KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Zenbait eskubideren babesa erantsita, astelehenean bozkatuko dute hausturari buruzko adierazpena

2014ko azaroaren 9ko prozesu parte hartzailearen urteurrenean eztabaidatu eta bozkatuko dute errepublika katalana eratzen hasteari buruzko adierazpena, 10:00etan. Egun horretan bertan egingo du Madrilek adierazpenaren aurka.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea Junts Pel Siko ordezkariekin bildu da, inbestidura saioari begira talde politikoekin egiten ari den bilera sortan. QUIQUE GARCIA / EFE
jon olano
2015eko azaroaren 6a
18:32
Entzun

Urri amaieran erregistratutako adierazpena zabaltzea adostu dute Junts Pel Si eta CUP indar independentistek; Generalitateari eskatu diote soilik Kataluniako Parlamentutik jasotako manamenduak betetzeko, Espainiako Estatuak hartutako erabakiek kataluniarren oinarrizko eskubideetan eraginik izan ez dezaten.

Ildo horretan, energia pobrezia saihestu, eta, besteak beste, osasun, etxebizitza eta hezkuntza eskubideak ziurtatu nahi dituzte. Hain zuzen, adierazpenaren bidez, Kataluniako Gobernuari eskatuko diote har ditzala neurriak oinarrizko ur eta argindar hornikuntzak bermatzeko. Etxebizitzaren kasuan, berriz, gobernuari galdegin diote kaleratze arriskuan daudenei berma diezaiela beste etxebizitza bat. Finean, bi esparru horietan, Kataluniako Parlamentuak aurtengo uztailaren 29an onartutako legea betetzeko eskatu diote.

Abortuari dagokionez, Kataluniako Parlamentuak aurten onartutako arauari jarraitu beharko dio gobernu berriak, eta errefuxiatuen alorrean, "ahal duen pertsona kopuru handiena" hartuko du.

Eztabaida, astelehenean

Ostegunean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez duela adierazpenari buruzko eztabaida oztopatuko, eta gaur zehaztu dute eztabaida horren data eta ordua; datorren astelehenean egingo dute, goizeko hamarretatik aurrera.

Eztabaidaren aurretik ez, baina ondoren bestelako jarrera izan dezake Konstituzionalak. Espainiako Gobernuak, behintzat, iragarri du astelehenean bertan estatu kontseiluari eskatuko diola iritzia adierazpena Auzitegi Konstituzionalera eramatearen inguruan. Behin txostena eskuan, astearte edo asteazkenean ezohiko bilkura egingo du ministroen kontseiluak, Auzitegi Konstituzionalera jo edo ez erabakitzeko. Espero da organo horrek helegitea tramitera onartu eta adierazpena bertan behera geratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.