Tamzali Unescoko genero berdintasunerako zuzendari ohia da haietako bat. Jaiotzez aljeriarra izanik, amorruz mintzo da buruko edozein zapi motaz El burka como excusa: terrorismo intelectual, religioso y moral contra las mujeres (Burka, aitzakia gisa: emakumeen aurkako terrorismo intelektual, erlijioso eta morala) liburuan. «Beloak ezkerreko intelligentsia-ren esferetan ere topatu du babesa, baita feministen artean ere; asko ez dira gai hura gaitzesteko. Burkak, islamismoaren garaipena baino, Europako feminismoaren porrota adierazten du». Tamzalirentzat eta 1970eko feminismo arabiarretatik datozen beste emakumeentzat, zapiak izaera politikoa du, eta beraz, ekintza politikoekin egin behar zaio aurre. «Tratu txar fisiko, sozial eta sexual gisa begiratu behar zaio», dio Txahdortt Djavann erbesteratutako idazle irandarrak: «Beloa islamismoaren bandera da, emakumeon izar horia».

Maila parlamentarioan, ordea, banaketa bitxia gertatu da zenbait lekutan. Kataluniako legebiltzarrak, esaterako, uztailean onartu zuen aurpegia estaltzen duten zapiak debekatzeko lege proposamena, alderdi kontserbadoreenen botoei esker: CiUk abiatu zuen egitasmoa, eta PSCk, PPk eta Ciutadansek babestu zuten; ERC abstenitu egin zen, eta CUPek eta ICV-EUiAk aurka bozkatu zuten. «Enfokea okerra da», azaldu zuen Gemma Calvet ERCko diputatuak: «Emakumeen duintasunaren ikuspegitik begiratu behar zaio auziari. Ezin dugu debeku hitza erabili, horrek biktima zigortzea esan nahi baitu». Tamzaliren arabera, gaiak barne gatazka handia eragin ohi die ezkerreko alderdiei: «Gaur egun, burkaren aurka bazaude, Europako eskuinaren eremuan kokatzen zara. Horrek egoera deserosoan jartzen ditu feministak, suposatzen delako feminismoa pentsaera ezkertiar eta aurrerakoia dela, eta ikuspegi horretatik kanpo emakumeen eskubideek prekarioki baino ez dutela aurrera egiten».

Kataluniako Parlamentuaren bozketaren ondotik, debekuaren aurkako komunikatu bat argitaratu zuen Emakume Musulmanen Sareak, neurria «sexista, arrazista, baztertzailea eta estereotipo islamofoboetan oinarritua» zela argudiatuz. «Emakume eta gizonen arteko berdintasunean sinesten dugu, eta emakumeen askatasuna mugatzeko edozein forma gaitzesten dugu, baina burkaren auzia konpontzeko bidea ez da debekuak jartzea, baizik eta arazoa sufritzen dutenekin zuzenean lan egitea. Debekuak kalera ez irtetera behartuko ditu emakumeak, eta erabat baztertuko ditu». Sarea osatzen duten erakundeen ustez, eztabaida, funtsean, ez da hainbeste fedearekin lotutako tradizioen ingurukoa, norbere irudiaren gaineko eskubideei buruzkoa baizik: «Ikuspegi feministatik, desegokiak dira janzkerei buruzko argudio esentzialistak. Ez ditzagun ahatz gure gona motzei eta eskoteei konnotazio sexista kentzeko izan ditugun borrokak».

Zapia eta politika

«Erlijioarekin zerikusia duen edozein sinbolok dauka karga politiko, sozial, kultural eta historiko handia, baina karga hori beti da aldakorra», azaldu du Itzea Goikolea (Gasteiz, 1984) feminismo arabiarretan espezializatutako ikerlariak: «Independentzia lortu osteko urteetan, ideologia ezkertiar eta sekularra zen nagusi herrialde arabiarretan: Gamal Abdel Nasser Egipton, Habib Burgiba Tunisian, Saddam Husseinen Baath alderdiaren hasierako etapa Iraken... Komunismoak ere garrantzi handia zuen». 1970eko hamarkadatik aurrera, herrialdeok, oro har, islamismorako joera handiagoa hartu zuten: «Orduan hasi ziren emakumeen beloak eta gizonen bizarrak nagusitzen».

Egia da, beraz, egoera politikoak eragiten duela zapiaren erabileran. «Boterearen diskurtsoak beti dauka karga patriarkala, eta hori, sarri, emakumeen gorputzaren gaineko kontrolean islatzen da. Baina diskurtso hori, hemen, patriarkala izateaz gain, islamofoboa eta arrazista da». Burkaren auzia Europan eztabaidatzen denean, emakumeen eskubideen aldeko diskurtso askoren atzean «ikuspegi paternalista eta kolonialista» dago, Goikolearen ustez. «Gezurra da alderdi kontserbadoreek emakumeen eskubideen defentsan dihardutela», dio. «Politikoki oso erosoa da hori defendatzea, baina haien politikak ikusita garbi dago ez direla feministak. Kontua da emakumeen askatasunaren auzia estrategikoa dela». Ikerlariaren arabera, ez da kasualitatea Europako agintariek arreta berezia jartzea emakume atzerritarrek sufritzen duten diskriminazioan: horrek bertakoena ezkutatu eta Mendebaldeko kulturaren aldeko diskurtsoa indartzen du. «Argudio berberak erabili zituzten Europaren politika inperialistak abiatzeko, baita Afganistan eta Irak okupatzeko ere. Binomio bat da: mutur batean, Mendebaldea kultura aurrerakoi eta garatu baten gisan ageri da, eta bestean, emakumeak zapaltzen dituzten Ekialdeko kultura basati eta atzerakoiak. Burka debekatu nahi dutenean, gauza berbera sinetsarazi nahi digute alderdi kontserbadoreek».

Goikolearen iritziz, norberaren erabakia da gorputza nola jantzi eta mugitu, eta ez instituzioek arautu beharreko zerbait. «Askoz onuragarriagoa litzateke erakunde horiek pertsonen erabakitzeko eskubidea bermatzen duten ekinbideak bultzatuko balituzte; adibidez, hezkuntza publiko, independente eta parekidea sustatuz». Herrialde arabiarretatik etorritako emakumeei galdetuz gero, haiek ere bestelako politika batzuk eskatzen dituztela nabarmentzen du Emakume Musulmanen Sareak: «Beste edozein pertsona jabetzeko bide beretik heldu behar zaio beloaren auziari: pertsona horien argudioak eta beharrak entzun, euren erabakien jabe izateko eskubidea defendatu eta komunikazioan eta hezkuntzan oinarritutako tresnak eskaini».

Feminismo islamikoa(k)

Zapia erabiltzen duten emakume musulman gehienek argi diote: euren erabakiz janzten dute, ez behartuta. Kasu batzuetan, Mendebaldeak inposatutako kulturarekiko erresistentziaren ikur ere bihurtzen dute zapia, euren nortasuna eta subjektu izaera azpimarratze aldera. Emakume horientzat, zapia ez da botere patriarkalaren sinbolo, burujabetza kulturalaren adierazle baizik.

Baina, bateragarriak ote dira erlijioa eta feminismoa? Goikoleak azaldu duenez, gizartea nagusiki musulmana den herrialdeetan bi jarrera hartu izan dituzte emakumeen eskubideen aldeko mugimenduek. Batetik, feminismo sekularra dago, 1920ko hamarkadatik aurrera Egiptotik Ekialde Hurbilera hedatu zena. «Erlijioa patriarkatuak kutsatutako zerbait balitz bezala ulertzen zuten, eta beraz, botere patriarkalari aurre egiteko, botere erlijiosoa ere kritikatu zuten». 1970eko hamarkadako mugimendu feministek ere —tartean, Tamzaliren belaunaldiak— emakumeen askatasuna murrizten duen egitura gisa ulertzen zuten islama.

Azken urteotan, baina, herrialde arabiarretako emakumeen sektore batek euren jabekuntzarako tresna bihurtu du erlijioa: «Emakume hauek fededunak dira, eta islamean dauden aztarna patriarkalak deseraikitzen dituzte; izan ere, islamak berez berdintasuna dakarrela defendatzen dute». Feminismo islamdarraren ustez, arazoa da erlijioa eliteetatik interpretatu dela, gizonezkoek menderatutako zirkuluetatik. Horrek ezinbestean zabaldu du interpretazio matxista: «Azken batean, feminismoak beste esparruetan egin izan duena egiten du feminismo islamikoak: patriarkatua deseraiki eta dena delakoa feminismotik ulertarazi; historia, antropologia, zientzia eta munduko beste edozein esparru generoak zeharkatzen dituela ulertuta».

1970eko hamarkadako feministentzat, argudio hori onartezina da. «Nire amonak zapia jantzi behar izan zuen, eta eskuak burura eramango lituzke askapen borrokaren izenean ilea ezkutatuko banu», dio Tamzalik. Goikoleak, ordea, «potentzial handia» aitortzen dio mugimendu horri; besteak beste, herrialde arabiarretan gizarteko sektore zabal batengana heltzeko gaitasuna duelako.

Europako ezkerraren beldurrak

Erlijio musulmana «pentsamendu europarraren zulo beltza» da, Tamzaliren hitzetan: «Azkenerako, Europako gizarte liberal eta laikoek onartu dute beloaren erabilera beste gizarte ordena bateko elementu bat dela, eta musulmanek euren erlijio eta kulturaren sinbolo gisa aldarrikatzen dutela». Horregatik, burkaren erabilera legez arautzea erabaki duten estatuetan, ezkerreko alderdiak eztabaidatik at mantendu izan dira sarri, islamofobiko agertzearen beldurrez. «Ezkerreko talde eta alderdietan badago norberaren mundu ikuskerarekiko kritikoa izateko asmo bat, Mendebaldekoa eta patriarkala delakoan. Baina askotan hor geratzen da, eta ez da jarrera politiko argi batean islatzen». Goikolearen ustez, botereguneetako diskurtso islamofobiko eta patriarkala nola eraikitzen den agerian uztea litzateke jarrera koherenteena: «Alde batetik, salatu behar da islamofobia horrek nola diskriminatzen dituen gehiago emakumezkoak gizonezkoak baino. Eta bestetik, islam patriarkalaren forma zehatzei egin behar zaie aurre».

Zaila da komunitate baten ohiturak kritikatzea, batez ere komunitate horrekiko botere posizio batetik ari garenean: inork ez du misiolariarena egin nahi, are gutxiago norbere gizarteko tradizioa—hain zuzen ere, aldatu nahi den sistema hori— goraipatu eta besteei lezioak eman. Gatazka horrek «multikulturalismo akritikoan» erortzeko arriskua dakarrela azaldu du Goikoleak: «Emakumeak zapaltzen dituen kultura bat errespetatzea kontraesana iruditzen zait. Baina kritika hori egiteko, lehendabizi norbere posizioa zalantzan jarri behar da, eta kode horiek kultura bakoitzean duten esanahia ulertu. Zoritxarrez, kultura gehienak botere patriarkalaren menpe daude; bakoitzean forma desberdinak hartzen ditu, eta gure kulturakoak naturalizatuta dauzkagu, onartuta, normalduta. Gure kasuan, pentsatu behar genuke Euskal Herri plural eta feminista nola eraiki, gure kulturan dauden adierazpen matxistak deseraikitzetik hasita. Hortik abiatzen bagara, errazagoa izango zaigu beste komunitateekiko elkarlana eta elkartasuna bilatzea; bai, behintzat, soilik kanpotik kritikatzea baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.