GAZAKO EGUNEROKOA (ETA 29)

«Zerua garretan, horixe zirudien»

GAZA. PALESTINA.
Ke beltzeko lainoak Gaza iparraldetik ateratzen, azaroaren 15ean. ATEF SAFADI / EFE
2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Azaroak 15, asteazkena

Berrogei egun jadanik. Inork ez zuen espero hainbeste irautea. Epe berezia da berrogeialdia islamean, esanahi handikoa. Norbait hiltzen denean, berrogei eguneko dolua egitea izaten da ohitura. Kontua da, ordea, ez gintuztela hil orain dela berrogei egun: hemen gaude oraindik.

Atzo arratsaldean, israeldarren F16 hegazkinek halako izpi batzuk igorri zituzten esparru aldera, eta zeru guztian argi egin. Ordubetean, gaueko zeruak egunekoaren antza hartu zuen. Bost eta erdiak aldera izan zen. Ilundu berri zuen, eta, itxuraz, lasai zegoen dena. Mohammed eta biok aitaren etxerako bidean gindoazela, bi argi izpi ikusi nituen bat-batean, bide estu horren bukaera aldetik iritsiak. Pentsatu nuen tanke bat izango zela, edo nigana zetorren kamioi baten argiak. Pixka bat itsutzen zaituzten argi horietako bat. Orduan, bat-batean, argitasuna zabaldu zen bazter guztietan. Gora begiratu nuen. Zerua garretan, horixe zirudien. Auzo guztia hartu zuen egun-argi faltsu batek. Handik gutxira, parte batzuk baino ez zeuden argiztatuta. Gainerakoak, ilunpetan. Ezin ezertxo ere ikusi, beraz, ilunpeko partean tokatuz gero. Argia droneetatik zetorren, hobeto ikusteko modua ematen ari zitzaizkien-eta soldaduei. Badira hogei urte Israelek goi teknologia darabilela Gazan zelata egiteko. Gailu mota guztiak erabilita zelatatzen dute Gazako txoko bakoitza: optikoak, infragorriak, irratia, diren guztiak. Zelatatze zundak atzera eta aurrera ibiltzen dira mugako harresien gainean. Kable batzuetatik zintzilikatzen dituzte kamerak, eta, haien bidez, tarteko eremuei erreparatzen diete muga guztietan. Gerraontziak begira daude han urrutian, eta, garrantzitsuagoa dena, dozenaka eta dozenaka drone patruilan dabiltza zeruan, gau eta egun. Norbaitek pentsa lezake okupazio digital hori ez dela hain inbaditzailea. Kontua da, ordea, israeldarren armada mugaz harantzago egonda ere, haren espiatze zerbitzua zerrendan sartua dela barren-barreneraino. Palestinarrek, berriz, ez daukate ezer ere: ez aireko armada (lurreratze pistarik ere ez dugu), ez itsas armada, ez goi teknologiako tresnarik. Ez digute uzten halako ezer edukitzen. Beraz, galdetu beharra dago: gerra zenbateraino izan liteke asimetrikoa, gerra izateari utzi gabe? Hau sarraski hutsa da.

Amore eman nuen: ez neukan aitarekin hitz egiteko modurik. Mohammedek esan zigun argi horiek, akaso, F16 abioiei edo tankeei laguntzeko izango zirela, jomugak hobeto ikus zitzaten. «Barruan geratzea seguruagoa izango da», ondorio hori atera zuen. Farajen etxeko leihotik, droneak kontatu nahian ibili nintzen, haien argitan.

Atzo bertan, ilundu baino lehentxeago, F16 hegazkinek eraso egin zieten bi landetxeri (bata Al-Madhoun familiarena, bestea Mahdi familiarena), Mohannad's izeneko xawarma jatetxearen ondoan. Bi etxeak txiki-txiki eginda daude, eta inguruak, kaltetuta. Eraikin askotan, hormarik ez. Hondakin pila handi horren gainean nenbilen beste gizon batzuekin, fatxadako hormak galdutako apartamentu bloke batzuen erdian, eta une batez iruditu zitzaidan antzerkiko aktore baten parekoa nintzela, antzokiko balkoi eta palko pribatuetako ikusleen txaloak entzuten ari nintzela. Apartamentu blokeak begira ari zitzaizkigun, oso modu bitxian.

«Gailu mota guztiak erabilita zelatatzen dute Gazako txoko bakoitza: optikoak, infragorriak, irratia, diren guztiak»

Defentsa zibileko taldea jo eta su ari zen neska nerabe bat handik atera nahian. Neska ikusteko modua izan nuen. Lo zegoela zirudien. Seguru asko, lotan harrapatuko zuen erasoak. Txandal gorri bat zuen. Gorputza, luze-luze eginda. Ezkerreko eskua bularrean zetzan. Maitagarrien ipuin bateko pertsonaia ematen zuen: loti ederra. Hormigoizko sabaia gainean erori, eta mugitu ezinik utzi zuen ohean. Salbamendu taldekoak hondakinak kendu eta kendu ari ziren, neska handik atera nahian. Kontu ezin handiagoz ari ziren, lozorrotik esnatu nahiko ez balute bezala. Berrogei egun horrela pasatu eta gero, bati buruan dabilkio mundua zergatik erotu den hainbeste, zergatik ez den gai esateko nahikoa dela, nahikoa, uzteko behingoz. Ezin ditu hitzok esan ere egin; badirudi hitzei beldur handiagoa diela ni hemen, zementuzko haurlauza baten azpian, ikusten ari naizen honi baino.

Joan Gazako egunerokoa-ren hasierara

Atzo gauean, israeldarrak Al-Xifa ospitalean sartu ziren, eta oraindik ere hor ari dira, operazio militarrean. Barruan ez dago ez argindarrik, ez botikarik; haurrak anestesiarik munduratzen dituzte, eta ez dago inkubagailurik, ez bero iturririk. Erietxean babestu zirenetako asko hilik daude, eta beste asko, zauriturik. Ospitale batean zauritu! Astebete bada ospitaleak zilegizko jomugak direla, gerra eremu bihurtuak, gudu zelai, eta nazioartekoak murmurio bat baino ez du egin. Suntsipen handiko armak edukitzea leporatzen diete soldaduek pazienteei, eta zauriak berriz ireki ere egin diete batzuei, ikusteko zer ezkutatzen duten hor. Zerrenda guztian jarri dute martxan ospitaleen kontrako estrategia. Oraintsu, Rantisi ospitalea inbaditu dute israeldarrek, hiriko Nasser auzoan. Luze gabe, Al-Awda erietxea ere hartuko dute. Geratuko den bakarra Indonesia ospitalea izango da. Mohammed gogoetan ibili da: «Ez da askorik falta. Hiriaren erdia baino gehiago hartua daukate».

Gaur goizean, aitaginarrebaren etxera bueltan ginela, hurbileko eraikin bati eraso diote. Dawas okindegitik gertu nenbilen. Kaleaz bestaldetik, ikusi dut medikuak ahaleginetan ari zirela gizon zahar bat eta haren bilobak ziruditen haur batzuk suspertzeko. Azkenean, ohatilan eraman dituzte, aurpegia estalita. Medikuekin jardun duen emakume bat negarrez aritu da laguntzen zuen bitartean, familia guztia galdu berri zuela ezin eramanda. Batzuetan, harlauzak altxatu nahian ibili da; bestetzuetan, biziari deika, hilotzei begira.

Gaur dena da goibela, baita zeru lainotua ere. Eguzkia ezkutatu da, eta jendeak hurrengo erasoaren zain pasatuko du egun guztia. Non izango ote da? Nor akabatuko dute hurrena? Nor aterako da bizirik? Galdera horiek eramanezin bihurtzen dute bizimodua.

«Berrogei egun horrela pasatu eta gero, bati buruan dabilkio mundua zergatik erotu den hainbeste, zergatik ez den gai esateko nahikoa dela, nahikoa, uzteko behingoz»

Euria hasi du berriz. Hautsez eta hondarrez beteta dago euria, hori guztia airean baitzegoen azken asteotan, kutsadura iturri. «Eguratsa garbitzeko txarra ez», esan dut. «Baina desplazatuen bizimodua infernu hutsa izango da euritan», erantzun dit Mohammedek. Lagun batek mezu bat bidali dit telefonoz, haren familia iritsia dela hegoaldera, baina aita eta anaia atxilotu dizkiotela israeldarrek. Negarrez ari den emotikono bat erantsi du bukaeran. Ordubete geroago, beste mezu bat bidali dit, esanez aita askatu dutela baina anaia ez. Ezaguna dut anaia, kazetari gazte bat baita. Prentsaren eraikinean ikusi ohi nuen, eta Al-Xifan ere bai. Hemendik lau kilometrora, israeldarrek kontrolgune bat jarri dute zubian, iparraldea eta hegoaldea bereizten dituena. Hara eramaten dituzten gizon gehienak atxilotu egiten dituzte azkenean.

Israeldarrei kasu eginez hegoaldera ihes egin dutenetako asko kexu dira bidaiaz, kontrolguneetako jazarpenaz, beste aldeko bizimodu latzaz. Gaur goizean, Mohammeden lagun batek telefonoz esan dio hanka sartzea izan dela alde egitea. «Denetik eman digute, baina urik ez. Tomatea dugu, patata, gauza asko, baina urik ez. Ez baitago».

Eztandek ez dute etenik. Esparruko hiru eraikinetik bat txikituta dago. Haietako asko kale estu-estuetan zeuden, eta horrek ikaragarri zailtzen du hondakinak kendu eta jendea salbatzeko lana. Autoak ezin dira hurbildu ere egin. Errepiderik garrantzitsuenak blokeatzen dituzten eraikinak bota ezean, ez dago kale haietara iristerik. Bukatu eta geroko lantegia zaila baino zailagoa izango da halako inguruetako biztanleentzat. Eraiki ahal izateko, suntsitu egin beharko dugu. Dena dela, hori tokitan dago oraindik. Buruan oraina baizik ezin dugu izan. Bonbardaketaren bukaera egiazko bukaera bat izango da? Berrogei egun pasatu ditugu zain, film surrealista honen amaierako kredituak noiz ikusiko, baina sekuela bat etorriko da gero, eta telesail bat geroago.

 

Urriaren 7tik azaroaren 15era bitartean, Israelen erasoaren lehen 40 egunak eguneroko batean jaso ditu Atef Abu Saif Palestinako Aginte Nazionaleko kultura ministro eta idazleak, eta egunez egun argitaratu dira BERRIAn. Hau da serie horren azken pieza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.