Uholdea Libian

Zatiketa amaitzeko deia

Libiako egoera politiko kaotikoak zerikusia izan du hondamendiaren larritasunarekin: herrialdea bi gobernutan zatituta dago. Uholdeek berriz utzi dute agerian batasunerako beharra.

Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroa, 2021eko irudi batean. EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunis
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Libiak hamar urte baino gehiago daramatza kaosean, indarkerian eta gobernugabezian murgilduta, eta Daniel zikloiak biztanleen kontzientzia astindu du. Horrixe heldu zion, hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundearen Libiarako mandatariak, Abdoulaye Bathily senegaldarrak, iragan astean: libiarrei eskatu zien bat egin dezatela, bai zoritxar hau gainditzeko eta bai azken urteetako historiak traumatizatutako herrialde horren zauriak sendatzeko. Hain zuzen, Libiako egoera politiko kaotikoak zerikusia izan du hondamendiaren larritasunarekin; izan ere, zikloiaren indarrarengatik ez ezik, mantentze lanik ezagatik ere kolapsatu dira hango bi urtegi, eta horregatik suntsitu da Derna hiria.

Ikusi gehiago:Beste krisi bat eragozteko premia

Bathily, kargua hartu zuenetik, Libia batzeko prozesu politiko bat berrabiarazten saiatu da, gatazkan dauden bi gobernuren artean zatitua baitago herrialdea: batetik, Batasun Nazionaleko Gobernua dago, egoitza Tripolin duena eta nazioarteak aitortua; bestetik, ekialdeko eskualdea gobernatzen duena dago, Khalifa Haftar jeneralak kontrolatua. Hain justu, ekialde horretan eragin du Daniel zikloiak txikiziorik handiena, historikoki Zirenaika esan izan zaion eskualdean.

Nazioarteak, azken urteetan, hauteskundeak egitea jo izan du herrialdea adiskidetzeko giltzarritzat. Baziren presidentetzarako boz batzuk antolatuak 2021eko abenduaren 24rako, baina epemugarik gabe atzeratu zituzten, arrazoi politikoak eta logistikoak zirela medio; hori ikusirik, Bathilyk helburu gisa jarri zuen urte hau bukatu baino lehen antolatzea hauteskundeak, baina, epea bukatu ahala, NBEren mandataria gero eta ezkorrago dago, eta segurtasun arazoak nabarmendu ditu oztopo nagusi gisa: batez ere, talde armatu ugari jardunean ari direla eta. Horrez gainera, beste oztopo bat da ez direla ados jartzen hauteskundeak egiteko arauen inguruan, zeren eragile politiko bakoitzak berak irabazteko moduko baldintzetan baino ez baititu antolatu nahi.

«Ez zait iruditzen inolako aukerarik dagoenik hauteskundeak luze gabe egiteko, urtea bukatu baino lehen. Inork ez du hauteskunderik nahi: horra hor arrazoia», esan du Britainia Handiko RUSI think tank-eko ikertzaile batek, Jalel Harchaouik. Azken urteetan, jendaurrean, Libiako eragile politiko guztiek esan dute hauteskundeak egitea iruditzen zaiela gatazka politikoari irtenbidea emateko modua; baina ez dago batere argi benetan ari diren edo ez.

2011n, Udaberri Arabiarrak piztu zirenean, Libia kaos eta indarkeria zurrunbilo batean hondoratu zen, eta, horregatik, «huts egindako estatu bat» dela esan izan da sarritan. Gerra zibil baten ondorioz, erreka jo zuen Muammar Gaddafi koronelaren garaiak, eta garaile ateratako fakzioen arteko botere borroken eraginez, ezin izan zen instituzio nazional sendorik sortu, eta milizia konstelazio baten mende geratu zen herrialdea. 2015etik, bi aliantza politiko handi eratu dira, nork bere eskualdea duela oinarri, eta borrokan ari dira boterea zeinek lortuko, bulegoetan batzuetan, eta gudu zelaian beste batzuetan.

Boterea, ordea, hain dago zatitua, ezen, zenbaitetan, bando bereko miliziak hasten baitira elkarrekin borrokan. Hiriburuko miliziarik boteretsuenetako bi, 444 delakoa eta Disuasio Indar Bereziak izenekoa —Rada ere esaten diote—, borrokan ibili ziren, eta, 24 ordu inguruan, gutxienez 55 lagun hil ziren, eta 146 zauritu. Batasun Nazionalaren Gobernua babesten duen koalizioaren parte dira biak —Abdul Hamid Dbeibeh lehen ministroa da haren burua—.

Atzerriko esku hartzeak

Libiako ekuazio politikoan, nazioarteko eta eskualdez eskualdeko potentziak ere funtsezkoak dira, nahiz eta maiz ezkutuan jarduten duten. Frantziarekin batera, Egipto izan da Haftarren babesle nagusia, eta hura ari da, orobat, argi eta garbien sustatzen hauteskundeak; izan ere, Batasun Nazionaleko Gobernuko lehen ministroa —Nazio Batuen Erakundearen babesean hautatu zuten, baina agintaldia iraungia du— lasta bat da Egiptoren interesetarako.

Tripoliko gobernuak, bestalde, Arabiar Emirerri Batuen eta Italiaren babesa du. «AEBek eta Erresuma Batuak ez dute jarrera argirik, baina bada eragile funtsezko bat: Turkia. Beti babestu izan du Dbeibeh. Dena den, badirudi jarrera hori berraztertzen ari dela, interes handia baitu Egiptorekin adiskidetzeko, eta baliteke prezio horixe ordaindu behar izatea», esan du Mohamed Eljarh analista politiko libiarrak.

Partida hori jokoan dela, herritarrei hobetu egin zaie egoera materiala azken bi urteetan. Hein handi batean, petrolioaren prezioa egonkortu izanaren ondorioz oparotzen ari da herrialdea —munduko petrolio erreserba nagusietan bederatzigarrena du Libiak—, eta, batez ere, indarkeriarik ezaren ondorioz. 2020ko udazkenetik abuztuaren erdialdera arte, ez da izan gerra ekintzarik; ia hamar urtean izan den meniarik luzeena da hori, eta orain, berriz ere, petrolioaren jarioak ez du oztoporik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.