Berta Caceres ekintzaile ekologistaren hilketa zazpi auzipeturi leporatu die Hondurasko Auzitegi Gorenak. Zortzigarren akusatua absolbitu egin du. Auzitegiak errudun jo ditu hiru sikario, bi militar ohi eta DESA enpresako bi langile —komunikazio kudeatzailea eta segurtasun arduradun ohia—. Epaiak jaso duenez, DESA enpresako bi arduradunek Caceresen hilketa antolatu zuten. Enpresa horrek Agua Zarca presa eraikitzeko proiektua sustatu zuen, Gualcarque ibaiaren bidea aldatu eta zentral hidroelektriko bat martxan jartzeko. Caceresek proiektuaren kontrako mugimendua gidatu zuen, 2016ko martxoaren 2an, La Esperanza hiriko bere etxean tiroz hil zuten arte.
Ekintzailearen famlia auzitegiaren erabakiaren kontra agertu da, eta epaia bidegabea dela salatu du. Caceresen ahizpak nabarmendu du auzitegiak ez dituela hidroelektrikaren jabeak ikertu. Familiarekin bat egin dute CEJIL Justiziaren eta Nazioarteko Zuzenbidearen Aldeko Zentroak eta Amnesty Internationalek ere. "Egile intelektualen inpunitatea" gaitzetsi dute.
Epaia nolakoa izango zen iragartzera ausartu zen Omar Menjivar akusazioko abokatua, BERRIA egunkariari eginiko adierazpenetan. "Hilketaren egileak zigortuko dituzte, baina haiei norbaitek eman zien tiro egiteko agindua, eta horiek dira benetako erantzuleak", aurreratu zuen.
Auzitegiak epaiketan ondorioztatu duenez, DESAko komunikazio kudeatzaileak Berta Caceres hiltzeko laguntza eskatu zion enpresako segurtasun arduradun ohiari, Caceresek gidatzen zuen mugimenduaren protestekin amaitzeko. Douglas Bustillo erretiratutako tenienteak kudeatzailearen eskaria onartu zuen eta Mariano Diaz Polizia Militarreko instruktoreari eskatu zion sikarioak kontratatzeko laguntza. Sikarioetako batek 2.200 dolar eskuratu zituen Caceresi tiro egiteagatik. Hilketaren plana koordinatu zuelakoan atxilotu zuten David Castillo DESA enpresako presidentea, martxoan. Epaiketa paralelo batean dago auzipetuta.
Caceres hil baino hilabete lehenago, haren kontrako hilketa saiakera bat egin zuten zigortuek, 2016ko otsailaren 5ean, auzitegiaren arabera. Horrez gain, frogatutzat jo du DESAko komunikazio arduradunak ordainketak egin zituela Caceres uneoro non zebilen jakiteko, eta Caceresi buruzko eta hark gidatzen zuen mugimenduaren gaineko informazioa jasotzen zutela DESAko zuzendariek, Whatsapp talde baten bitartez.
Epaia "gazi-gozoa" izan dela adierazi du Marcia Aguiluz CEJIL elkarteko kideak. Haren iritziz, ez dira epaitu Caceres hiltzeko "agindua eman zutenak", epaiak enpresako zuzendariak arduradun jotzen dituen arren. Amnesty Internationaleko Erika Guevarak nabarmendu du Hondurasko Justiziak hilketa antolatu eta agindu zuten arduradun guztiak identifikatzeko betebeharra duela.
DESA enpresak, aldiz, ukatu egin du Caceres hiltzeko agindua bere zuzendaritzako kideek eman zutenik, eta halakorik ez dela frogatu nabarmendu du. Enpresak gaineratu du, zentral hidroelektrikoa egiteko esleipena izaten jarraitzen duen arren, proiektuari uko egin diola "borondate oneko keinu gisa".
Lekuko bakarra du auziak, Gustavo Castro ekintzailea. Caceresen kontrako erasoan zauritu zuten. BERRIAk hari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen, iazko martxoan. Caceres botereari "traba egiteagatik" hil zutela gaineratu zuen.