Baiezkoa ez da erabat baiezko, eta ezezkoa ez da erabat ezezko. Ñabarduraz beteta ikusten du Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma Michael Keatingek. Aberdeeneko Unibertsitateko katedraduna da Keating (Eskozia), eta baita Eskoziako Konstituzio Aldaketarako Zentroko buru eta Europako estaturik gabeko nazioei buruzko aditu nagusietariko bat ere. Eta Bilbon izan zen atzo Eskoziari buruzko hitzaldia ematen, Agirre Lehendakari Centerrek gonbidatuta. «Eskoziako erreferendumaren klabe nagusia ez da identitateari buruzkoa, soziala eta ekonomikoa baizik». Keatingen hitzetan, hor dago eztabaidaren funtsa. Eta hor ñabardurak.
Keatingen hitzetan, izan ere, SNP Eskoziako alderdi nagusiak proposatzen duen independentzia ez da independentzia klasiko bat. «Ez da erabateko independentzia». Eta azaldu du zergatik. Irailean egingo den bozketan baiezkoak irabaziz gero, mantendu egin nahi dituzte Erresuma Batuko erregina, libera esterlina, eta Europako Batasunarekiko lotura, Keatingek azaldu duenez. Eta horregatik ez litzateke erabat baiezkoa izango baiezkoa. Ez zentzu klasikoan. Baina ezezkoak irabaziko balu ere autonomia maila altuago baten gosea dagoela uste du Keatingek. Inkesten arabera, hori da eskoziar gehienek nahi dutena. Eta, hain zuzen, hori da Erresuma Batuak independentziari buruzko erreferenduma onartuta, eztabaidatik baztertu nahi izan duena. «Unionismoak errazago onartu du beti independentzia autonomia baino». Baina, adituaren ustez, eskari hori ere egon daiteke ezezkoaren atzean.
Independentziaren aldekoek irabaziz gero ere Eskoziak ez lukeela zertan Europako Batasunetik kanpo gelditu ere argudiatu du, irmo. Eta eskoziar independentistak 90eko urteetatik orain arte biztanleriaren %30aren bueltan izan direla ere gogorarazi du; baita iraileko bozketarako hipotesia egin ere: «Segurtasunik gehien emateko gai denak irabaziko du erreferenduma».
Zer esango duen Eskoziak, baietz esaten badu
Irailaren 18an egingo duten erreferendumaz hitzaldia eman du Michael Keating irakasleak Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu