Borena eskualdeko zelaiei esker bizi dira Etiopia hegoaldeko abeltzain komunitate asko. Urteetan, Afrika ekialdeko lurzoru txiroak eskaintzen dituen baliabide urriak aprobetxatuz egin dute aurre, tokian tokiko euriteek behiek bizitzeko behar duten belarra sortu duten heinean. Euren iraupenaren sinonimoa da euria, hori gabe ezin baitute aurrera egin. Baina baldintza klimatikoak txiroak diren arren, Borenako abeltzainek mendeetan aurre egin dute.
Egoera hori guztiz aldatu da azken hilabeteetan. Afrikako ipar-mendebaldeak azken hamarkadetan izandako lehorte handienaren eraginez, eskualdeko abeltzain askok euren behiak gaixotzen ikusi dituzte, eta apurka herrialdeko esne produkzioa galduz joan da. Borenako autoritateek hildako 220.000 behi zenbatu dituzte dagoeneko. Baina ez da kasu bakarra: Oromia eta Ahmarako eskualdeetan belg izeneko leken uztak desagertu dira, eta ezinezkoa da ura eta janaria lortzea. Ondorioz, komunitateen arteko liskarrak ugarituz joan dira.
60 urtetan izandako lehorterik handienaren ondorioz, egoera berean daude Afrikako Adarra izeneko eremuko komunitate asko, eta azken hilabeteetan, izurriteak, ur eskasiak eta muturreko goseteak gora baino ez du egin izatez bereziki txiroa den eremu batean. Lehorteak Etiopia, Kenya, Somalia, Uganda eta Djibutin bizi diren hamar milioi pertsonei eragin die, FAO Nazio Batuen Erakundeko Elikadura eta Nekazaritzarako organismoak plazaratutako datuen arabera. Hala adierazi du erakundeko kide denElisabeth Byrsek prentsaurrekoan, eta azaldu du egoera larri honek egungo munduko elikagai-krisi handienari ateak zabaldu dizkiola. Dagoeneko eskualdea «gosete larri baten aurrean» dago, Byrsen hitzetan.
Giza hondamendia
Egoera larri horretan aurkitzen dira Kenyako 2,4 milioi artzain eta nekazari. Etiopian, lehorteak bi euri sasoi desagerrarazi ditu eta ekainerako 11,4 milioi kaltetutik 3,2 milioi berehalako laguntzaren premian zeudela adierazi du FAOk. Somalian, munduko gosete tasarik altuenetakoa duen herrialdean, 2,6 milioi biztanle egoera larrian aurkitzen dira eta premiazko laguntza behar dute aurrera egin nahi badute.
Bitartean, haurren hilkortasun tasak gora baino ez du egiten eta eremu kaltetuenetan, portzentajeak %30 baino gorakoa da. Berdin gertatzen da desplazatuen zifrekin: Somalian soilik 20.000 baino gehiago dira.
Baina zifrak beldurgarriak diren arren, lehortea aurreikusia zen. Iazko irailean Kenyako Meteorologia Departamenduak lehorte larri batek herrialdearen %80 izurrite egoeran utziko zuela iragarri zuen. Abisu horren aurrean Gobernuak ez zuen deus egin, «ez ohiko egoerak salatzeko» telefono zenbaki bat sortzea soilik. Ez dirudi oso erabaki eraginkorra, kaltetuen %50ak telefonoa ez duela kontuan izanda.
Euri gabeziak eta izurriteek zelaiak hustu dituzte, produkzio tasak jaitsiz eta galera ekonomiko handiak eraginez. Ondorioz, prezioek gora baino ez dute egin.
Somaliako merkatu batzuetan inoiz ikusi diren prezio altuenak eskatzen dituzte saltzaileek eta prezioak %120 eta %150 bitartean igo dira azken urtean.Kenyan, artoaren prezioa %60 eta %85 bitartean igo da, iazko datuekin alderatuz gero. Antzeko egoera bizi dute Etiopian, non iazko uzta bikainaren ondoren, artoaren prezioa %60 eta %120 bitartean igo da azken bi hilabeteetan.
Igoera hauen guztien eraginez herritarrek ezin dute ezer erosi, ez jan, ez edan, eta egoera horretan bizirauteko geratzen zaien aukera bakarra errefuxiatu guneetara jo edo zeruari begiratu eta mirariaren zain geratzea da.
Zerura begira, itxaropen eske
Afrikako Adarrean mende erdian izandako lehorterik larrienak izurrite egoeran utzi ditu hamar milioi lagun baino gehiago; FAOren arabera, egungo goseteak eskualdea gogor jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu