Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako nazioarteko koalizioaren sustatzaileetako batek, Frantziak, aitortu du zibilak hiltzeko arriskuak Libiako operazio militarra zaildu egin duela, eta horregatik aire erasoek ez dutela lortu diktadorearen indarren erasoaldia geldiaraztea. «Zibilen artean zehar kalterik ez egiteko agindua daukagu», azaldu du Alain Juppe Atzerri ministroak. «Horrek, ezinbertzean, operazioak egitea zailagoa bihurtu du». Erasoek Gaddafiren hegazkinen, helikopteroen eta kanoien kopuru «funtsezkoena» suntsitu duten arren, borroken egoerarekin ezkor agertu da Juppe. Egoera militarra «nahasgarria eta zalantzazkoa» dela dio, eta «trabatuta gelditzeko arriskua» duela ohartarazi du.
Libiako egoera aztertzeko, NATOko buru Anders Fogh Rasmussenekin elkartzekoa zen Juppe atzo. Bileraren aitzinetik, baina, aliantzako iturriek Frantziako Atzerri ministroaren hagitz bertzelako iritzia eman zuten gerraren egoeraren inguruan. Gatazka «trabatuta» gera daitekeela erabat ukatu du Carmen Romero bozeramaileak. NATOk atzo 200 hegaldi egiteko asmoa zuela azaldu du Romerok, eta azken sei egunetan mila egin dituela eta horietako 400etan hegazkinek eraso egin dutela jakinarazi du. Romeroren iritziz, horrek erakusten du egoera ez dagoela trabatuta.
Misratako egoera auzitan
Eztabaidagai nagusia Misrata hiriko egoerak sortu du. Gatazka lehertu zenetik, matxinoek kontrolatutako azken hiria da mendebaldean, eta Gaddafiren indarrek setiatua dute duela 40 egunetik. Matxinoak NATOren jardunarekin kexu agertu dira —zibilak hiltzen uztea leporatu dio haien militar buruak—, baina aliantzak zin egin die Misratan eraso gehiago eginen dituela. Juppek dio, ordea, Gaddafiren indarren taktika aldaketak zibilak arriskuan paratzen dituela, kamioiak eta gisako ibilgailuak erabiltzen hasi direnez hegazkinekin eraso egiteko helburu zailagoak direlako. NATOko militar buru Mark van Uhm haratago joan da, eta «giza ezkutuak» erabiltzea leporatu dio erregimenari. Frantziako armadaburu Edouard Guillardek, berriz, adierazi du NATOren operazioen «geldotasuna etsigarria» dela, baina zibilak babesteko haiek «hurbilean ez dauden lekuetan» tiro egin beharra dela.
NATOko bozeramaile Romerok, baina, Misrata aliantzaren «lehentasuna» dela berretsi nahi izan du, eta azken egunetan hiriaren inguruan tankeak bonbardatu dituztela jakinarazi du. Misratako mediku iturriek iragan astean jakinarazi zuten otsailaren 17az geroztik 200 lagun inguru hil direla han erregimenaren erasoetan. Azken egunotan hildako gehiagoren berri eman dute, baina azken kopurua zein den ez dago argi, setioaren eraginez.
Era berean, setioak elikagaien, botiken eta bertzelako bizigaien eskasi larria sortu du, ospitaletako iturrien arabera. Hain zuzen, Frantziako Defentsa ministro Gerard Longuetek adierazi du matxinoek hemendik aitzinera Misratako blokeoa gainditu ahal izanen dutela, itsasoz. «Tobruk eta Bengaziko (ekialdean) trafikoa ireki dugu, eta orain ontziek Misratara hornigaiak eraman ahal izanen dituzte, koalizioak Gaddafiren itsasoko indarren eraso oro saihestuko duelako».
Ekialdean, Ajdabijara begira
Ekialdean, berriz, atzo borrokak baretu egin ziren, herenegun Gaddafiren indarrek Brega hartu eta Ajdabija hirirantz jo ondotik. Al Jazeerak dioenez, matxinoak Ajdabija babesteko berrantolatu egin dira, eta arma hornigai gehiago jaso dituzte. Bengazira bidean dagoen azken hiri handia da Ajdabija. NATOko bozeramaile Romerok jakinarazi duenez, aliantzako hegazkinek erregimenaren erretagoardia bonbardatu dute Ras Lanufen eta Bregan.
AEBetan, berriz, Kongresuko kideek ohartarazi dute Libian gerra «mugagabea» bihurtzeak kostu handiegia izan dezakeela Washingtonentzat. John Kerry senatari demokrataren ustez «zigor gogorrak» eta «presio diplomatiko erasokorra» erabili behar dira Gaddafi boteretik kentzeko.
Protestak herrialde arabiarretan
Zibilak hiltzeko arriskuak Libiako operazioa zaildu duela dio Frantziak
Alain Juppe Atzerri ministroaren arabera, borroken egoerak «trabatuta gelditzeko arriskua» du, baina NATOk ukatu egin du horiNATOko militar buru batek esan du Gaddafik «giza ezkutuak» erabili dituela Misratan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu