Zelenski: «Armen eskasia Errusiaren onerako izango da soilik»

Ukrainako presidenteak laguntza militar eta ekonomiko handiagoa eskatu die aliatuei Municheko Segurtasun Konferentzian. Ukrainako armadak bere tropak atera ditu Donetskeko Avdiivka hiritik.

(ID_13613389) GERMANY MUNICH SECURITY CONFERENCE
Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, gaur, Municheko Segurtasun Konferentzian. ANNA SZILAGYI/EFE
maddi iztueta olano
2024ko otsailaren 17a
17:00
Entzun

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik bi urte betetzekoak diren honetan, borrokei eusteko eta horiei aurre egiteko gero eta laguntza militar eta ekonomiko handiagoa ari da eskatzen Kiev. Eta berriro ere horixe egiteko baliatu du mintzaldia gaur Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Municheko Segurtasun Konferentzian. Mezu irmoa helarazi die orain arte gerran izan dituen herrialde eta erakunde aliatuei: «Armen eskasia Errusiaren onerako izango da soilik».

Zelenskik aliatu guztiei egin die ohartarazpena, baina, gero, AEB Ameriketako Estatu Batuei mintzatu zaie hainbat minutuz. Zehazki, AEBetako presidente ohi eta aurtengo presidentetzarako bozetarako hautagai errepublikano Donald Trumpi (2017-2021): «Trump [Ukrainara] etortzen bada, prest nago harekin fronteko lehen lerrora joateko. Benetako gerrara, ez Instagram bidezkora: benetako gerrara».

Izan ere, Ukrainako gerrara laguntza ekonomiko eta militar gehiago bideratzearen aurka lerratu da azken hilabeteotan AEBetako Alderdi Errepublikanoa. Asteon, adibidez, AEBetako Senatuak —demokratek dute gehiengoa hor— 55,6 mila milioi euroko laguntza onartu du Kieventzat, baina horrek aurrera egiteko ezinbestekoa da Ordezkarien Ganberan ere onartzea, eta ganbera horretan errepublikanoek dute gehiengoa.

Horren harira, AEBek laguntza ekonomikoa «ahalik eta lasterrena» onartzea «premiazkoa» eta «hil edo bizikoa» dela esan du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek. Haren arabera, horixe da Ukrainak orain dituen arazorik handienetako bat, AEBetako Ordezkarien Ganbera ez dela «gai» aferaren inguruan erabaki bat hartzeko, eta esan du horrek «zuzenean» eragiten diola gerra fronteari.

«Premiazkoa eta hil edo bizikoa da AEBek ahalik eta lasterrena onartzea laguntza ekonomikoa».

JENS STOLTENBERGNATOko idazkari nagusia

Errusiako armadak gerra frontean azken hilabeteetako aurrerapenik handiena egin duen egun berean izan dira, hain justu, Stoltenbergek eta Zelenskik Munichen egindako agerraldiak; izan ere, Ukrainak bere tropak atera ditu Donetskeko Avdiivka hiritik. Eskualdeko eremu gehiena Errusiako armadaren kontrolpean dago joan den abendutik.

Ukrainako armadak Telegram bidez jakinarazi duenez, 5.000 soldadu ukrainar inguru zeuden Avdiivkan, Donetsk ekialdean. Ukrainako armadako buru Oleksander Sirskiren arabera, «bizia lehenesteko» hartu dute erabakia, eta Errusiako armadak Ukrainako tropak «erabat inguratzea» eragozteko. «Gure soldaduek duintasunez bete dute euren betebehar militarra, egin zezaketen guztia egin dute Errusiako tropak suntsitzeko, eta galera handiak eragin dizkiete, bai armamentu militarrari dagokionez, bai hildako soldadu errusiarren kopuruari dagokionez».

Tropak hiritik atera dituzten arren, Avdiivkaren inguruetan geldituko dira soldaduak, «defentsa eremuetan». Ezinbestean, Zelenskik tropa ukrainarren atzerapausoa ere hizpide izan du Munichen, eta itxaropentsu agertu da: «Gure lurra berreskuratu dezakegu». Sirskiren antzera, esan du tropak ateratzeko erabakia «hautu profesional bat» izan dela, «bizitza ukrainar asko» salbatuko dituena. Hori bai, arma eskasiarik ez izatearen garrantzia azpimarratu du beste behin.

Frantziak lagunduko du

AEBen laguntza kolokan dago oraindik, baina horrek ez du esan nahi Ukrainari ekonomikoki eta militarki laguntzeko bidean gainontzeko aliatuek ere atzera egin dutenik. Horren adierazle da, hain justu, atzo Frantziako presidente Emmanuel Macronek eta Zelenskik Parisen sinatutako akordioa. «Aldebiko kooperaziorako» itun horren bidez, Frantziak 3.000 milioi euroko diru laguntza emango dio Ukrainari.

Zehazki, diru kopuru hori erabiliko dute Ukrainako defentsaren industria garatzeko, hau da, helburua litzateke Kievek herrialdean bertan arma gehiago ekoitzi ahal izatea, Ukrainako Gobernuak prentsa ohar batean jakinarazi zuenez. Halaber, Frantziak konpromisoa hartu du Ukrainak bere defentsa industria «Europako Batasunaren [EB] eta NATOren defentsa eta segurtasun markoen barruan sartzeko».

Eta, horrekin lotuta, Ukraina babesteko «bide berriak» irekitzeko deia egin du Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek gaur, Municheko Segurtasun Konferentzian. «Europako Batasunak (EB) jarraituko du Ukrainari laguntza ematen, datozen urteetan eta hamarkadetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.