David Cameron lehen ministro ohiak 2015eko hauteskundeetarako manifestuan Europako Batasunean jarraitzeko erreferenduma antolatuko zuela promestu zuenean, gutxik iragarri zuten herrialdeak hartuko zuen norabidea. Gaur duela urtebete, ezusteko guztiak gaindituz erabaki zuten Erresuma Batuko herritarrek Europako Batasunetik ateratzea, eta, ordutik, gai politikoak inoiz baino presenteago egon dira herritarren egunerokoan; brexit-a eta hark erreskadan eragindako aldaketak. Kalean galdetuz gero, ordea, inor ez da gai ziurtasun osoz erantzuteko zer gertatuko den edo nola eragingo dien. Urtebeteko itxaronaldiak, informazio faltak eta ziurgabetasunak ezjakintasuna eta noraeza sortu dute gizartean. Herritarrek badakite Erresuma Batuan ezer ez dela berdina izango, baina ez egunerokoan nola eragingo dien.
«Hitz hutsak eta eztabaida antzuak, hori da azken urtean izan dugun bakarra». Michael Bayleyren hitzak dira horiek. Birminghamgo 60 urteko mantentze lanetako teknikaria Londresen bizi da egun. «Negoziazioak abiatu arte ez dugu ezer jakingo, berdin dio aditu eta politikariek zer dioten». Ez dela lotsatzen dio brexit-aren alde bozkatu zuela esateko, eta baikorra da: «Eztabaida handia dago, baina erabaki zuzena hartu genuela argi dut. Erresuma Batua indartuta aterako da». Bayleyren iritzia ez da nagusi Londresen. Eskozian, Ipar Irlandan, eta Ingalaterrako eta Galesko hiri handi batzuetan kenduta, brexit-a gailendu zen iazko erreferendumean. Industria eremu historikoek eta landa guneak ez dute bizi izan Londresen eta Ingalaterrako hegoaldearen gorakada ekonomikoa, eta haietan du indar handiena brexit-ak.
Arras ezberdina da Harriet Watford abokatuaren iritzia (40 urte). Erreferendumeko emaitzak harritu egin zuela onartu du, eta atsekabetuta dago tonu arrazistagatik. Gaineratu du baietzak alde txikiarekin irabazi bazuen ere hedabideetan emandako irudiak eta leave-ren jarrera ikusita pentsa zitekeela gehiengo zabalak babestu zuela Europako Batasuna uztea. «Jarraitzearen aldekoak ginen %48ak baztertu egin gaituzte, eta gure iritzia baliorik gabe utzi dute». Politikariek brexit-aren prozesua nola maneiatu duten galdetuta, salatu du gobernuak prozesuaren nondik norakoak azaldu beharrean «ogi apurrak» eman dizkiela: «Gobernua ez da gardentasunez jokatzen ari, eta etsigarria da prozesuaren inguruko informazioa lortzea». Horretan Bayleyk ere bat egin du Watfordekin. «Negoziazioak ez dira sekretuak izango, baina politikariek informazio pusketak soilik emango dizkigute».
Brexit-arekiko jarrera ere desberdina da galdetutakoaren adinaren arabera. Alex MacDonald ikasleak bezala (28 urte), gazte gehienek jarraitzearen alde bozkatu zuten. Egun, Londresen bizi da, baina, jatorriz, East Hertfordshirikoa da, Cambridge hegoaldean. Han, EB uzteko aukera gailendu zen erreferendumean, eta ezusteko «mingarria» izan zela gogoratu du: «Egun hartatik hona, ez naiz identifikatzengehiengoarekin». Bayleyk ez bezala, MacDonaldek argi du azken urtekoa eztabaida huts bat baino gehiago izan dela. «Azken urtean, tory-ek brexit-aren inguruko disidentzia oro isildu dute, eta prozesuaren inguruko ikuspuntu bakarra ezartzen saiatu dira».Uste du tory-ek brexit-a erabili nahi dutela Erresuma Batua euren irudira birmoldatzeko, eta horregatik nabarmendu du orain urtebete hasitako bidea borroka bat dela herrialdearen izaera zehaztuko duena.
Etorkizuna jokoan
«Brexit-aren hauteskundeak» bezala aurkeztu zituzten kontserbadoreek ekainaren 8ko bozak, eta horrela izan dira, baina ez dituzte tory-ek aurreikusitako emaitzak lortu, eta, gehiengo osoa galduta, parlamentuari kontsultatu beharko dio Mayk. MacDonald ziur da Mayk laboristekin elkarlanean aritu beharko duela bere alderdian brexit gogorra defendatzen dutenen aurka, eta horrek ekar lezakeela leunagoa: «Hauteskundeen emaitzak ikusita baikorra naiz; izan ere, egungo egoera politikoan, gobernuaren jarrera negoziaketetan ez da horren agresiboa izango».
Watford, ordea, ez da horren baikor ageri Mayren jarrera aldaketarekin: «Mayren irudia kaltetuta dago, eta boterea galdu du parlamentuan, baina ez dirudi bere jarrera aldatu denik». Azken asteotan hainbat politikari, enpresaburu eta herritarrek adierazi dutenaren ildo beretik aritu da: «Bozetako emaitzak ikusita, Mayk gainerako alderdien eta gizartearen proposamenak entzun behar ditu», adierazi du Watfordek, «ezin ditu negoziazioak Alderdi Kontserbadorearen interes eta beharrizanetara mugatu». John Major eta David Cameron lehen ministro ohien adierazpenak ere bide beretik joan dira.
Hala ere, Bruselak dagoeneko bere erritmoa ezarri du. Argi utzi du lehenik banaketa adostuko dutela, eta gero etorkizunean izango duten harremana. Ondorioz, herritarrek jakin nahi dute zer gertatuko den merkataritza eta immigrazioarekin, eta brexit gogorra ala leuna izango den.
Gogorra ala leuna. Hor dago gakoa, baina bai baten eta bai bestearen definizioa moldatuz joango diren kontzeptuak dira. «Politikari batzuek ez dituzte termino horiek erabiltzen, eta beste askok bestela interpretatzen dituzte.Beraz, ez dut uste horren argi dagoenik», dio Watfordek. Bayleyrentzat, ordea, ez dago ez brexit gogor ez leunik, «tratua tratua delako». Birminghamekoaren aburuz, alde bakoitza komeni zaionaren alde borrokatuko da, eta, azkenean, biek gutxi gorabehera ados dauden akordioa itxiko dute.
Haatik, plan argi baten faltak ekar lezake bi urteren buruan akordiorik ez lortzea. Ekonomialariek ohartarazi dute horren arriskuaz, eta Mayren kanpainako manifestuaren proposamenen artean «akordio eza akordio txar bat baino hobea da» esaldia aurkitzeak askoren beldurra piztu du. MacDonaldentzat eta Watfordentzat akordiorik ez lortzea Erresuma Batuaren amaiera litzateke. Bayleyrentzat, ordea, garai berri baten hasiera izan liteke. «Ez dut uste merkatu bakarrean jarraitzea horren garrantzitsua denik, eta ziur naiz onik aterako garela». Dioenez, negozioak hor jarraituko du, eta inori ere ez zaio komeni besteari bizkarra ematea.
Edonola ere, Bayleyk ohartarazi du orain guztiak merkatu bakarraz eta merkataritza akordioez ari direla, baina brexit-aren kanpainako gai nagusia immigrazioa izan zela. «Erreferendumaren atzean, immigrazioa zegoen. Brexit-aren aldekoek ez badute lortzen mugen kontrola, ez dira pozik egongo».
Egoera horren beste aldean daudenak Erresuma Batuan bizi diren EBko hiru milioi atzerritar dira. Eneko Saez de la Fuente arkitekto bilbotarra ( 27 urte) Sheffielden bizi da. Harentzat, luzeak izan ziren erreferendumaren aurreko asteak. «Inguruko inork ez zuen uste brexit-ak etorkizunik zuenik, baina, aldi berean, ezinezkoa zen gaiaz berbarik ez egitea». Galdeketaren ostean, azaldu duenez, ingelesak oro har ez dira eroso sentitzen brexit-az hitz egitean, bereziki atzerritarrekin, eta txantxetara jotzeko joera dute. «Akaso, errudun sentitzen dira, pertsonalki baino, herrialde gisa». Errudun sentitze horrek ekarri du atzerritarrak dituzten enpresek lasaitasun mezuak helaraztea. «Erreferendumaz gero nahiko sarri, enpresatik lasaitasun mezuak jaso ditugu, baina inor ez da gai izan informazio zehatza emateko».
Priscilla Agliardi italiarrak bi urte daramatza Erresuma Batuan lanean. Ez daki zer gertatuko den, ezta nola eragingo dion ere. Azaldu duenez, hainbat atzerritarri abokatuek gomendatu diete Erresuma Batuan bizi direla frogatzeko dokumentuak biltzen hasteko. De La Fuentek baieztatu du bere ezagun askok burokraziarekin lotutako hainbat kontu eguneratzea erabaki dutela, «badaezpada». Ez dakite, ordea, zein izango den gobernuak eskatuko duen gutxiengoa Erresuma Batuan bizitzen jarraitzeko. «Gobernuak promestu du immigrante kopurua jaitsiko duela, baina ez diola eragingo jada hemen bizi direnei. Ni ez naiz fio», azaldu du Agliardik. Nahiz eta heldu zenetik lana izan duen, bi urte baino ez daramatza Erresuma Batuan, eta ez daki nahikoa izango den.
Oraindik Mayren gobernuak ez ditu zehaztu immigrazio lege berrien nondik norakoak, baina, The Guardian-en arabera, gobernuak erregistro sistema bat ezarri nahi du atzerritarren egoera erregularizatzeko lehen pausu gisa. Edonola ere, Bruselarekin negoziazioak bukatu arte zaila izango da asmatzen batasuneko herritarren etorkizuna. Itxaronaldiak eta gobernuek emandako argibide faltak atzerritar askoren ezinegona areagotu du. «Urte bete igaro da, eta ezjakintasunaren aurrean, harriduratik desorientaziora pasa gara», baieztatu du Saez de la Fuentek.
Urtebetean aldaketa gutxi
Zalantzek, plan baten faltak, atzerritarren egoera… horrek guztiak aldatu al du Erresuma Batuko herritarren iritzia? Bayleyrentzat denak berdin jarraitzen du. MacDonalden ustez, gazteak dira iritzia gehien aldatu dutenak. «Ohartu gara ez genuela indar nahiko erakutsi erreferendumean, eta orain brexit-aren ondorioak jasaten ari garenez, gure eskubideen alde borrokatzea beste aukerarik ez dugu».
Guztiek, garrantzia kendu gabe, euren egunerokoan ahalik eta eragin gutxiena izatea nahi dute. Negoziazioak hasi berritan, akordioa egon edo ez, 2019ko martxoaren 29an Erresuma Batua EBtik kanpo egongo da. Ordurako zalantza guztiak argitzea espero dute, atzerritar zein etxeko, haien bizimoldea Bruselan negoziatzen ari diren politikarien esku baitago.
Zarata handia eta informazio gutxi
'Brexit'-a izan da azken hiru urteotako mintzagai nagusia Erresuma Batuan, baina, hedabideetan barra-barra ari diren arren, herritarrak kexu dira, aldekoak eta kontrakoak, informazio faltaz, ez baitakite nola eragingo dien etorkizunean; oraingoz, egoera ez zaie aldatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu