Zentral nuklearren bizia hamalau urtez luzatzea erabaki du Alemaniak

Energia enpresa handien presioei amore ematea leporatu dio oposizioak Merkeli, eta ohartarazi dute auzitara joko dutela

arantxa elizegi egilegor
2010eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Agintaldia zailtzen ari zaio Alemaniako kantzilerrari. Koalizio gobernuaren krisia konpontzen ahalegintzearekin nahikoa ez, eta balizko salaketa bati egin beharko dio aurre orain Angela Merkelek. Izan ere, zentral nuklearren bizia luzatzeko egitasmoak kritika gogorrak eragin ditu bai oposizioan, eta baita estatuetako agintarien artean ere. Zentro eskuineko gobernuak hamabi orduko bileraren ostean jakinarazi zuen erabakia: 1980a baino lehen eraikitako zentralen bizia zortzi urtez luzatuko dute, 2021etik 2029ra arte; eta hamalau urtez urte horretatik aurrera eraikitakoena, 2035era arte. Merkel beraren iritziz, era horretan, energia zaharren eta berriztagarrien arteko «zubi lana» egingo dute nuklearrek. «Erabakia iraultzailea da; energia iturri ekologiko eta eraginkorrena izango du Alemaniak».

Kantzilerraren planak, baina, badu ondorio ekonomikorik ere. Hala, Alemaniako lau energia enpresa nagusiek -RWE, E.on, Vattenfall eta EnBW-k- 15.000 milioi euro ordaindu beharko dituzte energia berriztagarriak bultzatzeko. Horretaz gain, segurtasun neurriak zorrozteko ere eskatu die Berlinek enpresei; horretarako, lau urtean 6.200 milioi euroko inbertsioa egin beharko dute. Ordaindu beharrekoa, ordea, eskuratuko dutenaren laurdena besterik ez da, izan ere, 127.000 milioi euroren -milioi bat eguneko- irabaziak izango dituzte luzapenari esker.

Merkelen argudioek, baina, ez dute oposizioa konbentzitu, eta herritarren segurtasuna energia enpresa handiei saldu izana leporatu diote gobernuburuari. «Konpromiso nuklearra deitu dutena ez da konpromisoa, energia partzuergoentzako milaka milioiko oparia baizik», salatu du Berdeen buru Jurgen Trittinek. Urrunago joan da sozialdemokraten buru Sigmar Gabriel: «Egun beltza da gaurkoa [atzo] energia politikarentzat. Energiaren lobby-ak irabazi du». Gabrielek Alemaniako legedia urratzea ere egotzi dio Merkeli.

Onespenaren zain

Koalizio gobernuaren planak Diputatuen Kongresuaren galbahea igaro behar du indarrean sartzeko. Ganbera horretan gehiengoa du oraindik Merkelek, baina ez, hala, Senatuan. Horregatik goi ganberako bozketa saihestea da Merkelen asmoa. Oposizioa, ordea, bidea oztopatzeko prest da. Sozialdemokratek iragarri dute auzitara joko dutela jakiteko plana indarrean sar ote dezaketen Senatuaren onespenik gabe. Hainbat estutako agintariak, berriz, Auzitegi Konstituzionalera jotzeko prest agertu dira, egitasmoa gelditzeko.

Ingurumenaren defentsarako taldeek bat egin dute zentro ezkerreko alderdiekin. «Katua irten da zakutik; Gobernuak erakutsi du zein atzeratua dagoen energiaren auzian. Enpresek ordaindu beharreko zergak igotzeak ez du ezer aldatzen», ohartarazi du Alemaniako Energia Berriztagarriaren Federazioko presidenteak, Bjoern Klusmannek. Haren esanetan, proiektuak atzeratu egingo du energia berriztagarriak indarrean sartzeko prozesua.

Horiek hala, planaren aurkako manifestazioa egin zuten mila lagun inguruk herenegun Berlinen. Izan ere, inkesten arabera, hamar herritarretatik sei zentral nuklearren bizia luzatzearen aurka daude. «Politika honek hautesleak zapuztuko ditu», ohartarazi du Ipar Renania-Westfaliako gobernadoreak, Hannelore Kraftek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.