ESKOZIAKO ERREFERENDUMA: ONDORENA

Zer dator ezezkoaren ondoren?

Baiezkoak irabazi izan balu adina galdera eragin ditzake Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzeak.

Ed Miliband, Nick Clegg eta David Cameron. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
jon olano
2014ko irailaren 19a
09:50
Entzun

Independentziari buruzko erreferenduma galdu arren, orain artekoa baino autonomia maila zabalagoa izango du aurrerantzean Eskoziak. Erreferenduma egitea onartu zuenean, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren  helburua izan zen erdibideko proposamena, devo-max zelakoa, baztertzea. Orain, ordea, tankera horretako aukera bat jarri du mahai gainean Eskoziak independentzia ez lehenesteko. Hala hitzeman zuen behintzat, zehaztasun handirik eman gabe. Ikusteko dago orain hitza betetzen duen. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak horixe eskatu dio, porrota aitortu osteko lehen agerraldian.

Zertan dautza aldaketa horiek? Zehaztasun gutxi eman zituzten David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, Nick Clegg Alderdi Liberal Demokratako buruak eta Ed Miliband Alderdi Laboristako buruak Daily Record egunkariak argitaratutako hitzarmenean. Kazeta horretan plazaratutako itunaren arabera, hiru buruzagiek adostu zuten Eskoziako Parlamentuari eskumen gehiago ematea, osasun zerbitzua babestea eta, gobernuan edozein dagoela ere, botere eskualdaketa hori errespetatzea.

Unionismoaren alde egin duten hiru alderdi nagusiek, Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak, Liberal Demokratak eta Laboristak, Eskoziako Parlamentuaren esku utzi nahi dituzte finantzei, ongizateari eta zergei buruzko eskumen gehiago.

Beste erreferendumik?

1979an egin zuten Eskozian autonomiari buruzko erreferenduma, eta 2014an egin dute independentziari buruzkoa. Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak argudiatu izan du independentziari buruzko erreferenduma belaunaldiro egin beharrekoa dela, bi zentzutan; batetik, ezezkoak irabazita, etorkizunean ateak zabalik uzten dizkiolako beste erreferendum bat egiteari. Bestetik, erreferenduma galdu eta datozen urteetan egiteko asmoa baztertuta, Quebecen sortutako egoera saihestu nahi du horrela. 1980an eta 1995ean egin zituzten han erreferendumak, eta bietan galtzaile izan zen sezesioaren aldeko joera.

Erresuma Batua, estatu federalerantz?

The Guardian egunkaria, asteazkenean: “Nola Eskoziak Erresuma Batu federal bateranzko bidea zuzendu dezakeen”. Nick Cleggek, bestalde, hitzeman zuen “baiezkoak nahiz ezezkoak irabazi saihetsezina izango den deszentralizazio mugimendu baten buruan” jarriko dela.

Bi adibide horiek adierazten dute Erresuma Batuan aldaketa sakonak egon daitezkeela, Eskozia haren parte izanik ere. Besteak beste, Eskoziaren esku botere gehiago uzteak eragin lezake Galesek, Kornuallesek edota Ipar Irlandak eskumen gehiago eskatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.