Zentro-ezkerrarekin negoziatu beharko du Netanyahuk Israelen

Israelgo politikako bi blokeak parekatuta geratu dira bozetan, eta lehen ministroak zaila du eskuinarekin soilik gobernatzeaYar Lapid zentroko figura berriak zeresan handia izango du gobernu berriaren osaeran

Zentro-ezkerrarekin negoziatu beharko du Netanyahuk Israelen.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Benjamin Netanyahu lehen ministroak gidatutako koalizio eskuindarrak irabazi egin ditu hauteskundeak; baina babes asko galduta, panorama korapilatsua geratu zaio gobernu berria osatzeko. Israelgo alderdi politikoen bi blokeak inoiz ez bezala atera dira parekatuta hauteskundeetatik: eskuin, eskuin mutur eta erlijiosoen artean legebiltzarraren 60 eserleku lortu dituzte, eta zentroezkerrekoek —palestinarrak barne— beste horrenbeste; biek behar dute eserleku bat gehiago gehiengo osoa eskuratzeko. Netanyahuri egokituko zaio, printzipioz, gobernua osatzeko ardura; askatzeko korapilo zaila, zentro-ezkerreko alderdirik gabe ez baitauka gobernua osatzerik.

Yesh Atid (Etorkizuna badago) alderdi sortu berria izan da bigarren —ezustekoa hauteskundeotan—, eta pieza garrantzitsua bilakatu da gobernua osatzeko. Yair Lapid kazetari ohiari esker erdi ko klasearen botoa bereganatu du zentroko alderdiak —laizismoa aldarrikatu du—, betebehar nazionalak denentzat berdinak izan behar dutela aldarrikatuz; erdiko klasea baita, haren ustez,Israeli bizirik iraunaraz diezaiokeen bakarra. Shely Yajimovichen Alderdi Laborista izan da nagusien artean hirugarrena (15).

Netanyahuk, beraz, zentro-ezkerraren ezusteko gorakada aintzak hartu beharko du, aliantza berriekin jokatu behar eta. Ez da ezinezkoaYair Lapidekin ezer hitzartzea, Netanyahuk bi alderdi ultraortodoxoak kanpoan uzten baditu. Kadimari geratu zaizkion bi diputatuekin ere saia daiteke. Ez dirudi egingarria, ordea, Yajimovich laboristarekin. Hark aurreratu du ahal duen guztia egingo duela Netanyahu gobernutik kanpo uzteko, ekonomia, eta palestinarrekiko bake prozesua martxan jarri ahal izateko.

Netanyahuren Likudi ez zaio ongi atera Avigdor Liebermanen Yisrael-Beiteinu alderdi ultranazionalistarekin osatutako koalizioa, bi alderdiek 11 legebiltzarkide gehiago atera baitzituen aurreko bozetan, eta bera ere hasi da pentsatzen «ahalik eta ordezkaritza gehien» izango duen gobernuarekin, eskuinak, eskuin muturrak eta erlijiosoek osatzen duten talde naturalaz harago.

Garaipena lortu ostean, sortzea egokituko zaion gobernuaren lehentasunez aritu da: Iran arma nuklearrez hornitzeko asmoak zapuztuko dituen gobernua izango da, israeldarrek dauzkaten «mehatxu handienei erantzuteko sendotasun militarra» ezeren gainetik jarriko duena.

Simon Peres Israelgo presidentea gaur bertan hasiko da bilerak egiten, gobernua osatzea nori egokituko zaion erabakitzeko.Logikoena irabazleari ematea da zeregin hori, alegia Netanyahuri, baina 2009ko kasua hor dago: Kadimak lortu zituen boto gehien, baina Likudeko buruzagi Netanyahuri agindu zion, orduko bigarren indarrari.

Yair Lapid agertokian

Dudarik gabe, Israeli buruzko aferetan, Yair Lapiden izenak lekua hartuko du aurrerantzean. Erdiko klasearen bizitza hobetzeko ahalegina agintzeak eman dio arrakasta, eta hitz egiteko moduak: kazetari ezaguna da Israelen. Canal 2ko aurkezle eta Yediot Aharonot egunkariko zutabegile gisara, edozein langile baino zerga gutxiago ordaintzea onartezina dela esanez egin du kanpaina: «Nire kontu eramaileari eta egungo legegintzari eskerrak gertatzen da hori».

Ultraortodoxoen pribilegioak kentzeko eta haien hazkundea geldiarazteko kanpaina ere egin du, Torah ikerketari heltzeagatik ez dituztelako zergak ordaintzeneta ez dutelako soldaduska egiten. Laikoa den arren, ikerketa juduen adituak eta erlijioso progresistak sartu ditu bere zerrendan.

Palestinarrekiko jarrera mesfidatia dauka, baina ez guztiz hertsia. Bakearekin amesten ez baina eskualdearen errealitateari irtenbidea eman behar zaiola uste duen sionista ordezkatzen du: «Palestinarrak agian ez ditugu gustuko, haiek gu ere ez, baina errealitatea dira». Jarrera aktiboa nahi du, haren ustez palestinarrek ez dutelako euren kontra borrokatzeko beharrik: «Kafe bat egin dezakete, zigarro bat piztu, eta hamabi urte itxaron estatu sionista barrutik desegin arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.