Ekialde Hurbila. Gazaren aurkako erasoa

Zerua infernu

Su-etena lortzeko negoziazioak egin bitartean, Gazaren kontrako eraso militarrak familia osoak deuseztatu ditu. Palestinarrek duintasunez aldarrikatu dute euren bizitzeko eskubidea.

Ane irazabal
Gaza
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Akram izeneko dendari batek xehetasun osoz azaldu du bere etxearen inguruan eztanda egin duen misilak utzitako zuloa. Urez beteta dago, baina inguruko autoak eta errepidea zeharo hondatu ditu. Akramen etxea 50 metrora dago, Gaza Hiriko itsasaldean. Lorik hartu ezinik pasatu ditu Akramek azken gauak: «Janarien denda txiki bat dut eraikinaren izkinan, baina itxita izan dugu astebetez».

Akramen familiaren antzeko milaka istorio aurki daitezke Gazan. Palestinarrekin hitz egin besterik ez dago. Iragan astean Israelek Ahmed Jabari Hamaseko buruzagi militarra hil zuenetik, infernu batean bizi izan diramilaka herritar. Tel Avivek «Hamasen azpiegitura eta sare guztien kontrako operazio» gisa azaldu erasoak familia osoak deuseztatu ditu.

Gazako biztanleek ez diote ahalegin diplomatikoari jaramonik egiten. Mohamed Mursi, Hillary Clinton edo Ban Ki-moon, berdin zaie. Analisi edo iragarpen politikoetatik harago, eztandak entzuteari utzi nahi diote herritarrek.

Kalean, azken bonbardaketen inguruko zurrumurruak dira nagusi. Eraso militarraren zortzigarren egunak hamahiru hildako utzi ditu, izan ere. «Astebete igaro da, nahikoa dugu», adierazi du Um Khaled izeneko emakume batek. Inguruko meskitan, iragan gauean hildako gizonezko baten hileta egin dute. Zaki Gada, bere autoa gidatzen ari zen bonba batek jo zuenean. Ehunka gizonezkok Zakiren gorpua hilerrira eraman bitartean, urrundik entzuten dira ondoko eraikinean salbu gorde nahian ezkutatu diren emakumeen tristura oihuak.

Umeek, berriz, kalean jolasten jarraitzen dute. Haur izateari uko egin gabe, irribarrea aurpegian agurtzen dituzte kazetariak. Asko dira, ordea, eraso militarraren ondorioz traumaren ondoko estresa nozitzen ari direnak.

Larrialdi egoera

Gazan hamabi ospitale publiko daude, baina azken astean Al-Xifa ospitalak erakutsi du gatazkaren aurpegi krudelena. Medhat Abbas da hango zuzendaria. «Aurrez antolatutako ebakuntzak geratu behar izan ditugu, eta orain larrialdiei bakarrik erantzuteko gai gara. Egiptoko Sinai penintsulako Arish ospitalera eraman behar izan ditugu dagoeneko 28 zauritu». Abbasek dio egoera okerrenari aurre egiteko prest daudela, «prest egoterik badago». Halere, ez du ezkutatzen Israelek legez kanpoko armak erabiliko dituen beldur dela. Fosforo zuria da inork aipatu nahi ez duen hitza. Tartean, anbulantziak uneoro iristen dira, eta, ospitaleko medikuez gain, kazetariz josita dago ospitala.

«Larrialdi egoera okertu egin da azken egunetan. Gasolina amaitzen ari zaigu, eta 15 eguneko autonomia bakarrik daukagu argindar sorgailua erabiltzen hasi baino lehenago», nabarmendu du Abbasek.

Barruan, laugarren solairuan, azken egunetan zauritutako palestinarrak ospitaleratu dituzte. Ilaran pilatutako ohe guztien artean Abu Salha familiako hiru anaia-arreba daude. Israelek aldarrikatzen dituen «bonbardaketa kirurgikoen» biktimak dira. Duela hiru egun, haien etxea jo zuen bonba batek. «Hauek al dira terroristak?», nabarmendu du Norvegiatik iritsi berria den Gilbert Mads medikuak. Duela lau urte ere, Berun Urtua operazio garaian, Al-Xifa ospitalean izan zen gazatarrei laguntza eskaintzen: «Amets gaiztoa berriz ere bizitzen ari garela dirudi».

Madsek argi du zeintzuk diren Israelen erasoaren biktimarik ahulenak: «Zaurituen erdia emakumeak eta umeak dira; hildakoen erdiak ere, beraz,haurrak eta emakumeak dira». Gazako egoera demografikoa erakusten dute estatistikek: «1,7 milioi biztanle ditu eremuak, eta horien erdiak 18 urtetik beherakoak dira».

Ziurgabetasun osoa

Gazako lurra geratu gabe kolpatzen duten misilez gain, Israelek ere milaka panfleto bora ditu zerutik, abisu gisa. Zenbait eremutako hiritarrei haien etxeak uzteko abisua eman diete, eta UNRWA Nazio Batuen Erakundeko Palestinar Iheslarientzako Agentziako hiru eskoletan 3.000 palestinarrek baino gehiagok babesa eskatu dute. Gaza hiriko erdigunean eta iparraldeko eremuetan bizi diren palestinarrek tokiz aldatu behar izan dute azken egunetan.

UNRWAko eskoletan laguntza eskaintzen ari da Judita Bratini ekintzaile italiarra. «Gerra hitza ez zait gustatzen. Hemen ez daude bi armada elkar joka. 2007tik blokeopean den populazio batek munduko armada indartsuenetarikoa du aurrez aurre», salatu du. Babes etxe bihurtu zaien eskolan nola edo hala pilatuta moldatzen diren familietako kideei begiratu, eta beldurra sumatzen zaie. Ezin babestu eta ezin neurririk hartu. «Etxea utzi behar genuela esan ziguten, eta orain guztiz suntsituta dagoela dakigu. Nora itzuliko gara?», nabarmendu du Noura izeneko emakume batek.

Arratsaldean, eguzkia ezkutatutakoan, bonbardaketek ez dute etenik. Iragan astetik gauak gogorrak izan dira erasoen kopuruaren eta gogortasunaren ondorioz. Alta, herritar askok, kalean xixa erretzen egiten diete aurre Israelgo misilei. «Eguneroko bizimoduari eustea da, agian, palestinarren garaipenik handiena», dio Madsek. Iluntasunaren babesean, baina, begiak zeruan dituzte guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.