Gerra Ukrainan

Zelenskik arma gehiago eskatu dizkie aliatuei, NATOn zalantzak ugaritzen ari diren honetan

Ukrainako presidentea lehen aldiz izan da Mendebaldearen aliantza militarraren egoitzan Errusiak inbasioa hasi zuenetik. Stoltenbergek babesa berretsi dio.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, gaur, Bruselan, Defentsa ministroen bilkuraren aurretik. OLIVIER MATTHYS / EFE
ander perez zala
2023ko urriaren 11
16:18
Entzun

Errusiak egin zuen ohartarazpena, hilaren hasieran: Ukraina babesteko orduan Mendebaldean arrakalak handituko direla pentsatzen du. Zerealen esportazioaren aferak eman ditu horren lehen zantzuak, eta Poloniak, errefuxiatu ukrainar gehien jaso dituen herrialdeak, bozetarako kanpaina betean laguntza militarra eten izanak are gehiago handitu du Moskuk esandakoa egia bilakatzeko aukera. Kremlinen usteaz eta estatuek harturiko erabakiez harago, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kideen artean ere ugaritzen ari dira Kievi ematen dioten laguntzaren inguruko zalantzak. Baliteke Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak horregatik erabakitzea NATOko Defentsa ministroen egunotako bilkurara joatea: aliatuei aurrez aurre arma gehiago eskatzeko, batez ere negurako. Eta batasun irudiari eusteko.

«Liderren babes handiagoa behar dugu. Horregatik nago hemen [Bruselan]. Garrantzitsua da irismen handiko misilak edo irismen handiko armak izatea... Arazoa zera da: nola lortuko ditugu horiek?», adierazi du Zelenskik gaur. Ukrainako presidentea alboan zuela, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak gehitu du «babes gehiago mobilizatu behar» dutela herrialde horretako armadak Errusiakoari aurre egin diezaion gerra frontean, eta horretarako baliatzen ari da Zelenski gaur hasi eta bihar amaituko den NATOko bilkura. Armadaren gaitasun militarra handitu nahi du, negurako; negu «izugarri baterako», Ukrainako presidentearen arabera.

Baina Mendebaldearen aliantza militarreko estatu kideen artean badira zalantzak laguntza militarraren inguruan; eta, zehazki, Kievi irismen handiko armak emateari dagokionez, uste baitute Errusiari eraso egiteko balia litzaketela, esaterako. Zelenski, ordea, erabat tematuta dago herrialde horiek konbentzitzeaz: «Gaur egun, inork ezin du esan zenbat egun gehiago egon beharko dugun gure independentzia eta gure identitatea defendatzen».

Adierazpenak adierazpen, Ukrainako armadaren kontraerasoak kezka eragin du Mendebaldeko aliatuen artean, espero eta aurreikusi baino askoz ere aurrerapauso gutxiago eman baititu. Eta horrek, ezinbestean, eragina du armak emateari buruzko eztabaidetan eta iritzietan.

AEBen asmoak

Edonola ere, badirudi AEB Ameriketako Estatu Batuek ez diotela etengo laguntza Ukrainari. Hori iradoki du herrialde horretako Defentsa idazkari Lloyd Austinek, NATOko bilkuraren aurretik; are, jakinarazi du 188,2 milioi euroko beste laguntza militar bat emango diola Kievi —aireko defentsarako munizioz betea, besteak beste—.

Lloyden adierazpenek arreta bereganatu dute, AEBetako Kongresuak onartu duen azken aurrekontutik kanpo utzia baitute Ukrainari laguntza militarra emateko diru saila —Alderdi Errepublikanoaren presioagatik—. Joe Biden AEBetako presidenteak, ordea, esana du lortuko duela modu batera edo bestera laguntza hori berreskuratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.