Zentral nuklear handiena berregiten ari dela baieztatu du Ipar Koreak

AEBei emandako erantzuna dela dio Piongianek, herrialdea 'terroristen' zerrendatik ez ateratzeagatik

2008ko irailaren 20a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuei erronka jo die Ipar Koreak, eta hilabete hasieran herrialde hartako gobernuak salatu zuena baieztatu da. Eten egin du Piongiango gobernuak desnuklearizazio prozesua. Eta ez hori bakarrik: herrialdeko erreaktore nuklear handiena, Jongbionekoa, berriz ere martxan jartzeko lanetan diharduela aitortu du.

Hego Koreako Jonhap berri agentziak jakinarazi zuen notizia, atzo. Izenik eman gabe, Atzerri Ministerioko bozeramaile batek esanari egin zion erreferentzia. Ordezkari horren arabera, Ipar Koreak Washingtoni emandako erantzuna da, hark herrialdea terrorismoaren laguntzaileen zerrendatik atera ez duelako. Eta ez hori bakarrik. Berri agentziak igorritakoaren arabera, Piongianek «ez du uste AEBek zerrendatik aterako dutenik, eta ez du nahi ere».

Hori ikusita, AEBek erreakzionatu dute jada. Erreaktore nuklearra martxan ez jartzeko eskatu diote Ipar Koreari. Estatu Departamentuko bozeramaile Sean McCormackek luzatu zien mezua hedabideei, atzo bertan.

Atzerapausoa

Ipar Koreak Jongbiongo erreaktore nuklearra berregingo balu, iazko urriaren 3tik egindako guztia alferrikakoa izango litzateke. Orduan hartu zuen Piongiango gobernuak uranioa aberasteari uzteko konpromisoa, Japoniarekin, Errusiarekin, Txinarekin, AEBekin eta Hego Korearekin negoziazio prozesu luzea izan ostean. Ordutik, hainbat pauso ere eman ditu bide horretan. Orain berreraiki nahi duen zentraleko hozte dorrea suntsitu zuen abuztuan. Telebistaz ikusi ahal izan zuen munduak. Horren aurretik ere, joan den ekainean, arma nuklearren inbentarioa aurkeztu zuen. Zerrenda horretan plutonio instalazioak azaltzen ziren, baina ez ekoitzitako armak. Dokumentua osatugabetzat jozuten, beraz, AEBek. Eta, bide batez, konpromisoak betetzen ari den egiaztatzeko baimena eskatu zioten Ipar Koreari, zerrendatik ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.