GERRA UKRAINAN

Zerealak esportatzeko ituneko ikuskatzeak hasi dituzte berriro

Errusiak eta Ukrainak elkarri egotzi diote azken bi egunetako blokeoaren erantzukizuna. Bulgariak betoa ezarri die Ukrainatik inportatutako laboreei.

Itsasontzi bat laborez betetzen Odesako portuan (Ukraina), joan den otsailean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 19a
14:04
Entzun

Bi egunez etenda egon ondoren, berriro hasi dituzte Itsaso Beltzetik barrena zerealak esportatzeko akordioaren ikuskatzeak. Iazko uztailean sinatu zuten ituna Ukrainak eta Errusiak, NBE Nazio Batuen Erakundeak babestuta eta Turkiaren bitartekaritzarekin, eta Kievek eta Moskuk baieztatu dute, azken horrek NBE aipatuta, ikuskatzaileak ontzietara sartu direla atzera. Joan den astean ere eten bat gertatu zen ikuskatzeetan, eta Ukrainako Gobernuak esan zuen, orduan, ituna arriskuan zegoela. Aurreko azaroan lau hilabetez luzatu zuten, eta martxoren 18an beste bi hilabetez. Finean, inbasioaren ondorioz zerealen irteerari ezarritako blokeoa kentzea du asmo.

Ikuskatzeak Istanbulen egiten dituzte, NBEk han duen koordinazio zentro batean, eta Errusiako, Ukrainako, Turkiako eta NBEko teknikariak arduratzen dira horietaz. Errusiak egotzi dio Ukrainari horiek zaildu nahi izatea. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramailearen arabera, Kieven teknikariak ontzien jabeak «erosten» ari dira, eta NBE ez da «ezer» egiten ari hori eragozteko. «Eta dena, etekin komertzialak maximizatzeagatik», adierazi du ohar batean, Errusiako RIA berri agentziak kaleratu duenez. Dena den, ez du frogarik erakutsi. Ukrainako lehen ministrorde Oleksandr Kubrakovek, bestalde, Errusia egin du azken egunotan gertatutakoaren erantzule. Facebooken kaleratu duen mezu batean adierazi duenez, ikuskatzeak oztopatzen aritu dira Errusiako funtzionarioak; dena den, hark ere ez du frogarik erakutsi.

Kubrakov Turkiara joan da, itunaren funtzionamendua gainbegiratzeko elkarrizketetan parte hartzera. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov aste honetan da horri buruz hitz egitekoa NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresekin. Kremlinek uste du akordioa ez dela bete-betean funtzionatzen ari, iruditzen baitzaio bere nekazaritza produktuen esportazioei ezarritako oztopoak mantentzen direla. Mendebaldearen zigorrek ez diete produktu horiei eragiten, baina kexu da, iritzita zigor horiek zailtzen dutela garraioaren segurtatzea, finantzaketa eta kontratazioa, besteak beste.

Bestalde, eta laboreen esportazioarekin lotuta, Bulgariako Gobernuak jakinarazi du behin-behinean betoa jarri diela Ukrainatik inportatutako laboreei. Beraz, Eslovakiak eta Hungariak bezala jokatu du. Poloniak ere blokeoa ezartzea erabaki zuen aurreko larunbatean, baina atzo iluntzean iragarri zuen zerealak Poloniatik garraiatzeko «mekanismo bat» ezarriko dutela eta, modu horretan, horiek ez direla herrialdean geratuko. Kontuan hartu behar da Afrikara eta Ekialde Hurbilera egiten duten bidean EB Europako Batasunak behin-behinean muga zergak kendu zizkiela iazko uztailean Bruselak produktu horiei. Ukrainatik gertu dauden herrialdeetan pilatu dira, eta herrialde horietako laborarienak baino nabarmen merkeagoak dira. Laborari horiek protesta egin dute.

Lularen gaitzespena

Bruselak hartutako erabakiak kalte gehien eragin dien herrialdeetako ordezkariekin hitz egitekoa da, gaur, Valdis Dombrovskis Europako Batzordearen Komertzio komisarioa. Kievek ere jakinarazi du alde guztiekin negoziatzen ari dela. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan die Poloniari, Eslovakiari, Bulgariari, Hungariari eta Errumaniari «ikuspegi europarra» izan dezatela «erronkari» erantzuteko. Brusela aztertzen ari da herrialde horietako nekazariei, konpentsazio gisa, 100 milioi euro ematea.

Eta gerrarekin loturiko jardun diplomatikoari dagokionez, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak Errusia inbasioan egiten ari den Ukrainako lurralde batasunaren «urratzea» gaitzetsi zuen, atzo, Errumaniako presidente Klaus Iohannisekin izandako bilera batean. Brasilgo presidentea kritikatua izan da azken egunotan, joan den larunbatean iradoki zuelako Mendebaldea ari dela gerra elikatzen, armak ematen ari zaiolako Ukrainari. Etxe Zuriko bozeramaile batek «ez-neutrala» izatea egotzi zion, atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.