Eskubide zibilen alde borrokan aritu izan da gaztetatik Aurelio Mancuso (Aosta, 1962). PCI Italiako Alderdi Komunistan hasi zen 80ko hamarkadan, eta Ezkerreko Alderdi Demokratan jarraitu zuen gero. 90eko hamarkadaren amaieran, Arcigay Italiako gay, lesbiana eta transexualen aldeko elkartea sortu zuen, eta azken urteetan bertako presidente izan da. Iazko urrian Equality Italia elkartea sortu zuen, «eskubide zibilen aldeko Italiako lehen lobby-a».
Italiako egungo egoera, oro har, «beltza» dela aitortu arren, sinetsita dago datozen urteetan posible izango dela herria «salbatzea». Horretarako prestatzen ari gara Equality Italian».
Ruby auziaren harira, Silvio Berlusconiren dimisio eskatu zenuten joan den astean.
Ez da soilik Ruby auziagatik. Azken urteotan Berlusconik gehiagotan ere iraindu du pertsonen duintasuna. Politikara sartzean askatasunaren bultzatzaile gisa aurkeztu zen, baina bere askatasunak baino ez ditu sustatu. Azken hogei urteotan, eskubide zibilen alorrean, Italiak milimetro bat ere ez du egin aurrera.
Lehen ministroak, ordea, argi erantzun du: «Ez dut alde egingo, ez dut dimisiorik emango».
Begi bistakoa da Berlusconik nahi duen guztia egiten duela. Gehiengo handi baten burua da, nahiz eta une honetan Parlamentuan zailtasunak izan. Hala ere, lehen ministroak ez duela etsiko adierazteak ez du esan nahi gizartean erreakziorik ez dela izan.
Nola erantzun du Italiako gizarteak?
Berlusconiren dimisio eske Equality Italiak egin duen deiari indar gehiago bildu zaizkio. Eta bada beste deialdi bat ere, Italia osoan lehen ministroaren dimisioa eskatzeko egingo diren manifestazioena. Larunbat honetan izango da lehena, Milanen.
Hala ere, azken inkesten arabera harekiko babesa sendotu egin da gizartean: berriz irabaziko lituzke bozak.
Inkestak ez dira fidatzekoak, batzuek %30eko babesa eman diote, beste batzuek gutxiago. Baina bada inork nabarmentzen ez duen datu bat: boto-emaileen %40k oraindik ez dute erabaki nori eman boza. Uste dut gaur egun mesfidantza hedatu dela Italian.
Baina, eskandaluak eskandalu, Berlusconik ez du babes sozialik galtzen. Zergatik?
Oso erraza da kontua. 1994an berritasun gisa iritsi zen politikara. Haren jarraitzaileak hizkera gogor eta herrikoidun liderra izatera ohitu ziren, eta bere boterea gotortu du. Bestalde, urteak igaro ahala zentro-ezkerrak ez du alternatiba bat eraikitzeko ahalmenik izan. Berlusconi gaur boterean badago, beste aldetik proposamen politiko eta lider sendorik ez dagoelako da. Zentro-ezkerrak proiekturik ez izatea da arazoa, ez Berlusconi.
Politikoki garaiezina al da Berlusconi?
Une honetan, bai. Zentro-ezkerrak hausnarketa egin beharko du. PD alderdian, eta handik kanpo, ikusten dut ari direla benetako alternatiba politikoa sortu beharra onartzen, baina oraindik ez da italiarrak konbentzituko dituen proposamenik sortu.
Nola dago une honetan Italiako politika?
Blokeo egoeran gaude. Alde batetik, gobernatzea lortzen ez duen gehiengo bat dago eta, bestetik, Berlusconik alde egitea lortzen ez duen oposizioa. Perlesia da, Mendebaldeko herrialde bati gerta dakiokeenik larriena. Krisi ekonomiko eta sozial gogorra gainean, eta geldi gaude. Langabeen herenak gazteak dira; EBko batez bestekoaren bikoitza. Mesfidantza handia du gizarteak etorkizunaren inguruan. Perlesia moral hau oso larria da, berriz bururik ez altxatzeko arrisku handia baitakar.
Eskandalu ugari gainditzea lortu izan du Berlusconik. Ruby auziak ba al du berezitasunik?
Inondik ere ez. Ezinezkoa da Berlusconiren kontra egitea eskandalu judizialen bidez. Arlo politikoan baino ezin da Berlusconiren kontra egin. Italiako egunkariek zein ezkerreko intelektual askok Berlusconiren kontrako jarrera haren eskandalu judizialetan zentratzen dute. Ilusio hutsa da eskandalu judizialen bidez garaitzeko nahia. Zentro-ezkerrak duen oinarrizko akatsa da hori.
Zein da Ruby eskandaluak dakarren benetako arazoa?
Arazoaren benetako muina ez dago Arcorera [Berlusconiren egoitza] doazen emakumeengan. Benetako arazoa da irudi horrek gure herrialdeari kalte egiten diola atzerrian zein etxean. Emakumeek egun gure herrian duten betekizunari kalte egiten dio. Ikusi besterik ez dago nola tratatzen dituzten emakumeak komunikabideek, politikariek eta gizarteak berak. Zoritxarrez, badirudi momentu honetan lana lortzeko aukera bakarra lasterbidea hartzea dela: atso irrikatsuentzat atsegina izatea.
Lehen aldia da Vatikanoak Berlusconi kritikatu duena.
Vatikanoa estatu atzerritarra da. Ez luke inoiz ere Italiako auzietan esku hartu behar. Hala ere, ezkerrak anbiguotasunez jokatzen du sarri. Ezin da aita santua txalotu Berlusconiren kontra egiten duenean eta hitzik ez duela esan beste gai batzuez mintzatzen denean. Politika linealari eutsi behar zaio.
Italiako erakundeen duintasuna arriskuan al dago?
Aspalditik. Baina, zorionez, oreka eta duintasuna mantentzen dakien presidentea daukagu, Giorgio Napolitano. Dena dela, Berlusconiren jokabideak herritar askoren barne pentsamendua islatzen du. Etsaikeriaz ikusten dituzte italiar askok legaltasuna, epaileak eta ikerketak. Berlusconik bikain islatzen du Italian aspaldi hedatutako pentsamoldea: Hobe da amarrutsua izatea, zintzoa izatea baino. Gainera, herrialde erdia mafiak gobernatzen duenean ez da zaila jendeak estatuaren kontrako sentimendua izatea.
Eta eskubide zibilak nola daudeItalian?
EB sortu zuten herrialdeen artean Italia da eskubide zibilen inguruko legedirik ez duen bakarra. Familia antolakuntzari dagozkion eskubideak ez daude legeztatuta, ez homosexualenak, ez izatezko bikote heterosexualenak, ez testamentu biologikoarenak, ez in vitro ernalketarenak...Italia nora ezean dago, ez da aurrera egiteko gai. Eliza katolikoaren eraginak pisu handia du horretan. Ez dago eskubide zibil eta sozialen kontrako jardunaren aurkako erantzunik, belaunaldi berriek ez dute babesik, emakumeek langabezia handiagoa dute... Eskubideak behin eta berriz mozten eta gizartearen modernizazioari galga jartzen ari da etengabe Italia.
Aurelio Mancuso. Equality Italiako presidentea
«Zentro-ezkerrak proiekturik ez izatea da arazoa, ez Berlusconi»
Equality Italia elkartea urrian sortu zen, Italiak eskubide zibilen alorrean duen atzerapena salatzeko eta konponbideak bilatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu