Zerrenda bateraturako proposamena aurkeztu dute

Hautesle elkarte horrek minimoen programa bat izango du: 155. artikulua indargabetzea, preso politikoak askatzea, Kataluniako Gobernua berreskuratzea eta prozesu konstituziogilea abiatzea.

Gaurko aurkezpena, Bartzelonako Ateneoan. BERRIA
Oihana Elduaien Uranga.
2017ko azaroaren 10a
12:26
Entzun

Koalizioak aurkezteko epea amaituta, abenduaren 21eko hauteskundeetarako independentziaren aldekoen zerrenda bateratua osatzeko aukera bakarra dago: hautesle elkartea sortzea. Eta horretarako ahalegina egingo dute Kataluniako hainbat pertsona ezagunek. Gaur aurkeztu dute ekinbidea, Bartzelonako Ateneoan. Candidatura unitàra 1 d’octubre —Urriak 1 hautagaitza bateratua— izena jarri diote, eta Llistaunitaria.cat-en zein Republica.cat-en babesa dute. Francisco Dalmas Erreferendumaren Aldeko Ituneko koordinatzaileetako batek, Aurora Madaula historialariak, Pere Puges ANCren sortzaileetako batek eta Toni Morral Cerdanyolako alkate ohiak aurkeztu dute herri ekinbidea.

Gutxieneko batzuekin osatuko dute hauteskunde programa: 155. artikulua indargabetzea, urriaren 1eko erreferendumari balioa ematea, preso politikoak askatzea, auzia politikoak ixtea, Kataluniako Gobernua berreskuratzea eta prozesu konstituziogilea abiatzea. Horien inguruan independentziaren alde dauden alderdi guztiak batu nahi dituzte. Denak zerrenda bakarrean aurkezteko, eta abenduaren 21eko hauteskundeetan independentziaren aldeko jarrerak gehiengo argia lortzeko.

Zerrenda horren buru Espainiako Gobernuak kargutik kendutako gobernuburuak leudeke: Carles Puigdemont lehendakaria izango litzateke buru —atzerrian egonda ere—, eta preso dauden kontseilariak, Jordi Sanchez ANCko burua eta Jordi Cuixart Omniumekoa, zerrendaren aurreko postuetan joango lirateke. Zerrenda osatzen dutenak alkateak izatea proposatuko dute ekinbidearen bultzatzaileek.

Gaur aurkeztu dute proposamena, eta aurrena herritarrei eskatu diete laguntza: 55.000 lagunen sinadurak behar baitituzte zerrenda hori aurkeztu ahal izateko, eta sei egun dituze horretarako. Behin sinadurak izanda, alderdiengana joango dira, haiek hautesle zerrenda osa dezaten. Antolatzaileak baikor dira. "Jendeak sinatzen badu, ez genuke ulertuko alderdiak lehian hastea. Alderdi subiranistek beti egin dute gizarteak eskatu dietena", esan du Dalmasesek aurkezpenean.

Jordi Sanchez ANCko presideteak ekinbidea babestu du espetxetik. Hala ere, modu pertsonalean egin duela azpimarratu du ANCk, eta barne prozedura abiatu du ekimena babestu edo ez erabakitzeko.

Hautesle elkarteen mugak

Hautesle elkarte moduan aurkezteak, baina, hainbat muga dakartza hauteskunde kanpainarako. Kalean egin beharko lukete kanpaina, batik bat. Doako telebista tarterik ez dute izaten, eta komunikabide publikoetako hauteskunde eztabaidetan ezin dute parte hartu. Gainera, diru laguntzarik ere ez dute jasotzen kanpaina egiteko. Hori guztia hala zehaztuta dator arautegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.