«Hautagaitza transbertsal bat» nahi du ANC Kataluniako Bitzar Nazionalak. A-9aren ondorengo bide orria plazaratu zuen atzo herri mugimenduak Carme Forcadell presidenteak eta Jaume Marfany presidenteordeak irakurritako ohar baten bidez. Epeei buruz mintzatu dira plataformako buruzagiak. «Lehenbailehen» nahi dituzte hauteskundeak, 2015eko udaberria baino lehen Kataluniako Parlamentu berria eratua izan dadin. Horretarako, bozak otsailean egitea proposatu dute. Helburua erdiesteko, batasunerako deia egin du ANCk; indar politiko eta sozialei eskatu die prozesua babesteko eta azkar baino lehen elkarlanerako prestatzeko.
Cornellako adierazpen gisa ezagutarazi dute bide orria. Jarraian, Forcadellek adierazi du alderdi subiranistak prest ikusten dituela denbora gutxian ados jartzeko. Ez du baztertu zerrenda bakar horren buru aurkeztea, baina aurretik «taldekako lana» egin behar delakoan dago. «Zer eta nola egin erabaki behar dugu lehenik. Ondoren etorriko da noiz, eta, azkenik, erabakiko dugu zein». Bozak otsailera aurreratzeak agenda politikoa estutzea ekarriko luke, gutxienez 40 egun lehenago iragarri behar baitira ofizialki.
Alderdien arteko borrokak alde batera utzi, eta puntu komunetan indarra jartzeko deia egin du Forcadellek. Izan ere, borroka horien ondorioz boto-emaileen zati bat gogait daitekeen beldur da mugimendua. Horrez gain, nazioarteko erakundeek emaitzak argi ez interpretatzeko arriskua egongo litzateke.
Kataluniaren gehiengo sozialaren nahia bermatzeko, «mandatu demokratiko argi eta behin betikoa» lortzeko hauteskunde autonomiko plebiszitarioetara deitu behar delakoan dago ANC. A-9ko emaitzak baieztatzeko modu bakartzat ditu. Horregatik, «era argi eta nahasezinean» interpretatu beharko lirateke boz horien emaitzak. Alde horretatik, Artur Mas Kataluniako presidentearen proposamena aurrerapausotzat jo du herri mugimenduak, batasun politiko eta sozial bat sortzeko hautagaitza bakarraproposatzen duelako. Forcadellen esanetan, independentzia ahalik eta lasterrena lortzeko helburua izan beharko luke batasun horrek.
Zerrenda bakar horretan, subiranismoaren ikuspegi eta sentsibilitate guztiak bildu nahi ditu ANCk. Masen bide orria «abiapuntu» egokia iruditzen zaion arren, plataformak badaki Generalitateko presidentearen eta ERCren artean desadostasunak egon daitezkeela. ERCk asteartean jakinaraziko du hartuko duen jarrera. CUPek eta ICV-EUiAk dagoeneko esan dute zerrenda bakarrera batzeko asmorik ez dutela. Alderdien arteko desberdintasun horiek leuntzea izango da ANCren erronka. Erakundeak hitzeman du pluraltasun ezaugarri horiek bilduko dituen hautagaitza osatzeko «buru-belarri» lan egingo duela.
Forcadellen arabera, estatuaren egiturak sortu behar lituzkete hauteskunde horietatik aterako diren parlamentuak eta gobernuak, «erregenerazio politikoa eta demokratikoa, eta justizia soziala bermatzeko». Horrek independentziaren onurak erakutsiko lituzke. Izan ere, ANCk ezinbestekotzat du gehiengo soziala zabaltzea eta gizarte kohesioari eustea.
Itzulbiderik gabe
Azaroaren 9an eginiko parte hartze prozesuaren inguruko balorazioa ere egin du Forcadellek. «Itzulbiderik gabeko puntua da. Aurreko mobilizazioen parte hartze kopurua gainditu du». Forcadellen hitzetan, gobernuaren jarrera «intrantsigentea» izan da,eta auzitegiak era alderdikoian baliatu ditu, «iraganeko erregimenen antzera». Halere, Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin hitz egitearen alde agertu da. «Asko dago gobernuarekin hitz egiteko, baina sezesioaren inguruan».
Bada, Kataluniara bildu da Rajoy bisita ofizialean, lehenengoa A-9tik. Masen aurka gogor egin du Bartzelonan emandako hitzaldian, bost ministrok eta beste erkidegoetako PPko buruzagiek babestuta. Kataluniako presidenteari ohartarazi dio ez dituela haren «amets zoroak» onartuko. «Hitz egiteko prest nago, baina ez dut onartuko Espainiako batasuna arriskuan jartzea».
A-9ari buruz ere mintzatu da. Haren ustetan, «berme demokratikorik gabeko iruzurra» izan da. Masek huts egin zuelakoan dago Espainiako presidentea. «Ez du lortu Katalunian gehiengoak independentziaren aldekoak direla erakustea».
Horrez gain, Masi leporatu dio kataluniarren arteko banaketa sustatzea herrialdeak bizi duen krisi ekonomikoa estaltzeko. Horren harira, Rajoyk gogorarazi du gobernu zentralak Katalunia laguntzeko hainbat finantza neurri hartu dituela.
Joana Ortega Kataluniako presidenteordeak Rajoyren jarrera gaitzetsi du. Haren esanetan, Espainiako presidentearen mezua hutsala da. «Pena da. Ez da entzutera etorri. Mitin bat egitera etorri da, baina ez du ezer proposatu. Demokrazia erakustaldi bat izan zen prozesuaren aurka besterik ez du egin».
Zerrenda bakarrari bultzada
Kataluniako ANCk «hautagaitza transbertsal bat» nahi du bozetarako.Otsailera nahi ditu aurreratu, 2015eko udaberria baino lehen parlamentu berria eratzeko.Masen proposamenari egoki deritzo

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu