Fukushimako gertakariak energia nuklearra segurua dela baieztatzen duela uste du Fernando Legarda EHUko ingeniaritza nuklearreko irakasleak. Izan ere, zentral nuklearrak segurtasun protokolo guztiak bete dituela azaldu du. Huts egin duena ingurua izan dela sinetsita dago.
Zein izan da Fukushimako istripuaren bilakaera?
Zentraleko erreaktoreek espero bezala erantzun zuten; lurrikara nabaritzean gelditu egin ziren. Ondorengo faseak ere aurreikusi bezala gertatu ziren. Alegia, erreaktoreak geldialdi hotzera pasa ziren; energia sortzeari utzi zioten eta bero hondakinak ateratzeari ekin zioten. Lurrikararen ondorioz, baina, hornidura elektrikoa eten egin zen. Zentralak dituen diesel generadoreekin konpentsatu zuten mozketa hori. Tsunamiak erregaiaren hornidura ere eten zuen, gero, eta ondorioz, generadoreak gelditu egin ziren. Hori horrela, bateriak jarri ziren martxan eta erreaktoreak energia ongi beheratzen hasi ziren, bateriak amaitu ziren arte. Orduan, erreaktoreak bakartuta geratu ziren. Erreaktoreak geldituta ere, nukleoak energia kopuru bat sortzen jarraitzen du. Sortzen duen horri bero hondakina deritzo. Energia hori atera egin behar da. Atera ezean uretara pasatzen da, ura irakiten hasten da eta erreaktoreko ontzian dagoen ur kantitatea txikituz doa; erregaiak hozte sistemarik gabe utzi arte. Hor beroketa hasten da eta fusioa gerta daiteke. Une honetan hori ekidin nahian dabiltza.
Zer ari dira egiten fusioa ekiditeko?
Kaltetutako generadoreak ordezkatzen saiatu ziren, baina horiek zentralera eramaten nahi baino gehiago luzatu ziren, lurrikarak azpiegitura guztiak suntsitu baitzituen. Generadoreak martxan jarri ostean erreaktoreei ura injektatzen hasi ziren. Nukleoa estali eta hozketa bermatu nahi dute horrela eta, oraingoz, emaitza onak ematen ari da.
Txernobyl berri baten aurrean gaudela ezeztatuko zenuke, beraz?
Erabat. Txernobylgo kasuak ez du zerikusirik. Ukranian erradioaktibitatea isuri zen, potentzia oso azkar handitu zelako eta horrek erreaktorearen nukleoan energia asko askatzea eragin zuelako. Ondorioz, erreaktorea suntsitu egin zen. Japonian erreaktorearen hozketa sistema kaltetu da, eta ondorioz, berotu egin da.
Isuriak egon direla onartu du Japoniako Gobernuak.
Bai, erradioaktibitate isuriak egon dira. Besteak beste, erreaktorearen gordekinaren segurtasun balbula ireki baitute, horrek gehiegizko presioa dela eta eztanda egin ez dezan.
Hemendik aurrera zer gerta daiteke?
Hoztea mantentzea lortzen bada, gauzak ez dute okerrera egingo. Nukleoan ur maila mantendu beharko dute horretarako. Zentralaren garapenaren araberakoa izango da prozesu hori, dena den; ikusi beharko dugu zer gertatzen den.
Erradioaktibitate isuri baten aurrean, zein neurri hartu behar dira?
Herritarrak erradioaktibitatea dagoen tokitik urrundu behar dira. Bestelako fenomenoekin egiten den bezalaxe; erreka bat handitzea espero baduzu, erreka ertzean bizi direnak urruntzea da neurririk eraginkorrena. Kasu honetan berdin-berdin.
Eta 30 kilometrotako arrisku eremua nahikoa da?
Bai, noski. Arazoa, material erradioaktiboaren dispertsioa da. Aerosol bat da, finean, sustantzia hegalari bat. Haizeak material hori eraman egiten du eta horrexegatik urruntzen dute jendea, material erradioaktiboarekin kontaktua ekiditeko. Isuria baldin badago, isuri horrek aerosol erradioaktiboaren laino bat sortu dezake eta lainoa zabaldu egin daiteke. Horiek lurrera erortzean azpian inor harrapatu ez dezan urruntzen dituzte herritarrak. Suteekin edo bestelako hondamendiekin egiten den bezala.
Kalera ez irteteko eta leihoak ixteko ere eskatu diete herritarrei… Neurri horiek eraginkorrak dira?
Neurri horiek hartzeko zentraletik hogei eta 30 kilometro artean bizi direnei eskatu diete. Sustantzia erradioaktiboak dituen laino bat pasako balitz jendea kalean egotea ekidin behar baita. Leihoak itxi eta bustitako eskuzapi batekin zigilatuz arriskutik at egongo zara; ez duzu material erradioaktiboa arnastuko.
Gertakariak alerta guztiak piztu ditu. Alemanian, esaterako, hainbat zentral itxiko dituztela esan dute.
Alemaniak justu aurkakoa iragarri zuen duela gutxi. Programa nuklearra ordezkatzeko plan bat jarri zuten martxan eta zentral nuklearrak ixten joateko asmoa zuten. Duela gutxi, ordea, lege bat onartu zuten itxiera programatu hori luzatzeko. Atzo, luzatze lege hori hiru hilabetez bertan behera uztea erabaki zuten.
Halako neurriak nola baloratzen dituzu?
Gertakarien aurrean berotuta hartutako erabakiak dira. Ziurrenik hauteskundeen gertutasunak ere badu zerikusirik erabaki horretan.
Fukushimako istripuak agerian utzi du energia nuklearra ez dela erabat segurua?
Ez, guztiz aurkakoa. Zentral horrek bederatzi graduko lurrikara bati eutsi dio, eta baita tsunami bati ere. Eta zentralak ezin hobeki erantzun du.
Ezin hobeki?
Bai, ezin hobeki; zentrala gelditu egin zen, generadoreak martxan jarri zituen, eta generadoreak izorratu zirenean bateriak jarri zituen martxan, amaitu ziren arte. Erantzun ez zuena ingurua izan zen. Ezin izan zuten laguntza garaiz bidali
Zentralak arrisku egoera bat eragin du, ordea.
Baina, kasu honetan, zentralari begiratu ordez, errepideekin, industria kimikoarekin edo petrokimikoarekin zer gertatu den begiratu beharko genuke. Energia nuklearrarena beste industria bat da. Eta zer ari da gertatzen? Oraingoz ezertxo ere ez. Intentsitate txikiko isuria egon da, herritarrak arrisku eremutik atera dira eta ezer gerta ez dadin neurriak hartu dira. Zer gertatuko den? Ikusi behako da, baina agian ezertxo ere ez. Hala izatea espero dugu.
Fernando Legarda. Ingeniaritza nuklearreko EHUko irakaslea
«Zentralak ezin hobeki erantzun dio lurrikarari; inguruak egin du huts»
Fukushimako zentral nuklearreko gertakariak Txernobylen jazotakoarekin zerikusirik ez duela dio Fernando Legardak; oraingoz, adierazi du ezertxo ere ez dela gertatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu