Indonesia

Zatituta aurkitu dute galdutako urpekoa, eta hiltzat eman dituzte eskifaiako kideak

800 metro baino gehiagoko sakoneran topatu dute ontzia, hiru zatitan apurtuta. Indonesiako armadako 53 kide zeramatzan, baina gorpuak ez dituzte oraindik aurkitu.

Indonesiako armadako kideak, urpekontzia aurkitu dutela esateko eginako agerraldian, atzo. MADE NAGI,EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 26a
09:35
Entzun

Hiltzat eman zituzten astearte gauean desagertutako itsaspeko militarrean zihoazen eskifaiako 53 kideak. Urpekoa hirutan zatituta aurkitu zuten, Bali iparraldeko uretan, 800 metro baino gehiagoko sakoneran. Itsas armadako buru Yudo Marganok zehaztu zuenez, istripua ez zen izan giza akats baten ondorioz.

Iturri ofizialen arabera, urpekoaren atzeko eta aurreko zatiak askatu egin ziren erdikotik, eta azken hori osorik geratu bazen ere, arrakalak zituen. Adituek uste dute 400 eta 500 metro arteko sakoneran zegoela hasi zirela arrakalak agertzen, ontzia ez baitzegoen prestatuta 400 metro baino gehiagoko sakoneran ibiltzeko. Indonesiako agintariek larunbatean eman zuten galdutzat itsaspekoa, baina bazuten oraindik itxaropenik eskifaiako kideren bat bizirik aurkitzeko.

Joan den asteartean alarma guztiak piztu zituztenetik, etengabeak izan dira bilaketa lanak, eta beste hainbat estatuk ere hartu dute parte horietan, besteak beste, Singapurrek, Indiak eta AEBek. Orain, ontzia itsasotik ateratzea da helburua, baina sakonera handiak zaildu egiten ditu lanak, Indonesiako urpekoak ez baitaude prestatuta halakoetan ibiltzeko. Armadak uste du hilotzek ontziaren barruan jarraitzen dutela, eta iragarri dute haiek ateratzeko lanetan jarraituko dutela datozen orduetan.

Asteartean Euskal Herrian 22:46 zirela urperatu zen azkenekoz ontzia. Indonesiako armadak azaldu duenez, ordu laurden geroago torpedo bat jaurtitzeko maniobra hasi zuen. 21:25ean jaso zuten azken mezua urpekotik, torpedoa jaurtitzeko baimena eman aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.